Koronabirusa

"Txapelketarik izango den jakin gabe, zaila da urteari aurre egitea"

Imanol Garcia Landa 2020ko mai. 14a, 19:00

Oztopo eta harri gainean hasi da berriro entrenatzen Irene Caminos trial txirrindulari tolosarra. Hala ere, aurten txapelketaren bat egitea oso zaila ikusten du, are gehiago nazioarte mailakoa bada.

Kirola egiteko neurriak malgutu direnean, Irene Caminos (Tolosa, 1998) trialeko txirrindulari tolosarrari, besteak beste, bizikletarekin entrenatzeko aukera zabaldu zaio.

Nola eragiten ari zaizu konfinamendu egoera?

Orain kalera atera daitekeela, askoz hobeto. Luze egin zait, eta orain egoera hobera doala ematen duenez, hobeto.

Eta denboraldiari dagokionez?

Etenaldia hasi zenean, justu asteburu horretan Espainiako Koparekin hasten ginen. Espainiako Kopako beste zenbait proba genituen, eta Espainiako txapelketa, baina bertan behera geratu da dena. Uda ondoren Kopako probaren bat egiteko aukera begiratzen ari dira, baina dena airean dago. Munduko Koparen lehen jardunaldia ere ez da egin. UCIren zain gaude, ez baitu oraindik ezer esan. Aurtengo urtean txapelketaren bat egitea oso zaila izango dela uste dut.

Munduko Koparen egutegia nola izaten da?

Ekainean hasi ohi gara eta azaroan bukatzen dugu Munduko Txapelketarekin. Denera Kopako bost proba aurreikusita zeuden, eta gero txapelketa Txinan egingo litzateke. Shangain egitekoa zen, baina horri buruz ere ez dakigu ezer. Kirolarien artean hitz egiten ari gara, eta gure ustez zaila izango da. Azaroa urruti dago, baina egoera hau luzerako joango dela dirudi. Besteak beste, jakin beharko da herrialdeko mugak irekiko diren edo ez. Esaterako, komentatu didatenez, Italiak ez ditu bere mugak irekiko datorren urtera arte, eta han Munduko Koparen bi proba egitea aurreikusita zegoen. Txinan nazioarteko txapelketaren bat antolatzea ere oso zaila izango dela pentsatzen det.

Eta egoera honen aurrean, nola ari zara enfokatzen urtea?

Zaila da helbururik izan gabe. Konfinamendua hasi zenean, entrenamenduak moldatu genituen etxean egin ahal izateko. Etxean ariketak egiten aritu naiz eta arrabola ere erabili dut. Bi hilabete ukitu gabe egon ondoren, azken egunetan hasi naiz trialeko bizikleta hartzen. Txapelketarik izango den jakin gabe zaila da urteari aurre egitea, eta oraingoz entrenatzen jarraituko dugu sasoia mantentzeko.

Zure kirolarentzako arrabola erabiltzea ere ondo etortzen da, beraz.

Ni pisu batean bizi naiz eta bertan trialeko bizikletan ibiltzea oso zaila da. Baditut lagunak etxe handiagoa dutenak eta trialeko parke txikiak edo oztopo batzuk jarri dituztenak, behintzat zerbait ibiltzeko. Nik orain ezin izan dut egin, eta, beraz, sasoia mantentzeko arrabolarekin aritu naiz eta ariketak egin ditut.

Eta ez zara pisura igotzeko eskaileretan gora eta behera bizikletarekin?

Ez naiz ibili. Bai azken egunetan bizikleta igo nuela pisura, eta pare bat tontakeri egin nituela, berriz bizikleta hartzeko eta zerbait egiteko.

Kirola egiteko aukera zabaldu denetik, bizikletarekin praktikatu ahal izan duzu.

Goi mailako kirolari izanik, Gipuzkoan zehar mugitu ahal naiz eta ez dut ordu mugarik. Panorama asko zabaldu zait. Bestalde, pixka bat arraro sentitzen naiz ere, jendeak pentsatu dezakeelako ea nolatan ari naizen kirola egiten orokorrean debekatuta dagoen orduetan. Baimena, lizentzia eta nortasun agiria eramaten ditut gainean.

Normalean astean zehar Usabalgo trial parkean aritzen naiz, eta asteburutan mugitzen saiatzen naiz. Larunbatean Hondarribian egon nintzen. Normalean Ion Areitiorekin joaten naiz bertara entrenatzera; Areitiorekin Munduko Kopako probetara elkarrekin joaten gara. Azken finean, saiatzen naiz trialeko parke ezberdinetara joaten. Hondarribian morruan aritzen naiz entrenatzen eta oso ezberdina da. Irunen ere badago trialeko parke bat eta han dena harri handiak dira, eta aldatzea ondo etortzen da.

Trialeko bizikleta berriro hartzerakoan, nola sentitu zara?

Entrenatzailearekin komentatzen nuen kezka hori, asko galduko nuela bi hilabetetan bizikletarekin praktikatu gabe. Baina, aurreko astean hasi nintzenean bizikletarekin, lehen egiten ez nituen gauzak egiten ari nintzela komentatzen nion entrenatzaileari. Berak munduko txapelduna entrenatzen du eta hark berdina esaten ziola komentatu zidan. Etxean entrenamenduak egiten aritu gara eta beste modu batera landu dugu potentzia. Arrabolarekin egon naiz egunero, eta nolabait nabaritu dut gero hori indarrean. Orain, adibidez, Uzturrera errazago igotzen naiz lehen baino.

Nola izaten da zure egunerokoa?

Egunean zehar bi entrenamendu saio baditut, goiz eta arratsalde aritzen naiz. Usabal ez dago irekita eta gimnasioko ariketa etxean egin behar ditudala da orain ezberdintasuna. Bestela, trialeko parkera joateko eta korrika egiteko beti bezala ibiltzeko aukera dut.

Bestalde, Tolosako Ama tabernako banatzaile moduan ari zara. Nola sortu da aukera hori?

Aurreko urtetik nire babesleak dira, eta jabeetako bat, Javi Rivero, nire lehengusua da. Berak komentatu zidan ea lagunduko nien banaketarekin. Hasierako ideia, bakarrik Tolosan banatzeko bazen, banaketa bizikletan egitea zen. Baina, azkenean, dezente zabaldu da, eta Donostiatik ere ibiltzen gara, eta autoa erabiltzen dugu. Esperientzia berri bat izaten ari da.

Trialera itzuliz, nola ikusten duzu eragingo diola egungo egoerak zure kirolari?

Azkenean, kirol guztiei bezala, pentsatzen dut. Ez gara asko kirol hau egiten dugunak, baina bai jende asko etortzen dela ikustera. Ikusleak denak batera egotea pentsatzen dut arriskutsua izan daitekeela, eta ea osasun larrialdia konpontzen joaten den eta pixkanaka bueltatzen garen lasaitasun egoera batera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!