Koronabirusa

Konfinamenduak indarkeria matxistan duen eragina aztertu da

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mai. 14a, 09:18

Tolosako Udalaren ustez, «funtsezkoa» izaten ari da eskaintzen den laguntza, eta «ezinbestekotzat» jo ditu indarkeria jasan duten emakumeentzako arreta guneak.

Indarkeria matxista jasaten duten emakumeei bideratutako laguntza telefonoetara egindako deiek ezohiko moduan egin dute gora Covid-19ak eragindako osasun alarmagatik ezarritako konfinamendua dela eta. «Orain arte indarkeria matxista identifikatzeko zeuden zailtasunei, hainbat egoera normaltzat hartzeko jokabideei eta inpunitate sozialari, ezohiko egoerak eragin duen ziurgabetasuna gehitu behar zaio», adierazi dute udaletik.

Ahalduntze eskoletatik, emakumeen etxeetatik, boluntario taldeetatik, emakume elkarteetatik eta talde feministetatik laguntza sareen zein telefono mugikorretan sortutako taldeen bidez azken asteetan eskaini den laguntza «funtsezkoa» izaten ari dela aitortu dute, «indarkeria egoera batean bizi diren emakumeei babesa emateko».

Horren guztiaren eraginez, eta emakume horien segurtasuna bermatzeko, udalak «beharrezkotzat» jotzen du telefono bidezko arreta emateaz gain, emakume horiengana iristeko bide digitalak ugaritzea eta mezuak ikuspegi komunitario batetik zabaltzea. «Emakumeek online baliabideak eskura izatea eta sare sozial edo Whatsapp bidezko komunikazioak ugaritzea ere ezinbestekoak izango dira aurrerantzean, baita mezuak, indarkeria egoeran bizi diren emakumeei bideratzeaz gain, komunitateari eta auzotarrei bideratzea ere».

KONTROL SENTSAZIOA, HANDIA

Etxeko konfinamenduak ere indarkeria matxista kasuetan «modu zuzenean» eragin duela azpimarratu dute. «Telefono bidezko arretak nabarmen egin du gora, baina kalera irteteko zailtasunek murriztu egin dute salaketa kopurua. Horrez gain, kontuan izan behar da jartzen diren salaketa asko bikote ohiaren aurkakoak izaten direla, indarkeria kasu asko kontrolaren aterkipean ematen direla, eta konfinamenduan erasotzaileek emakumeenganako duten kontrol sentsazioa areagotu egin dela».

Egoera horretan bizi diren emakume askok haien burua eta etxeko gainerako senideak babesteko eta indarkeria egoerak saihesteko «egiten duten ahalegina eta hartzen duten sumisio jarrera» azpimarratu nahi du udalak. «Gaia sakonagotik aztertuta, ondorioztatu da konfinamendua haien erasotzaileekin igarotzen ari diren emakumeak psikologikoki egiten ari diren ahaleginak larritasun ugaritako ondorioak sorrarazten ari dela».

Horregatik, konfinamendutik irteteko faseetan ere lanean jarraituko du udalak, eta «ezinbestekotzat» jotzen du indarkeria jasan duten emakumeei arreta emateko guneak sortzea, «bizitako egoerak sorrarazi dizkien ondorioak identifikatu, artatu eta erreparatzeko. Horretarako, emakume horiek elkarbizitza eta bizitza sostengatzeko egin duten ahalegina gizartean eta erakundeetan ikusarazi behar da».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!