Tolosari buruzko ezagutza handitzeko

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 13a, 18:59

Tolosako Udalak Wikipediako Tolosari buruzko artikuluak osatu eta gehitu nahi ditu herritarrekin elkarlanean; sariak egongo dira.

Tolosako Udaleko Kultura sailak Tolosapedia proiektua garatu asmo du, herritarrekin elkarlanean eta Tolosatzen Eskola Irekia programaren barruan. Herripedia deitutako proiektua garatuz, Tolosari buruzko ezagutza handitzea eta zabaltzea da proiektuaren helburua eta Wikipedia entziklopedia kolaboratiboan Tolosari buruzko artikuluak osatu eta gehituko dira.  
Tolosako Udalak herriko eragileekin elkarlanean egin asmo du. Hala, Tolosako kulturarekin, ondasunarekin, ekonomiarekin, festekin, pertsonaiekin, hirigintzarekin, historiarekin, kirolarekin… lotutako informazioa bildu eta euskarazko zein gaztelaniazko Wikipedia orriak garatzen lagunduko duten herritarrak bilatu nahi ditu. Txikipedia, Wikipediak 8 eta 13 urte bitarteko haurrentzako duen entziklopedia, ere hornitu nahi du udalak.


Maiatzaren erditik uztailaren amaiera arte garatuko dute proiektua. Lehen egitekoa Wikipedian osatzeko dagoenaren eta falta denaren zerrenda bat egitea izango da, Wikiproiektu bat sortuz. Behin hori zehaztuta proiektuan parte hartu nahi duten herritarrei zuzendutako izen emate epe bat zabalduko da. 


Edukia editatzen eta Wikipediara igotzen ikasteko ikastaroak ere emango dituzte. Bihar izango  da lehen ikastaroa eta ekainaren 19an eduki guztia igotzeko online editatoi eguna antolatu du udalak. Proiektuan parte hartu nahi dutenek udaleko Kultura sailarekin jarri behar dute harremanetan, kultura@tolosa.eus helbidera idatzita. 


Proiektuan parte hartzen dutenak eskertzeko sariak banatuko ditu udalak. Hala, pertsona bakoitzak egiten duen ekarpenaren arabera hainbat puntu banatuko dira. Geroz eta  puntu gehiago izan sari gehiago eskuratu ahalko dira. Zinemarako bonuak eta herriko liburu dendetan erabiltzeko erosketa bonuak izango dira sariak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!