Ligatze Jatorraren Dekalogoa osatuko dute, gazteekin batera

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko maiatzaren 21a

Egunerokotasunean naturaltzat hartzen diren jokabideak aztertuz, parekidetasunean, autonomian, errespetuan eta bakean oinarritutako harremanak eraikitzea da helburua.

«Jendartean ematen diren sexuen arteko botere harreman hierarkizatuak aisialdi eremuetan ere ematen direnez», Ligatze Jatorraren Dekalogoa osatuko du Tolosako Udaleko Gazteria Sailak, herriko gazteen parte hartzearekin. «Aisialdi eremuetan eta ikastetxeetan egunerokotasunean naturaltzat hartzen diren jokabideak, aurreikuspenak eta jarrerak aztertuko dituzte, sexuen arteko bereizketari aurre egiteko nahiz estereotipatutako rolen banaketa zurruna eta hierarkizatua ekiditeko», esan dute. Parekidetasunean, autonomian, errespetuan eta bakean oinarritutako harremanak eraikitzea eta sustatzea da helburua, balio pertsonal eta kolektiboak eraikitzeko.

Arremanitz elkartearekin lankidetzan, Tratu Onen Mugimendu Erotikoa (To! Mugimendu Erotikoa) proiektuaren barruan ari dira osatzen dekalogoa. Gaitze prozesuak eta babestutako esperimentaziorako praktika kolektiboak jarri ditu martxan udalak, plataforma digitalen bidez, gazte lokaletan biltzen diren herritarrekin bilerak, dinamikak eta lanketa prozesuak eginez.

«Pertsonen arteko harremanetan, maitasunak, erotismoak eta sedukzioak lekua hartzen duenean, sexuen arteko zein pertsonen arteko desorekak areagotu egiten dira». Hala, harreman erotikoen inguruan tratu onak sustatzea nahi da, hau da, intimitatea eta konfiantzazko harremanak lehen mailan kokatzeko aurrerapausoak ematea.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!