Trebakuntza hitzaldiak, online, KZgunearen eskutik

Ataria 2020ko maiatzaren 13a

Alarma egoeran gauden honetan, gorakada nabarmena izan du interneten erabilerak, erosketetarako, lanerako edota etxekoekin zein lagunekin harremana izateko erabiltzen baita. Hori dela eta, maiatzean zehar, zuzeneko hitzaldiak eskaintzen ari da KZgunea, hainbat gaiei buruzko trebakuntzatan sakontzeko.

Saioak online izaten dira, KZguneak Youtuben duen kanalean, astean bitan, goizez zein arratsaldez (bi ordukoak), eta ia denak, gaztelaniaz. Gai teknologikoei buruzkoak dira, eta horietan parte hartzeko kanalean sartzea besterik ez da behar. Parte hartzeko, beraz, ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.

Orain arte, hiru hitzaldi eskaini dira, baina beste bost ere izango dira. Maiatzaren 5ean izan zen lehena, errealitate birtual eta areagotuan murgiltzekoa. Hurrena, hilaren 7an, etxetik mugitu gabe erosketak egiteari buruz hitz egin zuten. Atzo izan zen hirugarren saioa, Heziketa eta segurtasunari buruzkoa. Bihar, 11:00etan, ordenagailuko birusez eta mehatxuez ariko dira. Datorren asteartean, ordu berean, 3D-n inprimatzeaz hitz egingo dute; hau izango da euskarazko hitzaldi bakarra. Hilaren 21ean eta 26an, 18:00etan, Gauzen Interneta eta Android sekreturik gabe izeneko saioak eskainiko dituzte. Azken hitzaldia, 28an izango da, 11:00etan, smartphonea prest izateari buruz.

KZgunetik gogorarazi dutenez, oraindik martxan dute zalantza teknologikoak argitzeko urrutiko laguntza zerbitzua. Laguntza behar dutenek 943 023 681 telefonora deitu edo tutor.tolosa@kzgunea.net helbide elektronikora idatzi dezakete.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!