Laguntzak, egoera ahulean dauden maizterrentzat

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 21a, 10:02

Herritarren zalantzak argitzen eta koronabirusak eragindako egoeren aurrean dauden laguntzen inguruko informazio eskaintzen jarraitzen du Tolosaldeko Kontsumo Bulegoak.

Hala, Estatuak alokairurako onartu duen abal-lerro baten berri eman du, COVID-19aren hedapenaren ondorioz gizarte- eta ekonomia-ahultasun egoeran dauden maizterrei zuzendua. Ohiko etxebizitzaren alokairuari aurre egiteko bermatutako eta diruz lagundutako maileguen modalitateko finantzaketa-laguntza iragankorrak dira.

Kreditu-erakundeek emango dituzte maileguak. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren abalaren bidez estaliko dira erabat, Kreditu Ofizialeko Institutuaren (KOI) bidez, eta ez dute inolako gastu eta interesik sortuko eskatzailearentzat.

Errentariek edo familiako kideek eskatu ahal izango dute abala, beti ere, egoera ekonomiko ahulean badaude, langabezia egoeran edo aldi baterako enplegu-erregulazio espediente baten eraginpean badaude, edo zainketengatik edo enpresa-jarduerarekin lotutako beste egoera batzuengatik lanaldia murriztu izan bazaie.

Maileguak KOIren errentamendu-abalen 19 lerroari atxikitako edozein kreditu-erakundetan eskatu ahal dira, irailaren 30a baino lehen. Abaldun maileguaren gehieneko zenbatekoa sei hileko kuoten zenbatekoaren %100a izango da, gehienez 5.400 euro, hau da, hileko 900 euro. Maileguak amortizatzeko epea, berriz, sei urtera artekoa izango da.

Laguntza lerroari buruz gehiago jakin nahi dutenek, Tolosaldeko Kontsumo Bulegoarekin jarri behar dute harremanetan, 616 647 835 telefonora deituz edo kontsumoa@tolosaldea.eus helbidera mezua bidaliz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!