Gaur bete dira bi hilabete Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenetik. Astero etortzen zaizkien neurriak udalerrira egokitzeko lanetan ari da ordutik Tolosako Udala. Konfinamendua arintzen doan heinean, aurrera begira jartzen hasiak direla dio Olatz Peon (Tolosa, 1969) Tolosako alkateak.
Zer balantze egin duzue?
Inork ez zuen espero bere ametsik gaiztoenean ere mundu mailako pandemia baten aurrean aurkituko ginenik. Oso modu azkarrean erreakzionatzera bultza gaitu horrek, eta eredugarria izan da euskal erakunde guztiek, baina, bereziki, udaletxeek egindako lana. Orain bi hilabete, non gaixotasunak Tolosa eta bereziki Iurreamendi egoitza zuzenean kolpatu zituen, lehentasuna segurtasun eta osasun egoerari aurre egitea zen, eta orain, aurrekoa ahaztu gabe, garapen ekonomikoari laguntzeko fase horretan gaude.
Birusa hedatzen ari zen unean, Tolosaldea biztanleko positibo gehien zituen Gipuzkoako eskualdea izan zen.
Eusko Jaurlaritzak egunero ateratzen dituen datuen zerrendan, Tolosa hain goian ikusteak ardura handia eman zigun; gorrotatu egin nuen zerrenda hori. Bazirudien ezinezkoa zela hori geldiaraztea. Garai horretan, bereziki osasun soziosanitarioko langileek, zuzendaritza taldeek eta Foru Aldundiko arduradunek sekulako lana egin zuten, eta egoerari buelta emateko aukera izan dute. Egindako lan aparta eskertu nahi diet. Egun oso kritikoak izan ziren ordea, eta nahiz eta gaixotasuna oso ardazturik egon Iurreamendi egoitzan, ematen zuen ezin geniola horri aurre egin edo eutsi. Baina tira, segurtasun neurri ikaragarriak hartu ziren, lana oso ondo egin zen eta zorionez, buelta eman zitzaion.
Zergatik izan da hain egoera desberdina Iurreamendi egoitzan eta Uzturre zentroan?
Alarma pizten hasi zenerako Iurreamendi egoitzan gaixotasuna barruan zegoen eta Uzturren ez zen horrela gertatu. Uzturre egoitzan gaixotasuna egoitza barrura ez sartzea lortu dute segurtasun neurriak hartuz eta aldiz, Iurreamendin zegoen gaixotasuna gehiago ez hedatzeko, bestelako lanak egin behar izan dira. Nik uste dut balioan jartzekoa dela bi egoitzetan egindako lana.
Lehendabiziko egun haiek nola joan ziren udalean lan egiteko moduari dagokionez?
Kalean bizitza gelditu zen moduan, udalean prozedura guztiak ere eten egin ziren. Lehenengo lana prebentzio mahai bat osatzea izan zen, eta mahai horretan osasun egoerari aurre egiteko oinarrizko zerbitzu batzuk identifikatu ziren: batetik, herritarren arreta zerbitzua, bestetik, udaltzaingoa, eta azkenik, gizarte zerbitzuak. Prebentzio mahai horretan ordezkari politiko guztiek hartu dugu parte, bai gobernuak, bai oposizioak. Bilerak goizero egiten genituen 08:30ean, aurreko eguna baloratzeko eta zetorrena prestatzeko. Datuak eman ostean, udal barruko lana antolatzen genuen batetik, eta kalera begirako antolaketa egiten genuen, bestetik. Ni neu jartzen nintzen harremanetan egunero klinikarekin ere. Osasun eta segurtasun datuak aldatu direnean, ordea, udaletxean bertan ohiko antolaketara moldatzen saiatu gara; langileak etxetik lan egiten dute, nahiz eta batzuk bertatik lan egin behar duten.
Oro har osasun krisi hau nola kudeatu duzue?
Nik uste antolaketa egokia izan dela udal barruan; gure artean koordinazio ona izan dugu. Egoeraren aurrean langileen erantzuna ere oso ona izan da, prest izan direlako beste hainbat lan egiteko. Gaitasuna izan dugu administratiboki udalaren eskumeneko zerbitzuei aurre egiteko. Orain, konfinamendua arintzeko fase honetan, beste hainbat lan etorri zaizkigu. Beste erakunde batzuetan hartzen diren erabakiak, gero herrietan gauzatzen direnean, ikuskapena herriaren gain geratzen da eta udalak dira herritarrekin harreman zuzena duten erakundeak. Horren aurrean, egun hauetan guztiek egin duten lana oso positiboa izan da.
Astelehenetik hainbat zerbitzu martxan dira. Nola ari da Tolosa horri erantzuten?
Konfinamendu garaian neurri batzuk hartu behar izan genituen segurtasunari dagokionez. Gizarte zerbitzuen saila gakoa izan da horretan eta baita emergentziako taldea ere. Gaixotasunari aurre egiteko eta modu seguruan egoteko etxean egotea izan da neurri bat, baina, hainbat kasutan, eta erreferentzia egin nahi diot indarkeria sexistari, arriskuan zeuden emakumeentzako etxea ez da izan oso eremu segurua. Gai horiei guztiei jarraipena egiten ari gatzaizkio. Baina, orain, hainbat jarduera martxan jarri behar dira, eta segurtasuna eta osasuna lehenetsiz, herrietako garapen ekonomikoari bidea ematea da helburu orokorra. Ezinbestekoa da herriak bizirauteko. Azkenengo momentuetan ari zaizkigu neurri berriak iristen, bereziki igande gauetan, eta guretzako lan ordu bilakatu dira astelehenean guztia prest izateko. Lehen momentutik sektore ezberdinekin harremanetan egoten ahalegindu gara. Horretarako, hiri ekonomi mahaia sortu da eta merkataritza, ostalaritza, lehen sektorea, museo eta enpresetako ordezkariak bildu ditugu talde batean, eta astero errepasatzen ditugu agindu berriak eta horiei erantzuteko neurriak.
Azoka, esaterako, polemikarako gai bat izan da.
Tolosako Udalak azokari ematen dion babesa eta eskaintzen dion ardura erabatekoa da. Badakigu, hasiera hartan, Tolosan zein egoeratan geunden, eta gainera, osasun sailetik agindu bat jaso genuen, esanez, ez zela gomendagarria azoka egitea eta baimena ukatzeko agindu bat ere jasoko genuela kalean azoka hori antolatzeko. Beraz, udalak ekimen bat landu zuen azokako produktoreak beren ekoizpena etxeetara eramateko eta lanean hasi ginen azoka modu seguruan antolatu ahal izateko. Betiere, osasun sailak markatzen zituen irizpideak eta baimenak kontuan hartuz. Tolosak zuen egoerarekin, osasun sailak egindako gomendioei uko egitea ez litzateke arduraz jokatzea izango. Beraz, nik uste, Tolosako Udalak babesa mantentzeko ardura osoarekin lanketa handia egin duela, eta ikusi da egokia izan dela. Udalak baliabide ekonomiko eta giza baliabide handiak jarri ditu azoka modu seguruan eta egokian egin ahal izateko.
San Joan festak eta uda gertu dira; Usabal kiroldegia ere hor dago. Zein aurreikuspen dituzue?
Sanjoanak oso festa maitatuak dira. Bertan parte hartzen dugun eragileok bat gatoz aurten ezingo direla ohiko egoeran ospatu. Jende pilaketa ekidin behar da, eta azken urteetan arrakasta itzela izan dute jaietan antolatzen diren hainbat jarduerak. Lanean ari gara beste modu ezohiko batean ospatzeko. Bestalde, aurreikuspen bat egiten ari gara kiroldegia irekitzean zein baldintza izan beharko dituen jakiteko. Hala ere, Eusko Jaurlaritzatik oraindik ez dizkigute bidali bete beharreko neurriak zeintzuk izango diren.
Aurrekontuetan murrizketak espero dira. Zein ataletan eman daitezke?
Kalte ekonomikoak eremu pribatuan izango dira, baina baita eremu publikoan ere. Esaterako, Udal Finantzaketarako Foru Funtsa %25 murriztuko du Foru Aldundiak. Kontuan izan udaletako sarrerarik handiena hortik etortzen dela; bestetik, tasei dagokienez eta jarduera gelditu denez, sarrera gutxiago izango du udalak; gizarte arloari dagokionez ere behar handiagoak sortuko dira herrietan. Orain garapen ekonomikoari laguntzeko plangintzak osatzen ari gara eta hor ere diru bat egokitu behar da. Aurtengo urtea amaituta ere datorren urtean oraindik neurri asko hartu beharko ditugula aurreikusi behar dugu. Eraginak mila izango dira, eta partidak banan bana aztertzen ari gara. Hala ere, hitzarmen eta kontratu guztiak mantentzen saiatuko gara.