Azken hilabeteetan lortutakoa ez zapuzteko deia

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 21a, 10:00

Biharko Biodibertsitatearen Egunaren harira herritarren partaidetza eta asmo ona eskatu eta eskertu nahi du Tolosako Udalaren Ingurumen Sailak.

Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna izango da bihar eta datarekin bat eginez, Tolosako Udalak amaitutzat eman du Etxeko leihotik deituriko egitasmoa. Balkoietatik eta leihoetatik Tolosan ikusi daitezkeen hegaztien argazki bilduma osatzeko helburuarekin jarri zen martxan.

Azken bi hilabeteetan, hegaztiak eta natura behatzera eta ikusitako txoriei argazkiak egitera animatu diete herritarrei, herriko espezieen bilduma sortu asmoz. «Gure muturren aurrean izan ditugu beti baina orain arte ez ditugu entzun. Familia giroan esperimentatzeko ekintza zoragarria izan da, naturaz gozatzeko eta ikasteko aukera paregabea».

Oraindik ere, argazkiak www.tolosa.eus webgunera igo edo tolosakozentroa@ingurumenmail.com helbidera bidaltzeko aukera dute herritarrek. Opari modura, Alberto Luengok egindako Tolosako Fauna: landa-behaketa liburua jasoko dute parte hartzen duten guztiek.

KEINU TXIKI ASKO

Konfinamendu garaian gizakia etxean geratu bada ere, naturak bere zikloa jarraitu du; hala ere, gizakia kaletik desagertzeak nabarmen eragin du biodibertsitatean. Animalia eta landare askok kaleak bizitzeko leku seguruak direla sentitu dute, aldi berean, kutsadura murriztu egin da, eta ibaietako ura ere garbiago dago. Hortaz, gizakiaren kalerako itzuleran, azken hilabetetan eman diren aurrerapausoak ez zapuzteko deia egin dute Ingurumen Sailetik.

Biodibertsitatearen galerak gainera, gaixotasunak transmititzeko arriskua areagotzen duela, eta horregatik, hura babesteak egungo osasun larrialdiak eta antzekoak saihesten edo murrizten laguntzen duela zehaztu dute. «Biodibertsitateak ingurumenean, osasunean, naturan, eta azken finean, gizartean duen eragina izugarria da. Beraz, garrantzitsua da ondo zaintzea, baita gizakien ongizatean txertatzea ere», gogorarazi dute.

Hainbat ikerketen arabera, biodibertsitatearen galerak eragin zuzena du gizakien osasunean, izurriteen kontrako neurri gisa hartu izan baita biodibertsitate emankor bat. Egungo egoera, etorri daitekeenaren atariko modura hartu dute hainbat adituk, eta espezieen arteko orekaren garrantziaz ohartarazi dute. Hala, tolosarren partaidetza eta asmo ona eskatu eta eskertu nahi dute sailetik. «Norbanako bakoitzak keinu txiki asko egin ditzake, besteak beste, kontsumo arduratsua egin edota inguruko biodibertsitatea ezagutu eta zaindu».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!