Espainiako Gobernuak martxoaren 14an ezarri zuen Alarma Egoera, eta ordutik une latzak pasa dituzte Iurreamendi egoitzan. Kutsatu eta hildakoen kopuruak gora egin zuen eta egoiliar, langile eta senitartekoen kezka areagotu zen ere. Ostegunean, maiatzak 7, izan zen kutsaturik gabeko lehen eguna zaharren egoitzan, bertan aritzen direnen lasaitasunerako.
Azken asteak gogorrak izan dira Iurreamendin. Kutsatuak, hildakoak, salaketak... abiadura handian pilatu dira albisteak.
Martxoaren 14an ezarri zuten Alarma Egoera, baina martxoaren 6an bertan hasi ziren bisitak mugatzen. Martxoaren 13an hasi ziren egoitzako eremuak banatzen, izan ere langileetako baten senitarteko batek positibo eman zuen. Gipuzkoako Foru Aldundia martxoaren 19an hasi zen bere sareko egoitzetako kutsatu eta hildakoen berri ematen eta egun horretan lau positibo zeuden Tolosako egoitzan. Martxoaren 21erako lau gehiago zeuden, eta lehen hildakoen berri, zenbatekoa zehaztu gabe, martxoaren 31n eman zuen Foru Aldundiak. Hori baino lehenago, martxoaren 24ean, suhiltzaileak bertaratu ziren egoitza desinfektatzeko.
Babes neurriak hartu ez izana, edo garaiz ez hartu izana behintzat, leporatu zaie egoitzako arduradunei, tartean Gipuzkoako Foru Aldundiari, Kabia sarean bidez, zentroko kudeatzailea delako. ELAk salaketa jarri zuen, eta Donostiako Lan Arloko Epaitegiak atzera bota zuen apirilaren 24ean. Epaitegiak frogatutzat jo zuen martxoaren 20rako COVID-19a zuten egoiliarrekin aritzen ziren erizainek eskularru bikoitzak edo luzeak, mantal iragazgaitzak, FFP3 maskarak eta betaurrekoak zituztela, eta gainontzeko langileek eskualarruak, mantal erdi-iragazgaitzak, eta maskara kirurgikoak edo FFP3ak zituztela. Sententziak dio ere martxoaren 19an hasi zirela probak egiten eta apirilaren 20rako langile guztiei egin zizkietela. Ordurako hasiak ziren ere egoiliarrei probak egiten eta apirilaren 21erako egin zizkieten guztiei. Norbere babeserako ekipamenduen azken hornitzeak apirilaren 10 eta 16n egin zituzten.