Ander Avellanedak bere ibilbidea amaitu du Tolosa CF-n

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 9a, 14:59

Urtebete jokalari bezala, hiru urte entrenatzaile laguntzaile eta beste hiru lehenengo entrenatzaile bezala eman ditu. Klubak azken 7 urteetan mutilen senior taldearekin egin duen lana eskertu nahi izan dio.

"Momentu onak eta txarrak bizi izan ditugu, baina orain onak bakarrik ditugu gogoan: hirugarren mailara igotakoa, errege kopako kanporaketak (bereziki Valladoliden aurkakoa), Azkoitian lortutako garaipena panenka estiloan zuk botatako penaltiari esker eta eskudoari muxuka...". Era honetara, ohar baten bidez eskertu nahi izan du Tolosa CF-k Avellanedak urteotan egin duen lana. 

Hemendik aurrera sortuko zaizkion proiektu berrietan osperik handiena opa diote, "bihotz bihotzez", eta Tolosa CF beti bere etxea izango dela gogorarazi diote.

Avellanedak berak sare sozialetan eman du erabakiaren berri eta aitortu du Berazubiko harmailetan jarraitzaile bat izango duela beti taldeak. Klubarekin izandako lorpenak zerrendatu ditu, "penarekin bada ere", zikloa ixteko unea iritsi zaiola adierazi du, erronka berriei ekin ahal izateko. Tolosa CF-ko orain arteko entrenatzaileak gogoan izan ditu bere talde teknikoko kideak eta baita jokalariak ere, "arrakasta guztien protagonistak izan dira".

Hiru urteotan bere buruari jarri zizkion helburuak gogoan hartu ditu Avellanedak agur oharrean: "Hirugarren mailara igotzea, ondoren kategoria mantentzea eta entrenamendu eta partidu bakoitzean jokalariak ilusioaz kutsatzea zen nire helburua, konprometituak eta adeitsuak izan zitezen. Zelaitik kanpora eta zelai barruan familia bat osatu nahi nuen". Asmo horiek bete dituela uste du entrenatzaileak, "geure buruan sinistu dugulako eta sakrifizio handiz lan egin dugulako". Hirugarren mailako igoera eta Errege Kopako sailkapen historikoa jo ditu ahalegin guzti horien emaitza bezala. "Ez dut sekula ahaztuko Real Valladoliden aurkako arratsalde hura, non gure inguruan ilusioa eta poza nabari ziren".

Orain arte Tolosa CF-ko entrenatzaile izandakoak eskerrak eman dizkie taldean egin duen ibilbidean bere buruarengan konfiantza jarri dutenei. "Trikiri eskerrak eman nahi dizkiot, bere proiektuaren barruan nahi izan ninduelako. Beti izango dugu urte hura gogoan, gure kapitan Urtzi Gurrutxagaren heriotza tamalgarria dela eta". Lehen entrenatzaile gisa aritzeko aukera eman diotelako eskertuta agertu da Avellaneda eta gaur egungo zuzendaritzak beregan jarritako konfiantza nabarmendu du. Orain proiektu berriei ekingo die.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!