Bizi dugun ezohiko egoerak baldintzatuta Zerkausia eta Beotibar pilotalekua izan dira azken asteetako Tolosako Azokaren aterpeak. Larunbatetik aurrera, aldiz, frontoia utzi eta ohiko espazioetara itzuliko dira bertan izan diren ekoizleak, Berdura Plazara eta Euskal Herria Plazara. Honek ez du esan nahi, ordea, azokak normaltasun osoa berreskuratuko duenik.
Espazioak ohikoak izango diren arren, larrialdi egoerak indarrean jarraitzen duenez, postu kopurua mugatua izango da, herritarren segurtasuna eta osasuna bermatze aldera, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren protokoloari eta araudiari jarraituz. Hortaz, ohiko postuen %25a edo distantziak mantenduz espazioak ahalbidetzen duen postu kopurua baino ezingo da kokatu eremu bakoitzean. Hori dela eta, errotazio sistema mantenduko da: astez aste aldatuz joango da parte hartzaileen zerrenda.
Berdura Plazan, landareak eta loreak
Segurtasun- eta osasun-neurriak jarraituz, gainera, erosketa-puntu bakoitzak sarrera eta irteera puntuak izango ditu. Zerkausiko antolaketa azken larunbatetako bera izango da: Triangulo aldeko aldapatik sartu, eta Nafar Zubiaren aldetik atera beharko da.
Berdura Plazan lau postu izango dira, guztiak estalpearen azpian eta errenkada berean kokatuta. Sarrera Korreo kaletik egin beharko da; irteera, berriz, Kale Nagusitik. Berrikuntza modura, aipatu, landareez gain, lore eskaintza ere izango dela larunbat honetatik aurrera, Aranburu mintegiaren eskutik.
Euskal Herria Plazan, elikagaiak
Euskal Herria plazan, berriz, elikagaien postuak bakarrik izango dira; hau da, oraingoz ez da arropa, oinetako edo bestelako posturik izango. Orotara hamahiru ekoizle izango dira, plazaren bueltan kokatuta. Rondilla kaletik sartu beharko da, eta Andia kaletik bideratuko dute irteera. Mugikortasuna errazte aldera, erdiguneko espazio guztia libre utziko da. Gainera, tabernetako terrazarik ez da izango azokak irauten duen bitartean.
Azokara gerturatu ezin dutenentzat edo asteko beste edozein egunetan ere elikagai freskoak eskuratu nahi dituztenentzat, Azoka, zure etxera kanpainaren barruan, etxez etxeko banaketa zerbitzua mantenduko da. Eskaerak telefonoz, WhatsApp bidez edo posta elektronikoz egin daitezke, eta Azokaren nahiz udalaren sare sozialetan aurki daitezke parte hartzaileen ordutegi eta harremanetarako datuak.
Eskularruak eta maskarak, norberak
Gainerako segurtasun- eta osasun-neurriak mantendu egingo dira espazio guztietarako: bi metroko tartea gorde beharko da, bai ilaran, baita postuan bertan ere, eta produktuak ekoizleek baino ezingo dituzte ukitu. Udaletik arauak errespetatzen eta arduraz jokatzen jarraitzeko deia luzatzen diete herritarrei.
Sarrera eta irteera puntuak ere kontrolatu eta zainduko dira. Norberak ekarri beharko ditu eskularruak eta maskarak. Hala ere, azken horiek ez dituztenei udalak banatuko dizkie, eta sarreran eskuak desinfektatzeko hidrogela ere jarriko da guztien eskura.
Baserritarren garrantziaz, egun handiaren bezperan
Bihar, maiatzak 15, San Isidro eguna da, Baserritarren eguna. Ezohiko egoera medio, egun horren bueltan antolatzekoak ziren ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira aurten. Hala ere, ospatu ezinagatik, Tolosako Udalak baserritarrak zoriondu eta eskertu nahi izan ditu: “Baserritarren lana ezinbestekoa da, premiazkoa, gure landa eremuak mantendu eta gure nortasunari eusteko. Herri honen ekonomiaren eta giroaren ardatz nagusi ere ere bada azoka, eta hori guztia eguneroko lan eta esfortzuaren fruitu da", nabarmendu du Nerea Letamendiak, Merkataritza, Azokak eta Turismoko zinegotziak.
Hori dela eta, egiten duten lanagatik zoriondu eta eskertu nahi izan ditu zinegotziak. "Baina ez hori bakarrik. Sektorea babesteko gizarte osoaren beharra ere nabarmendu nahiko nuke, bizi dugun egoeran, gainera, are eta indar gehiagorekin, etorkizunean ere kalitatezko eskaintza eta tokiko elikagaiak kontsumitzeko aukera izaten jarraitu dezagun".