Koronabirusa

Terrazak ezartzeko espazio publikoaren erabilera handiagoa ahalbidetu du udalak

Ataria 2020ko mai. 13a, 13:36

Ostalaritza sektoreari babesa emateko, ezarritako neurriak errespetatzea eta arduraz eta zuhurtziaz jokatzen jarraitzea eskatzen diete herritarrei. Jende pilaketak ekidite aldera, astelehenaz geroztik, ikuskaritza lanak egiten ari da Udaltzaingoa.

Badirudi pixkana “normaltasun berrian” murgiltzen ari garela. 1 Fasean sartu ginen astelehenean, eta horrek eragina izan du merkataritzan eta ostalaritzan, zenbait neurri malgutu baitira, batez ere sektore horietan. Ostalarien kasuan, terrazen edukiera %50era murriztu da, beti ere, prebentzio eta distantzia neurri zorrotzak jarraituz.

Bi hilabeteko itxialdiaren ondoren, beren terrazak kokatzeari ekin zioten Tolosako ostalari eta tabernariek, ahalegin berezia eginez, ezarrita dauden segurtasun eta osasun neurri guztiak betetzeko. Astelehenaz geroztik, udala ikuskaritza lanak egiten ari da, terrazak modu egokian ezarrita daudela ziurtatzeko eta horien kokapenaren inguruan hainbat gomendio eta argibide emateko.

Ahaleginak ahalegin, astelehenean egindako ikuskaritza lanean ikusi zuten zenbait momentutan neurriak ez direla erabat errespetatzen eta jende pilaketak gertatzen direla. Egoerarekin kezkatuta, atzo zenbait ostalarirekin harremanetan jarri zen udala, egoera aztertu, nola jardun zehaztu eta laguntza eskaintzeko.

Soilik terrazetan

"Ezinbestean 2 metroko distantzia mantendu behar da eserlekuen artean herritarren segurtasuna bermatzeko. Halaber, soilik terrazetan zerbitzatu daiteke eta beraz, herritarrek soilik terrazetan egoteko aukera dute, ezin da terrazatik kanpo kontsumiziorik egin", diote udaletik. Araudia errespetatzen dela ziurtatzeko, aste honetan, ikuskaritza lana egiten dihardute udaltzainek. Edozein momentutan laguntza behar izanez gero edota zalantzarik izanez gero, haiekin harremanetan jar daitezke ostalariak.

"Aurrera egin ordez, atzera egingo dugu"

Ostalariek ezarritako neurriak errespetatzea bezain garrantzitsua da bezeroek ere arduraz eta zuhurtziaz jokatzen jarraitzea. “Orain gauzak behar bezala egiten ez baditugu, ondorioak larriagoak izango dira, eta aurrera pausoak egin ordez, atzera egingo dugu eta jakin badakigu atzera egiteak zer ekarri lezakeen” adierazi du Olatz Peon alkateak. “Ez ahaztu osasun larrialdi egoeran gaudela, birusak gure artean jarraitzen duela eta heriotza asko eragin dituela; txertorik ez dugun bitartean ezinbestekoa izango da “normaltasun berri” honetan arduratsu jokatzea, distantziak mantentzea eta eskuak maiz garbitzea” gaineratu du.

Espazio publikoaren erabilera handiagoa

Alkateak jakinarazi du, herriko ekonomia suspertu eta sektorea babestu eta laguntzeko, "terrazak ezartzeko espazio publikoaren erabilera handiagoa egitea" ahalbideratzen dela, "beti ere, pertsonen mugikortasuna eta segurtasuna, eta noski bizilagunekiko elkarbizitza bematzen bada".  

Horretarako, ostalariek eskaera egin beharko dute udaletxean eta terraza handitzeko proposamena aurkeztu. Udalak, banaka aztertuko ditu kasuak, eta espazioak ahalbidetzen badu, aukera emango da terrazen tamaina handitzeko, pilaketak ekiditeko. Edozein kasutan, aldi baterako izaera izango du neurriak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!