Koronabirusa

Zein dira herriaren mugak?

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2020ko mai. 19a, 11:59

1956ko 'Libro-homenaje a Tolosa. VII Centenario 1256-1956' liburuko mapa.

Konfinamenduan herritarrak ezin izan dira udalerriz mugitu kirola egiteko eta horrek mugak non ote dauden galdetzea eragin du. Ondorengo lerroetan hainbat pista ematen ahalegindu da 'Tolosaldeko Ataria'.

Izaskun Tolosa edo Ibarra da? Zein da Tolosaldeko mendirik altuena? Eldua Elduaingoa da? Egun hauetan Aldabara joan daiteke errepidez? Non dago Ugane auzoa? Horrelako galderak denon ahotan dabiltza itxialdiko egun berezi hauetan, herriko mugetatik ateratzea debekatuta egon denez.

Iragan astean ondoko herrira joateko baimena izan dugu, kirola egiteko. Bada Tolosak adibidez, herri askorekin egiten du muga, iparraldetik hasi eta ordulariaren orratzen kontrako norabidea jarraituz: Hernialde, Alkiza, Albiztur, Legorreta, Ikaztegieta, Alegia, Altzo, Amezketa, Azkarate (Araitz, Nafarroa), Lizartza, Belauntza, Ibarra, Villabona, Irura eta Anoeta. Enirio-Aralar mankomunitatearekin ere muga egiten du puntu batean. Beraz, ibiltzeko esparrua asko zabaldu zitzaigun.

Eta zein dira herriaren mugak? Hasteko herri guztietako mugak historian zehar aldatu egin direla esan behar da, hainbat gorabehera medio. Adibidez, bi mende eta erdi inguruan Andoain eta gaur egun Tolosaldea deitzen duguneko herri gehienak (Bidania-Goiatz eta Larraul izan ezik) Tolosaren barruan izan ziren, babes bila. Herri gehienetan hala izan zen 1374tik 1615ra, baina batzuk XIX. mende arte izan ziren Tolosa. Bestalde, Tolosak auzo batzuk erosi zituen: Aldaba Gaztelako Santxo IV. erregeari 1290. urtean, Aldaba txiki 1323.urtean eta Bedaio Juan Martinez de Berastegiri 1544. urtean.

Mugarriak izan dira betidanik herri arteko mugak markatzeko sistema. Eta garai batean udal ordezkariek mugarri horiek urtero bisitatzeko ohitura izaten zuten. Gaur egun mugarri asko galduta edo desagertuta daude, baina oraindik gelditzen dira batzuk zutik.

TOLOSALDEKO MENDIAK

Zein dira gure eskualdeko mendi nabarmenenak? Tolosak 37,39 kilometro karratu ditu azaleran, horien herena Bedaion, uharte modukoa egiten duena, ez baitu Tolosa ukitzen, eta horrela Nafarroarekin egiten du muga, Araitz bailarako Azkarate herriarekin Zarateko lepoaren inguruan. Geografikoki urrun egote horrek herri izaera ematen dio Bedaiori. Bertan dago Tolosako tontorrik altuena, eta Tolosaldeko bigarrena, Artubi (1.254 m). Txindoki da Tolosaldeko tontorrik altuena (1.347 m). Balerdi mendia (1.193 m) ere herriko mugetan sartzen da. Elduarekin gauza bera gertatzen da, Berastegiko auzoa da, baina ez ditu bere mugak ukitzen, Elduainenak baizik.

Aldaba auzoa ere aparte samar gelditzen da, baina badu lotura geografikoa mendiz, Aldaba txikitik barrena, Intxur mendiaren (765 m) ingurutik. Aldabara errepidez joan ahal izateko, Alegiatik pasatu behar da derrigorrez. Aldabako ertz batean aurkitzen da Ugane auzoa, oso txikia, eta Ikaztegietatik oso gertu. Hirigunetik bereizita dauden beste auzoak dira Aldaba txiki, Auzo txikia, Urkizu, San Esteban, Montesku, San Blas (Amaroz hor sartuko litzateke) eta Santa Luzia. Mugimenduak mugatuta ditugun egun hauetan, auzo horiek sekula baino bisitari gehiago ari dira izaten, oinez edo bizikletaz inguratuta, auzo horiek ezagutzeko aukera polita baita.

Bedaion aipatutako mendiez gain, Uzturre (730 metro, gurutzea 662 metrora), Belabieta (699 metro) eta Herniozabal (1.011 metro) izango dira tolosar gehien jasotzen dituztenak. Baina kontuz, horietara joateko herriko mugetatik atera gaitezkeelako. Uzturrera joateko bide erabiliena Izaskundik barrena da, baina Ibarra dela kontuan hartu behar dugu, eta baita bideko zati handiena ere, Peciña eta Txirritaren oroitarriak dauden langaraino. Santa Luzia auzotik joanez gero ez dago arazo hori. Uzturre inguruan daude Belabieta, honek ere irla txiki bat osatzen duena, eta Loatzo (633 metro), Irurako lurretan jada. Belabietatik gertu dago Urdelar (859 metro). Herniozabalgo tontorretik metro gutxira aurki daiteke Albiztur-Alkiza-Tolosa arteko mugarria. Hernialdetik edo Montesku eta Urkizutik barrena igo daiteke. Hernio (1.078 metro) ez dago handik urruti. Eskualdeko beste mendi ezagunak dira Erroizpe (edo Larte, 811 metro) Leaburu, Belauntza, Berastegi edo Gaztelutik igo daitekeena; Otsabio (801 metro), Altzo edo Lizartzatik igotzen dena; Berastegitik igotzen da Ipuliño (934 metro) eta San Lorenzora (808 metro); eta Bidania-Goiaztik Illaun (826 metro) eta Urrakira (825 metro).

TOLOSAKO MUGEN IBILBIDEA

Tolosako mugen inguruan ibiliz, lau etapatan banatutako ibilbidea proposatu zuen Pedro Elosegi ikertzaileak duela hamarkada batzuk. Bedaio ez zuen hor sartu, beste etapa bat gehiago beharko luke. Lehen etapa Hernialdeko bentatik abiatuta, erreka jarraituz Herniozabaleraino igo eta Urkizura jaitsiko litzateke, eta handik Albizturko errepideraino, Errondosoro baserrira. Kontuan izan Pasaban eta Kanguros lantegiak Tolosa direla, hor baitago muga Albizturrekin. Duela urte batzuk izan zen hor muga aldaketa bat, enpresa horiek eskatuta.

Bigarren etapa Errondosoro baserritik abiatuta Intxur mendira igotzen da, tarte batean Santa Mariako bidea jarraituz. Aldaba txiki eta Aldaba auzoetan gabiltza. Ugaran errekatik Ikaztegietara jaisten da muga, Berasibia baserrira. Inguru horretan dago Ugane auzoa, ezezaguna tolosar gehienentzat. Kuriositate bezala, Panelfisa eta Caravanas Tolosa enpresak ez daude Ikaztegietan, Tolosan baizik. Aldaba basotik igo eta Arzabalza baserrira jaisten da ibilbidea, muga jarraituz.

Hirugarren txangoa Arzabalza industria-gunetik Ollaun mendira (telebista errepetidorea dagoen lekua) igo, Altzoko mugan, eta Txarama auzora jaisten da, Leaburuko auzoa. Araxes ibaiak egiten du muga zati batean. Hortik gora hartu behar da, Eule etxeberri baserri aldera. Handik Apatta-erreka ikusten da, muga egiten duen beste erreka. Kanposantu eta Apatta-erreka inguruetan gabiltza. Ibarrara jaitsi, Zumardiaundira, eta Benta txabal etxeak egiten du Tolosa-Ibarra muga.

Laugarren eta azken etapa Ibarratik gora, Etxeberritxu eta Elorbe baserrietatik, Moja tontor eta Asuncion klinika baino lehen hartu Irañeta baserrira, gorago Artetxe baserrira. Uzturre aldera Agoniako aldapatik doa muga. Uzturretik Belabietaraino jarraitu, Berrobi eskuinera utziz, eta buelta emanda Irurako mugetatik, Artxipiagako langatik, itzultzen gara Santa Luzia auzora, Tolosari itzulia osatuz.

Itxialdiko egun hauetan Tolosaldean zehar bide berriak ezagutzeko aukera politak badaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!