«Musika aukeratu nuen fisikako hainbat kontu biltzen dituelako eta gertukoa delako»

Iñigo Terradillos - Rebeka Calvo 2020ko mai. 15a, 18:30

Kimikari tolosarrak bigarren aldiz jaso du CAF-Elhuyar saria. Zientzia-kazetaritzako lanen kategorian eman diote 'Musikaren zientzia' lanagatik. Zientziaren dibulgazioaren alde egiten du lan eta oraingoan ere asmatu du zientzia modu dibertigarrian lantzeko ahaleginean.

CAF-Elhuyar sarietako bat jaso du Josu Lopez-Gazpio kimikariak. Zientzia-kazetaritzako lanen kategorian epaimahaiak aho batez erabaki du saria tolosarrari ematea, Musikaren zientzia lanarengatik. Duela bi urte Eguberrien inguruan idatzitako beste artikulu batengatik jaso zuen sari bera. Lopez-Gazpioren UEUko Galder Gonzalez kidea eta Leire Sangroniz ere saritu dituzte aurten.

Artikuluak musikaren eta zientziaren arteko erlazioa oso ongi azaltzen duela aipatu du epaimahaiak.

Gauzak ondo azalduta daude, eta musikak duen berezitasun hori ere biltzen du. Alde batetik, fisika da, eta zientziaren eta matematikaren bidez azaldu daiteke musika, uhin baten hedapena zer den azaldu daiteke alegia, baina bestetik, musikak sentimenduei eta kulturari lotutako alderdi hori ere badu, azaltzen ez dakiguna, eta hori ere kontuan hartu behar da.

«Teorian infinitu soinu posible daude, soka batek infinitu abiaduratan bibratu dezakeelako»

Erakargarria eta entretenigarria dela ere esan du.

Hori ere bazen helburua eta asko eskertzen da helburua lortu dela ikusteak. Artikulua entretenitzeko dago idatzia, baita ikasteko ere, baina uhinen hedapenaren teoria guztia azaldu ordez, hori modu dibertigarri batean kontatu nahi nuen, adibideekin eta abar, eguneroko bizitzarekin erlazionatutako gauzak kontatuz. Artikuluak bideo loturak ere baditu; soinuak eta abesti batzuk entzun daitezke, gitarra baten soken bibrazioa ere ikusi daiteke... Bideoak eta argazkiak lagungarriak dira.

Zientziaren dibulgazioan aritzen zara, eta horrelako sariak garrantzitsuak izango dira bide horretan, ezta?

Blog batean idazten duzunean, normalean irakurleak ez du denbora asko pasatzen artikulua irakurtzen ez bazaio interesatzen behintzat; oso erraza da leihoa itxi eta beste zerbaitetara jotzea. Irakurlea lotzea lortu behar dugu, artikuluaren bukaerara arte eramateko. Saritutako artikulu hau ere hiru ataletan banatu nuen, irakurketa errazteko, eta loturak daude batetik bestera. Horretaz gain, atalak egun desberdinetan argitaratu nituen.

Nola banatu duzu artikulua? Zein hiru atal landu dituzu?

Lehen atalean soinua zer den azaltzen dut. Soinua gorputz baten bibrazioarekin dago erlazionatuta eta gure entzumen aparatua gai da inguruan dauden molekulen pilaketa desberdinak antzemateko. Horregatik entzuten ditugu soinuak. 

Soinuak dituen ezaugarriak aipatzen ditut eta baita soinuak dituen maiztasun desberdinak ere. Soka baten adibidearekin ulertu daiteke; gitarra baten sokak, abiadura desberdinetan bibratu dezake eta hori sortzen den soinuarekin lotzen da. Teorian infinitu soinu posible daude, soka batek infinitu abiaduratan bibratu dezakeelako.

Eta hortik bigarren atalera, beraz.

Bigarren atalean infinitu soinu daudela esaten dut, baina infinitu soinurekin oso zaila izango litzatekeela partitura bat idaztea. Musika hori arrazionalizatzeko aukera daukagula diot eta hor azaltzen direla notak, eta hor agertzen dela musika; soinu hori antolatzean, izenak jartzean, beraien arteko loturak bilatzean... hor sortzen dira notak. Musika notez hitz egiten dut atal horretan. Notak zehazteko maiztasun jakin batzuk aukeratu dira.

Maiztasunak eta maiztasunen arteko erlazio jakin batzuk betetzen dituzten soinuak gustagarriak dira guretzat. Soka batek abiadura batekin bibratzen badu eta beste soka batek abiadura horren bikoitzarekin, gustagarri egingo zaigu. Horrelako erlazioen bidez armoniak osatu daitezke, soinuak elkartuz abestiak egiten dira, akordeak...

Eta hori landu duzu hain justu, azken atalean... 

Hirugarren atala da hori; guri zer gustatzen zaigun eta zer ez lotuta dagoela alde batetik, fisikarekin, hau da maiztasunen arteko erlazio jakin bat gehiago gustatuko zaigula, printzipioz, baina kulturak ere baduela zerikusia horretan. Txikitatik entzun ditugun abestiek ere eragiten dute gure gustu horietan: mendebaldeko musika entzun dugunok badugu joera bat soinu jakin batzuekiko. Esperimentuak egin izan dira beste kultura batzuetako pertsonekin eta hori ondorioztatu dute. Amazonian guztiz isolatutako pertsonek beste musika eragin batzuk izan dituzte eta ikusi da indigena horientzat atseginak direla guretzat oso desatseginak diren soinuak, eta guretzat disonanteak diren soinuak beraiek atsegin dituztela. Horrela ikusi daiteke kulturak zer garrantzia duen musika ulertzeko prozesu horretan. Eragin kulturala oso garrantzitsua da.

Notak soinu mugatuak dira, beraz?

Piano baten soinuarekin oso ondo ikusi daiteke hori. Pianoak tekla batzuk ditu, nota batzuk jotzeko aukera ematen dutenak, do jotzen badugu eta hurrengo nota, re, tartean do sostenido edo re bemol izango ditugu, baina ez gehiago, ezin da jo tartean dagoen beste ezer. Baina fisikaren aldetik soinu infinituak daude tekla batetik bestera. Ezinezkoa izango litzateke partitura bat idaztea infinitu soinu horiekin, azken batean soinua jarraitua da, edozein soinu edo maiztasun jo daiteke, baina guk antolaketa bat egin dugu horietako batzuk bakarrik hartuta.

Gure entzumena ere ez da gai soinu guztiak entzuteko... 

Soinuak mugagabeak dira eta notak konbinatuz lortu daitezkeen aukerak itzelak dira, baina ez mugagabeak. Eta gure entzumena ez da gai soinu guztiak entzuteko, maiztasun jakin batzuetako soinuak entzun ditzakegu, 20tik 20.000 hertzio bitarteko maiztasuna dutenak, alegia. 20 azpikoak ezin ditugu entzun eta ezta 20.000tik gorakoak ere, ultrasoinuak, alegia. Beste animalia batzuk entzun ditzakete, adibidez txakurrek.

Doinu batzuek pertsonengan sortzen dituzten erreakzioak ere osagai kulturalarekin dute zerikusia? 

Eragin kulturalak, norberaren esperientziak, oroitzapenak... sentimenduen mundu hori ere sartuko da gustuen kontuan. Hor zientziak ez du horrenbeste esateko.

Zergatik idatzi duzu gai honen inguruan?

Musika nahiko eguneroko bizitzako gai bat da, lehenago ez nuen gai honetan hitz egin, eta gogoa nuen hitz egiteko. Fisika eta matematikako hainbat kontu biltzen dituelako eta aldi berean, gertukoa den gai bat delako aukeratu nuen. Pianoa jotzen ikasten ari naiz, eta galderak sortu zitzaizkidan ere. Niri ere eguneroko bizitzak galderak planteatzen dizkit eta hau modu ona da erantzunak emateko.

Saria pandemia betean iritsi zaizu, idatzi al duzu zerbait koronabirusari buruz? 

Lanen bat edo beste argitaratu dut Zientzia Kaiera blogean, baina ez koronabirusari buruz, birusei buruz baizik, orokorrean. Zientziaren aldetik oso goiz da orain gertatzen ari dena aztertzeko, zientziak denbora behar du, eta denbora pasa beharko da jakiteko benetan zer gertatzen ari den momentu honetan. Denbora beharko dugu hau zer den jakiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!