Koronabirusa

Tolosako EH Bilduk krisiaren ondorioei aurre egiteko proposamena aurkeztu du

Ataria 2020ko mai. 11a, 19:00

Egoera zaurgarrienean geratu diren herritarrak zein tokiko ekonomiaren sektore ezberdinak jarri dituzte erdigunean.

Tolosako EH Bilduk Covid 19 krisiaren ondorioei aurre egiteko proposamena garatu eta aurkeztu du. Kontuan hartzeko lan lerroak proposatu dituzte, egoeraren diagnostikotik hasi eta esku hartze planeraino. EH Bilduren helburu nagusia, egoera zaurgarrienean gelditu diren herritarren beharrei erantzutea izango da. Horretarako esku hartze plan proposamena luzatu diote udal gobernuari, bozeramaileen bileran aipatuta eta ofizialki erregistratuta. 

Epe motzean zein ertainean kontuan hartzekoak izan daitezkeen lan lerro eta laguntzak proposatu dituzte, baita luzera begirakoak ere. Aurrekontuen egokitzapena eta esku hartze plana garatzerakoan, udal gobernuarekin "lehentasunak markatu eta eztabaidatzeko asmoz" egin du proposamena EH Bilduk, "krisi honetatik ahalik eta ondoren irteteko denon elkarlana ezinbestekoa" dela iritzita. 

Egoera zaurgarrienean geratu diren herritarrei oinarriko laguntzak bermatzeaz gain, tokiko ekonomiaren sektore ezberdinei babesa eta laguntza ematea ere helburu nagusitzat jo dute. Era berean, krisiaren beste hainbat alderi ere kontuan hartzekoak direla eta erantzun egokia behar dutela uste dute: besteak beste, indarkeria matxistaren gorakada, arazo psikologikoen gorakada, kultur ekitaldien eta festen berrazterketa eta kultur eragileen egoera zerrendatu dituzte. 

Horiek guztiak aztertzeko, herrian duten errealitatearen diagnostiko bat egitea ikusi dute egokien. Horretarako eragile sozial, kultural eta ekonomikoak, eta herritarrak entzun eta beraiekin diagnostikoa partekatzea da asmoa. Jarraian, udalaren baliabide ekonomikoak berraztertzea proposatu dute: "Diru sarrerak aldatuko dira, eta egoera berrian erronka berriei erantzuteko gastu eta inbertsioak berregin beharko dira". Hor, EH Bilduren proposamena da "ezinbesteko gastuak zehaztea eta pertsonak atzean ez dituzten inbertsio eta proiektuak atzeratzea". 

Ondoren, esku hartzea gertatuko litzateke, "antzeman ditugun beharrizanei erantzuteko erronkak zehaztu eta ekimen bihurtzea".  Lan hori ere herritarrekin eta eragileekin partekatuko luketela azaldu dute, eta modu horretara, herria eta komunitatea indartu nahi dituzte. 

Proposamena modu zabalagoan ikusi nahi duenarentzat tolosa.ehbildu.eus webgunean zintzilikatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!