Ohiko lekuetara bueltatu da larunbateroko azoka

Ataria 2020ko mai. 16a, 13:01

Euskal Herria plazan eta Berdura plaza, azoka plaza bilakatu dira gaur, bi hilabeteren ostean. Ekoizle bakoitza bere ohiko lekura bueltatu da eta pozik agertu dira.

Espazio aldetik normaltasunera itzuli da Tolosako Azoka. Bi hilabeteren ostean, Berdura plazan eta Euskal Herria plazan postuak jarri dituzte, Zerkausikoaz gain, eta jendearen mugimendua etengabea izan da. "Orain dauden postuak behintzat betiko lekuetan aurki ditzakegu, begiratzen ibili gabe", zioen erosketak egitera atera den emakume batek.

Bereziki Zerkausira sartzeko, Oria ibaiaren ertzean ilara luzea eratu da eguerdi-eguerdian. "Aurreko larunbatetan ez da sortu hainbesteko ilararik", zioen itxaroten ari zen batek. Behin barruan, ordea, jendearen joan-etorria segurtasun neurriekin betetzeko adinakoa izan da, izan ere, azoka egin den hiru guneetan, sarrera eta irteerak kontrolatzen aritu dira babes zibileko langileak eta udaltzainak. Bide batez, erosleei eskuetan gela bota eta maskarak eskaintzen zituzten. 

Betikoak, betiko lekura

Lore eta landare saltzaileak Berdura plazara itzuli dira bi hilabeteren ondoren. "Gure lekura bueltatu gara eta gustura gaude", zioen Patxi Montes landare saltzaileak. "Bi hilabete hauetan nahiko larri ibili gara: hasieran ez geneukan saltzeko aukerarik, gero Beotibarren izan ginen, ondoren Zerkausian eta orain betiko lekuan; bezeroak betiko lekura etortzen hasi dira eta ea buelta emateko moduan garen". Aurreko larunbatetan baina jende gehiago nabaritu dutela azaldu du.

Eguraldiak, ordea, ez dietela gehiegi lagundu eta kezkak agertu da: "Landarea saltzeko eguraldi ona behar dugu eta azken aste hau ez da oso ona izan". Gainerakoan etxean bertan landarea saltzen jarraitu dutela azaldu du, baina kontatu du izan dituztela arazoak ere, "Tolosaldeko jendeak ezin izan du nahi duen modua etorri, beldurragatik edo".

Euskal Herria plazan ere, bertan egon ohi diren hainbat postu kokatu dituzte. Bereziki, fruta, bakailaoa, gozoak, olibak eta fruitu lehorrak eta hestebeteak saltzen dituztenak. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!