Berriro espetxean dagoen Patxi Ruizekiko elkartasunak ez du etenik

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 22a, 20:49

Tolosan 200 lagun inguru irten dira manifestazioan gaur arratsaldean. Bihar, larunbata, Donostian 20:15ean egingo den manifestaziora joateko deialdia zabaldu dute. Patxi Ruizek egarri greba utzi duela, baina gose greban jarraitzen duela esan dute.

Eskualdeko herritarrak berriro mobilizatu dira Patxi Ruiz preso politikoari elkartasuna azaltzeko. Tolosan 200 lagun inguru elkartu dira manifestazioan, gose eta egarri greban egon den preso politikoaren borrokarekin bat egiten dutela azaltzeko. 

Manifestazioa hasi aurretik jakin dute Patxi Ruiz ospitaletik berriro espetxera eraman dutela. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldu duenez, preso politikoaren azken ordukoa ondorengoa da:

"Atzo, osteguna, arratsaldean Murcia II-ko Kartzelak Patxiri eskaini zion ospitalera eramatea, baina Patxik uko egin zion aukera honi. Beranduago, 23:00ak inguru, Mulako Epaitegiak igorritako auto baten ondorioz, Patxi Virgen de la Arrixacako ospitalera eraman zuten Kartzelaren eskariari jarraiki, bere bizitza arriskuan zegoelakoan.

Ospitalean 2 litro serum sartu dizkiote, eta amaren bisita jaso ahal izan du. Patxik alta boluntarioa eskatu du eta Murcia II-ko kartzelan dago berriz, gaur. Kasu honetan erizaindegian dago, kartzela kanpotik itzultzean Covid-19aren prebentziorako berrogeialdia aplikatu diotelako.

Amari esan dio, hemendik aurrera egarri greba utzi baina gose grebarekin jarraituko duela. Kartzelan seruma jasotzeari uko egin dio.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak gogorarazi nahi du egoerak kritikoa izaten jarraitzen duela eta Patxiren ondoan jarraitzea ezinbestekoa dela. Patxik egindako aldarrikapenekin bat egiten dugu eta hauek aintzat hartuak izan daitezela exijitzen dugu".

 

Erlazionatuak

Patxi Ruizen aldeko manifestazioa Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2020 mai 22 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!