Koronabirusa

Txertoa

Erabiltzailearen aurpegia Jone Amonarriz 2020ko mai. 15a, 16:38

Lehendik ere milaka pertsona ari ziren hiltzen mundu osoan egunero: gerretan, gerratik ihesean, itsasoan, goseak, gaixorik, bere buruaz beste eginda, bortxatuta, minbiziarekin, lan istripuetan... Baina epidemia honek pertsonon heriotzak eragiteaz gain, sistema bera ere zauritu du eta zirrikitu guztiak ixteko ahaleginean, handik eta hemendik ari dira injektatzen beldurra gure gorputzetan.

Naomi Klein kazetari eta aktibista kanadarraren The Shock Doctrine —Shock-aren doktrina— ekarri du askoren gogora koronabirusak, hain justu birusa bera aitzakia perfektua delako sistemarentzat hondamendi honen harira gizartean shock egoera bat sortu eta interesatzen zaizkion neurriak hartzeko, izen bereko liburuak zein dokumentalak historiako hainbat pasarteren bidez erakusten duen bezala. Horrek bai eragin beharko ligukeela izua.

Covid19-aren ondorioei immunitatea dien gutxi batzuk dira «normalitate berria» ezarriz finean ezer aldatu nahi ez dutenak. Ostera, modu batera zein bestera, osasun krisia inflexio puntu izaten ari da, zentzu eta sektore guztietan. Lehengo normaltasuna zalantzan jarri eta etorkizuna beste oinarri batzuen gainean eraikitzen hasteko aukera leihoa zabaldu da.

Gure Esku antolatzen ari den Gelditu. Hausnartu. Erabaki. solasaldi digitaletan —baita beste hainbatetan ere— ideia interesgarriak jasotzen ari gara alor anitzetako hizlarien eskutik. Gotzone Sestorain baserritarrak, adibidez, azaldu du Euskal Herriak baduela gaitasuna %100ean bere burua elikatzeko, estrategia bat ondo diseinatuz gero. Kulturgintzaren ekosistemako eragileak batu eta antolatzearen garrantzia nabarmendu du Gotzon Barandiaran idazle eta kulturgileak. Eta Zelai Nikolas legelariak eta GEko kideak gobernantza eredu berri bat eta parte hartzerako zein erabakitzeko tresna eraginkorrak behar ditugula berretsi du. (...)

Txertoa bera ez ote da izango birusaren hedapena etetearekin batera aldaketarako beharrari oxigenoa kentzeko baliatuko duten estalkia

Normalitate berria txertoarekin batera etorriko dela diote. Eta nire kezka da txertoa bera ez ote den izango birusaren hedapena etetearekin batera aldaketarako beharrari oxigenoa kentzeko baliatuko duten estalkia. Horregatik, lehendik zeuden eta bitarte honetan sortzen ari diren saretze, lankidetza eta proiektu herritarrak eta komunitarioak babestu eta indartzeak garrantzia berezia du orain, aldaketarako txertoa geureganatu eta sistemaren krisi honi errotik heltzeko. Gure sendagaia ez baita izango gaitz bakar bati aurre egiteko, gainditu nahi ditugun epidemiei irtenbide integral eta burujabe bat emateko baizik: eskubideen murrizketa eta urraketak, autoritarismoa, desberdintasun sozialak, indarkeria matxista, ekoizpen eta kontsumo ereduak eta abar luzea.

Arazo globalei erantzun lokalak, ardura kolektiboak, eta erabaki burujabeak. Txikitik handira eta behetik gora eragiteko gaitasunean sinesten hasten garenean, orduan urrats handi bat egingo dugu herri bezala.

 

 


 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!