Koronabirusa

"Ez da inolaz ere errentagarria izango"

Ataria 2020ko mai. 14a, 12:00

Astelehenean zabalduko ditu ateak Tolosako Bide Bide Hotelak; enpresetan dabiltzan jendearen erreserba batzuk baino ez ditu.

Tolosako Bide Bide Hoteleko arduraduna da Josean Martin Zentol. Astelehenean irekiko ditu hotelak ateak, baina ia erreserba guztiak erori zaizkie.

Nola hartu zenuten dena ixteko albistea?

Albisteak ez gintuen ezustean harrapatu. Itxieraren aurretik ikusten genuen bazetorrela zerbait. Erreserbetan enpresen bajak jaso eta jaso ari ginen. Gobernuak agindua ematea itxaron genuen, baina zain geunden. Baina ez genuen espero hainbeste luzatuko zenik.

Ia bi hilabete luzatu da.

Bi hilabete hauek oso luzeak izan dira. Oso adi egon gara eta egunero-egunero erreserbak nola ezeztatzen ziren ikusi dugu. Egokia zen erreserba kopurua genuen abuztua eta iraila bitartean. Nazioarteko jendea zen asko, ingelesak, frantziarrak,... baina Europako herri gehienek egin duten lehen gauza izan da erreserbak ezeztatzea. Eta gaur egun, oraindik ere, bajak jasotzen ari gara. Errealitate gordinarekin egin dugu topo.

Astelehenean irekiko duzue.

Bai, hemengo enpresei zerbitzua eskaintzeagatik. Baina gelen okupatzea oso-oso baxua dugu. Langileek enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteetan jarraituko dute, eta ni bakarrik egongo naiz lanean. Ez da inolaz ere errentagarria izango, baina saiatu beharra dago martxa hartzen.

Irekitzeko gogoarekin?

Gogoarekin baina gehiago, guztia egonkortzeko gogoarekin. Izugarria izango zen nolabaiteko normaltasunera iristea, eta irekitzea. Poztuko nintzateke urgentziaz deitu beharko banie langileei lanera itzultzeko, baina ez dago lanik.

Protokolo aldetik zein betebehar dituzue?

Garbitasun aldetik hotel erraza da gurea. Ez dugu moketarik, alfonbrak kendu ditzakegu, eta dagoeneko egiten genuen garbiketa ozonoarekin. Gutxi gorabehera lehengoari eutsiko diogu, eta hartu beharreko neurri guzti horiek hartuko ditugu. Hala ere, gastuak igoko dira garbiketa zehatz guzti horiek egiteko. Hotel txikia da, eta ez dugu konpartitzeko toki handirik, baina dugun apurra itxi edo kendu egingo dugu. Kontrolpean edukitzeko erraza da, oso pertsonala da.

Uda ate joka dator. Nola irudikatzen duzu etorkizuna?

Ez dut ikusten. Atzerritik datorren turismorik ez dugula izango iruditzen zait. Estatu mailakoa ere izoztu egingo dela pentsatzen dut. Oporrak hartzeko unea iristean, egoera hobeto baldin badago, agian, jendea ateratzera animatuko da. Nire ustez, estatu mailako bisitariak izango ditugu eta azken uneko erreserbekin egingo da. Frantzia edo Erresuma Batuarekin lan asko egiten dugu, baina esan moduan, atzera botatzen ari dira. Logeletan erabilgarritasun handia egongo da, eta azken momentua jendea ez bada animatzen bidaiatzera, benetan gaizki ibiliko gara.

Zein mezu utziko zenuke?

Konfiantza izan behar dugu hau konpontzen ari direnengan, eta gu ere bagara horien parte. Guztiok dugu erantzukizuna, eta ea guztiok egiten dugun ahalegina. Kate bat da, eta hegazkinak ez badira mugitzen denok geldituko gara.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!