Etenaldiak saria ekarri du

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 19a, 10:26

Tolosala Iurrek areto futboleko Hirugarren Mailan jokatuko du datorren denboraldian; ilusioz daude klubeko kideak eta lanean ari dira igoerak suposatuko duen esfortzu ekonomikoari aurre egiteko.

Aurtengo kirol denboraldia historiara igaroko da COVID-19a dela-eta ezarritako alarma egoerarengatik, baina areto futboleko Tolosala kirol elkartearentzat are bereziagoa izan da. Batetik, mutilen lehen taldeak, Tolosala Iurrek, Hirugarren Mailara igotzea lortu du. Bestetik, mutilen bigarren taldearentzat eta emakumezkoen taldearentzat lehen denboraldia izan da.

Ligaren etenaldia gertatu aurretik, Tolosa Iurre taldea Euskal Ligako sailkapenaren bigarren postuan zegoen, eta behin liga erregularra bukatutzat eman ondoren, zuzenean Hirugarren Mailara igotzea lortu dute. «Denboraldi hasierako helburua igotzea zen, eta dudarik gabe, modu berezian lortu dugu igoera», esan du Martin Lakunza zuzendaritzako kide eta Tolosala Iurre taldeko jokalariak. Ez zuten hasiera erraza izan, partidak irabaztea kosta egin zitzaielako. Baina jokoa hobetu, eta etenaldia gertatu aurretik sailkapeneko bigarren postura igotzea lortu zuten. Bere mailan lehenengo biak zuzenean igoko zirela zehaztuta zegoen denboraldiaren hasieratik, eta hori errespetatu dute federazioek. «Igotzea saria da, baina, aldi berean, gazi-gozoa, kantxan egongo bagina gusturago egongo ginatekeelako. Baina dagoen egoera izanik, ezin gara kexatu».

Aurten taldeak bigarren urtez jokatu du Euskal Ligan, eta mailaz igotzeko helburua zuten. «Aurrekoa lehen urtea izan genuen Euskal Ligan, eta partida onak izan genituen baina partida batzuetan ez genuen maila ona eman», esan du Lakunzak. «Aurten, oinarriarekin jarraituz eta errefortzuekin, ikusi genuen talde ona zegoela, eta giro ona genuela, eta aukera aprobetxatu egin behar genuela esan genion geure buruari».

Ilusioz hartu dute Hirugarren Mailan aritzea, Lakunzak azaldu duenez: «Nahiz eta eskualdeka jokatu, Espainiako Ligaren barruan sartzen da maila hau. Ez da ahaztu behar Tolosala orain dela hamar urte kuadrilla batek sortu zuela, eta lagunarteko giroan. Pixkanaka hazten joan gara, helburuak betetzen eta horregatik dago ilusio handia, gure lehenengo aldia delako Hirugarren Mailan, eta talde gaztea dugulako».

Kirol maila igo egingo da, eta alde ekonomikoaren aldetik ere esfortzu handiagoa suposatuko dio taldeari. «Babesleei esker lortu dugu aurten kirol elkartea sortzea eta beraien laguntzarik gabe hau dena lortzea ez zen posible izango», esan du Lakunzak. «Orain beste pauso bat eman behar dugu, bai guk eta baita babesleek ere. Ahal duguna egingo dugu, eta lanean ari gara helburuak bete ahal izateko».

HAZTEN JOATEA

Etenaldiaren garaian, eta denboraldiarekin zer gertatuko zen jakin arte, entrenamenduak egiten aritu dira etxetik. Ez zuten espero hain luze joango zenik egoera, eta hainbat Internet aplikazio bitartez egin dituzte entrenamenduak, Julen Lizaso prestatzaile fisikoaren zuzendaritzapean. Etxetik ateratzeko aukera izatean, etxe barruko entrenamenduekin batera mendira joanez eta korrika eginez sasoia mantentzen saiatu dira.

Aurrera begira, lanean ari dira klub bezala hazten joateko. «Aurreko urtean pausoa eman genuen kirol elkarte bezala eratzeko, eta txikienei areto futbolean aritzeko aukerak eman nahi dizkiegu», esan du Lakunzak. «Aurreko urtean torneo bat antolatu genuen herriko txikienekin eta arrakasta handia izan zuen. Ea aurten ere aukera dugun horrelako zerbait antolatzeko».

Kluba hazten joateko pauso garrantzitsuak aurtengo denboraldian eman zituzten Tolosalakoek. Mutilen bigarren taldea sortu zuten, Tolosala B, eta emakumezkoen taldea, Tolosala Orbela. «Emaitzei dagokionez ez da denboraldi oso ona izan, baina oso kontentu gaude, gure helburua haztea zelako. Bai mutilen bigarren taldean bai emakumezkoen taldean giro oso ona izan dute, eta kluba gustura dago emandako pausoarekin», zehaztu du Lakunzak. Datorren denboraldiari begira ere bi talde horiek jarraituko dutela gaineratu du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!