Koronabirusa

Asuncion Klinikak ohiko jarduerari ekin dio berriro

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 23a, 11:59

Itzulera segurtasun osoz egin dadin, zirkuituak eta protokoloak aldatu dira, eta zentrora sartzeko arauak eta gomendioak ezarri dira. Tolosaldeko biztanleen osasun-beharrei erantzun nahi diete, ez egiteak pronostikoak okertu, pazienteei kalteak eragin eta patologiak zaildu ditzakeelako. 

Asuncion Klinikan ere hasi dira normalitate berrira egokitzen, pandemiak etendako jarduera berreskuratuz. Asistentzia normalizazioari ekiteko, test immunologikoak egin zaizkie  klinikako langile guztiei, eta egoera berri horren aurrean nola jokatu jakinarazi zaie. Osasun-langileak dagozkien lanpostuetan birkokatu dira. Era berean, pazientearen eta osasun-langileen segurtasuna bermatzen duten zirkuituak eta denborak aurrez definitu dira.

Kanpoko kontsultetarako sarbide berria

Kanpoko kontsultetarako sarrerako zirkuitu fisikoa aldatu eta behar bezala seinaleztatu da: zuzenean kontsulta-solairuan kokatu dira sarrera eta irteera, alboko sarrera zaharretik. Mugikortasun urriko pertsonak orain arte bezala sartuko dira klinikako ate nagusitik.

Kontsulta horietara aurrez aurre joan ahal izango da soilik lehen bisita eta berrikuspenetarako, betiere langile fakultatiboek zehaztutako irizpidearen arabera, ordu erdiko tartearekin. Gainerako kontsultak telefonoz edo bideokonferentziaz egingo dira. "Sistema horrek pazientearekiko eta haren inguruarekiko hurbiltasuna modu eraginkorrean eta oso erabakigarrian mantentzeko aukera ematen duela frogatu da", diote klinikatik.

Zentrora joaten diren pazienteek arau batzuk bete beharko dituzte: puntualtasuna; lagunduta ez etortzea (18 urtetik beherakoak edo mendekoak izan ezik); klinikan sartzean eskuen garbiketa egitea; maskararekin joatea; eta distantzia soziala une oro mantentzea. Gainera, harrerako langileek tenperatura digitalki hartuko diete bai pazienteei, baita haien laguntzaileei ere.

Kanpoko kontsulten eta proba diagnostikoen eremu guztietan, garbiketa eta desinfekzio irizpideei eutsiko zaie, COVID-19aren aurka ezarritako protokoloen arabera. Zentzu horretan, bulego eta harrera-gune guztiek dituzte gel hidroalkoholikoa banatzeko aparatuak.

Ospitaleratzea

Ospitaleratu beharra duten pazienteei PCR testa egingo zaie, ospitaleratu baino 48 ordu lehenago. Senide batekin bakarrik joan beharko dute, eta hori izango da, pazientea zentroan dagoen bitartean, bisitatu ahal izango duen pertsona bakarra.

COVID-19aren berragertze epidemiologikoa sortuko balitz, AsuncioĢn Klinikak klinikaren ordenamendua pandemia-egoerara itzuliko luke, asistentzia normalizazio honen aurrekora, osasun-krisian zehar jada garatutako protokoloekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!