Koronabirusa

Ekainaren 15ean zabalduko dituzte ateak Usabal Kiroldegiak eta Berazubi estadioak

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mai. 21a, 16:38

Prebentzio Plana lantzen ari da bi guneak kudeatzen duen Kirolzer enpresa, biak ere, segurtasun eta osasun neurri guztiekin irekitzeko. Hasiera batean, aurretiazko hitzorduarekin eta bakarkako kirola egiteko aukera izango da, eta udarari begirako proposamena ere garatzen ari da enpresa.

Alarma egoera ezarri zenetik, egoerak hala eskatuta, itxita mantendu dira Usabal Kiroldegia eta Berazubi estadioa, herritarren segurtasun eta osasuna mantentzeko. Konfinamendua leuntzeko prozesu honetan, jada kirol espazioak irekitzen hasteko aukera dago, eta beraz, bi eremuak ekainaren 15ean irekiko dira. Biak ere, Kirolzer enpresak kudeatzen ditu; hain justu, Prebentzio Plana lantzen ari da Kirolzer, baita udarari begirako proposamena ere, ateak segurtasun eta osasun neurri guztiekin zabaldu ahal izateko.

Egoera aldakorra denez, Prebentzio Plana egunean eguneko irizpide eta neurrietara egokitzen ari da Kirolzer. Edozein kasutan, aurreratu dute, hasiera batean soilik bakarkako kirola egiteko aukera izango dela, oraindik ere, kontaktua duten kirolak egitea ezinezkoa delako. Halaber, aurretik hitzordua eskatuta jardungo da, eta horretarako, sistemak eta plataformak antolatzen ari dira. Demo bat ere prestatuko dute herritarrei aurretiazko hitzordu horiek nola egin azaltzeko.

Datozen egunetan enpresako zein udaleko ordezkariek irekierari buruzko argibide guztiak emango dituzte ateak zabaldu aurretik herritarrek informazio guztia izan dezaten, bestak beste, zein osasun eta segurtasun neurri hartu behar diren eta hartu dituen enpresak, zein kirol egiteko aukera izango den, espazioak nola antolatuko diren edota aurretiazko hitzordua nola eskatu eta zertarako egin beharko den.

Instalazioen erabileran, aldaketa ugari

Usabal Kiroldegian, baina, dagoeneko lanean ari dira, hala adierazi dute behintzat sare sozialetan. "Martxoaren 14an itxi zenetik, instalazioak ahalik eta egoera onenean mantentzen ari gara, berriro irekitzeko zain", diote. "Gure zerbitzuak eman ahal izateko aplikatu beharko ditugun neurri guztiak diseinatzen eta planifikatzen ari gara, ahalik eta higiene eta segurtasun handiena bermatuz, egoerak instalazioak berriro irekitzea ahalbidetzen duenean".

Irekiera garbiketa- eta desinfekzio-baldintza onenetan egingo dela bermatu nahi dute. "Segurtasun-protokolo guztiak aplikatuko ditugu, bai langileentzako, baita erabiltzaileentzako ere. Horregatik, irekitzearen lehen fasean, gutxienez, instalazioen erabileran aldaketa garrantzitsuak eragingo dituzten baldintza ugari bete beharko ditugu, kirola egiteko ingurune seguru bat sustatzeko".

Hori horrela, beste askoren artean, ezinbesteko lau ekintza nabarmentzen dituzte:

  1. Zerbitzuen edukiera gutxitzea: "Oso litekeena da zerbitzuen erabilera aldez aurreko erreserbarekin egin behar izatea. Horrela, zerbitzu bakoitzean ohikoa baino edukiera txikiagoa ziurtatuko da, itxaroten sor daitezkeen jende pilaketak ekidin, eta erabiltzaileen arteko gutxieneko distantzia errespetatu ahal izateko. Hori lortzeko makinak batzuk besteengandik urruntzen ari gara eta zenbait makina gelaz aldatzea ere baloratzen ari gara. Zalantzan dago oraindik aldagelak erabili ahal izango diren edo ez. Erabiltzekotan, bertan ere gutxieneko distantzia bermatu beharko litzateke, noski".
  2. Garbiketa eta desinfekzio neurriak maiztasunez handitzea: "Eskuak garbitzeko eta elementu komunak garbitzeko puntuak prestatuko dira, erabilera komuneko elementu asko kendu beharko dira, eta erabiltzen direnak askotan desinfektatu. Gela bakoitzaren desinfekzio orokorrak ere burutuko dira egunean zehar. Eta erabiltzaile bakoitzak edozein elementu desinfektatu beharko du hori erabili aurretik eta ondoren.
  3. Instalakuntza barruko igarobideen kontrola: "Era berean, instalazioaren barruko igarobideetan seinaleak ezartzen ari gara, norabide bakarreko pasabideak lortzeko eta pertsonak gurutzatzea eta jende pilaketak sortzea saihesteko. Zeregin hori errazteko, norabideak lurrean geziak jarrita markatzeko asmoa dugu.
  4. Norberaren zaintzarako ekipoen erabilera: "Erabiltzaile eta langile bakoitzak, maskara erabili beharko du kiroldegian sartu ahal izateko. Zalantzan dago oraindik ea jarduera egiteko kendu ahalko den edo ez. Bestetik, nahitaezkoa izango da fitness eta jarduera geletara 2 eskuoihalekin joatea: handia makinan gainean jartzeko, eta txikia, berriz, izerdia lehortzeko.

Erabiltzaileen osasun-kalitatea hobetzen jarraitzeko, jarduera fisikoa sustatuz, kiroldegitik argi dute errealitate berrira egokituko garela. "Funtzionatzeko modu berriari eta ezartzen dizkiguten erabilera-arauei buruzko informazio guztia helaraziko diegu erabiltzaile guztiei, ohiko kanalen bidez, besteak beste, webgune, sare sozial nahiz helbide elektronikoko mezuen bidez. Usabalgo gune ezberdinetan ere ikusgai izango da informazio hori. "Zuen laguntzarik gabe hau guztia ezinezkoa izango da, baina denon artean lortuko dugu", azpimarratzen dute.

Kanpoko igerilekuaren zalantza

Udaberria azkar ari da igarotzen eta geroz eta gertuago dago udara. Data hauetarako jakina izaten da kanpoko igerilekuen irekiera data. Aurten, ordea, zer gertatuko da kanpoko igerilekuarekin? Irekiko dute? Horiek dira herritar askok bere buruari egiten dizkioten galderak. Osasun Sailak eman beharreko baimenaren zain daude. "Uda honetan kanpoko igerilekuak martxan jarri ahal izateko ahal dugun guztia egiten saiatuko gara", diote. "Hori bai, neurri asko hartu beharko ditugu zerbitzu hori modu seguruan martxan jarri ahal izateko. Guztion artean egin beharreko lana izango da".

Zerbitzu hori irekitzekotan, oso neurri zorrotzak hartu beharko dituztela gogorarazi dute. "Erabiltzen diren elementu guztien higienea eta etengabeko desinfekzioa areagotu, ohiko edukiera murriztu, kontrolatu eta edozein aglomerazio-mota saihestu beharko dugu, bai barruan, baita bertara sartzeko zain geratzen direnen artean ere". Hori dela eta, errealitate konplexu hori modu ordenatuan kudeatzen lagunduko diguten hainbat aukera aztertzen ari dira. "Errealitate berri horretan, egokitzapen-aldi bat beharko dugu, eta garrantzitsua izango da guztien ulermena eta lankidetza, baina ziur gaude lortuko dugula", diote.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!