1,3 milioi euro baino gehiago, Tolosa babestu eta berpizteko

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mai. 20a, 09:40

Suspertu Tolosa Guztion Artean izeneko plana aurkeztu du udalak; hiru ardatzetan, epe motz zein luzera begirako 32 neurri jasotzen ditu.

Tolosako Udalak 1.332.380 euro erabiliko ditu, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz sortutako osasun krisiak berarekin ekarri duen krisi ekonomikoari aurre egiteko. Udal gobernuko kideek ostiralean aurkeztu zuten Suspertu Tolosa Guztion Artean izeneko plan berria. 32 neurri biltzen ditu proiektuak, batzuk epe laburrera begirakoak dira, berehalakoak, beste batzuk, berriz, epe ertainera begirakoak, eta hiru ardatz edo helburu nagusitan banatzen dira: gizarte babesa bermatzea, hiri ekonomia sustatzea eta herri izaerari eustea. Aldi berean, herritarrentzat behar berriak sortuko balira, horiei erantzuteko konpromisoa ere hartu du udal gobernuak.

Olatz Peon alkateak, eta Begoña Tolosa, Nerea Letamendia eta Joxe Mari Villanueva zinegotziek hartu zuten hitza prentsaurrekoan. Alkateak nabarmendu zuen udala «erantzukizunez eta zuhurtziaz» ari dela lanean, egoera oso aldakorra ari delako izaten. «Erakundeen arteko lankidetza oso garrantzitsua da, eta Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzak osatu nahi ditu udalak. Gure helburua udal-baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean kudeatzea da», azaldu zuen Peonek.

Alkateak adierazi zuen, egoerari aurre egiteko dagoeneko diru ekarpen garrantzitsua egin duela udalak. «Gizarte Zerbitzuetako gastuek gora egin dute, eta era berean, herritarren segurtasuna eta osasuna bermatzeko hainbat zerbitzu indartu dira». Aurrekontua urteko diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena eginez garatzen dute eta Foru Funtsaren %20-25eko murrizketak, testuinguru berri batean kokatu ditu udalak. «Foru Funtsa da udalen finantzazio bide nagusienetarikoa. Diru bilketak ere behera egingo duenez, aurrekontua berregin behar izan dugu».

Egoerari eta ekar ditzakeen ondorioei erreparatzen hasita, une honetan ziurgabetasuna eta ezjakintasuna nagusi direla adierazi zuen Peonek. «Aurreikuspen bat egin dugu aurtengo urteari begira, baina badakigu datorren urtea ere oso gogorra izango dela. Hortaz, etorkizunean sortu daitezkeen behar berriei ere erantzuna emateko gaitasuna izan behar dugu».

MALGUTUZ, LAGUNDU

Gizarte-babesa bermatzeko, besteak beste, gizarte larrialdietarako diru-laguntza lerroa handitu da (101.000 euro), Zutani elkartearekin elikagaiak banatzeko hitzarmena berritu da (2.000 euro gehiago), elikagai bankuko banaketa osatzeko bonu sozialak sortuko dira (beharrezkoa den diru kantitatea bideratuko da horretara), indarkeria sexistaren biktima diren emakumeei laguntza handiagoa emango zaie, bateratze-sistemak garatuko dira, adinekoei laguntzeko Adinkide programa jarriko da abian, Abegi zentroan hitzartutako obra egingo da (173.000 euro), eta egoera ekonomiko ahulean dauden etxebizitza parke publikoetako maizterrei ez zaie errentarik kobratuko (21.000 euro).

Bestetik, hiri-ekonomia aktibatzeko, herriko saltokien eta pertsona autonomoen datu-basea eguneratu da. Horrez gain, tokiko jarduera ekonomikoari laguntzeko, 777.000 euro erabiliko dira merkatarientzat, zerbitzuen sektoreko langileentzat, ostalarientzat, autonomoentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat.

Era berean, 60.000 euro bideratuko dituzte diru-laguntzen kudeaketarako aholkularitza zerbitzura, babes-materialaren erosketara eta banaketara, eta Bedaio auzoan zuntz optikoarekin izandako arazoak konpontzera. Halaber, egutegi fiskala malgutuz, ostalariek zaborren eta terrazen tasa ordaindu ahal izateko laguntzak izango dituzte sei hilabetez. Komertzioak ixtea ekiditeko Berriz programa jarri da martxan, baita Azoka egoera berrira egokitzeko plana eta protokoloak ere. Azkenik, Emari guneko ekintzaileei, espazioa erabili ezin izan duten epean, alokairua ez kobratzea erabaki da.

Baina gizarte-babesa bermatzeaz eta ekonomia suspertzeaz gain, herriaren nortasunari eusteko ahalegina egin nahi du udalak. Hori dela eta, bere jarduera babesteko, tokiko elkarte eta taldeen diru-laguntza guztiak mantentzea erabaki da. Gainera, eragileekin batera, San Juan jaietarako programa alternatibo bat garatzen ari dira.

ERAKARRI ETA BIZIBERRITU

Berraktibatze-neurriei dagokienez, hala nola, tokiko kontsumoa sustatzeko bonuen bitartez, Suspertu Tolosa kontzientziazio-kanpaina jarri da abian zerbitzuen eta merkataritzaren sektorean (92.200 euro). Kanpaina honen baitan ere, herriko izaerari lotuta, eragileen lana balioan jartzeko ikus-entzunezko lan bat sortuko da. Tolosatik harago ere egingo da kanpainaren promozioa, eskualdeko eta probintziako herritarrak erakarri eta Tolosa biziberritzeko asmoz.

Horrez gain, ondorengo faseetan, eta sektore bakoitzarekin adostuta, ostalaritzarako eta turismorako antzeko kanpaina bat egin nahi da (30.000 euro). Bestetik, Tolosa&Co-rekin hitzarmena berritu da (6.000 euro gehiago), ekintzailetza sustatzeko kanpaina eta jarduerak egin dira, eta langabetuak kontratatzeko diru-laguntzak eta formakuntzak jarri dira martxan.

Hiri-ekonomia suspertzeko neurriekin jarraituz, Azoka Zure Etxera ekimena mantendu eta zerbitzua ekoizle gehiagorengana zabalduko da, Tokiko saltokietan ekoizleen produktuak merkaturatzeko egitasmoa indartuko da, Jan Tolosaldea: tokikoa, iraunkorra eta osasungarria proiektua babestuko da, eta larunbatetako azoka bultzatzeko, Azoka Lagunak proiektu berria abiaraziko da.

HERRI IZAERARAKO NAHIA

Bestalde, herriko kultur eta kirol taldeekin elkarlanean, udararako zein udazkenerako programazioa garatuko da, tokiko taldeen parte hartzea lehenetsiz, beren jarduna babesteko. Eskaintza zabala eta askotarikoa garatzea da helburua, eskualdeko eta probintziako bisitariak ere Tolosara erakartzeko tokiko hiri ekonomia sustatu eta turismoa ere biziberritzeko.

Komunitate izaera sendotzeko, berriz, Tolosatzen proiektuaren eta Tolosatzen Eskola Irekiaren egitasmoaren baitan, Orain inoiz baino gehiago: guztion artean Tolosatzen prozesu parte-hartzailea abiaraziko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!