Wikipedian Tolosari buruz idazteko aukera

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mai. 8a, 15:59

Wikipedia entziklopedia kolaboratiboan Tolosari buruzko artikuluak osatu eta gehitu nahi dira. Maiatzaren 13tik aurrera eskainiko dira ikastaroak interesa azaltzen dutenentzat, eta ekainaren 19an igoko dira edukiak. Sariak egongo dira parte hartzaileentzat.

Tolosatzen Eskola Irekia programaren barruan eta Tolosako Udalak gobernantza eredu berrietan sakontzeko hartutako bidearekin bat eginik, Kultura Sailak Tolosapedia proiektua garatu nahi du herritarrekin elkarlanean. Wikipedia entziklopedia kolaboratiboan Tolosari buruzko artikuluak osatzea eta gehitzea izango da egitekoa, Herripedia deitutako proiektu bat garatuz. Proiektuaren helburua, berriz, Tolosari buruzko ezagutza handitzea eta zabaltzea da. Tolosatzen Eskola Irekian garatutako elkar-ezagutza lanketaren barruan gauzatuko da proiektua, lurraldea eta herria bera ezagutzea ezinbestekotzat hartzen baita parte-hartzea eta elkar-harremanak sustatzeko.

Tolosako hainbat gaiei buruzko artikuluak sortuz eta osatuz landu nahi da proiektua. "Wikipedia entziklopedia kolaboratiboa denez, eta Tolosatzen Eskola Irekian landutako helburuekin bat eginez, herriko eragileekin elkarlanean egin beharreko zeregina dela ulertzen da", diote udaletik. Hala, besteak beste, Tolosako kulturarekin, ondasunarekin, ekonomiarekin, festekin, pertsonaiekin, hirigintzarekin, historiarekin edota kirolarekin lotutako informazioa bildu eta euskarazko zein gaztelaniazko Wikipedia orriak garatzen lagunduko duten herritarrak bilatu nahi dira.

Elkarlan hori sustatzeko herriko eragileen zein gizarte gaietan aritzen diren herritarren laguntza eta kolaborazioa beharrezkotzat jotzen da: euskara, kultura, hezkuntza, kirola eta gizarte gaiak lantzen dituzten elkarteak, emakume elkarteak, irakasleak, eta baita atzerritarrak edo hizkuntza eskolak ere, Tolosari buruz bilduko den informazioa beste hizkuntza batzuetara itzuli eta itzulpenak ere Wikipediara igotzeko. Gainera, Txikipedia, 8 eta 13 urte bitarteko haurrentzako Wikipediak duen entziklopedia ere hornitu nai du udalak.

Ikastaroetatik online editatoi egunera

Tolosako Udaleko Kultura sailak zehaztutako egutegia jarraituz, maiatzaren erditik uztailaren amaiera arte garatuko da proiektua. Lehen egitekoa Wikipedian osatzeko dagoenaren eta falta denaren zerrenda bat egitea izango da, Wikiproiektu bat sortuz. Behin hori zehaztuta, proiektuan parte hartu nahi duten herritarrei zuzendutako izen emate epe bat zabalduko da. Proiektuan parte hartu nahi dutenek udaleko Kultura Sailarekin jarri behar dute harremanetan, kultura@tolosa.eus helbidera idatzita.

Beste herri batzuetan garatu diren Herripedia proiektuetan egin bezala, Tolosaren kasuan ere edukia editatzen eta Wikipediara igotzen ikasteko ikastaroak emango dira. Ikastaro horietako batzuk orokorrak izango dira, eta beste batzuk lan konkretuei buruzkoak. Eduki guztia igotzeko online editatoi egun bat antolatu da. Maiatzaren 14an izango da lehen ikastaroa eta ekainaren 19an editatoia.

Sariak parte hartzaileentzat

Gainerako Herripedia proiektuetan egin izan ohi den bezala, Tolosan ere sariak egongo dira proiektuan parte hartzen dutenen artean banatzeko. Pertsona bakoitzak egiten duen ekarpenaren arabera hainbat puntu banatuko dira, eta parte hartzen duten guztien artean banatuko dira sariak: zinema bonuak eta herriko liburu dendetan erabiltzeko erosketa bonuak.

Puntuak banatzeko irizpideak:

  • 5 puntu orrialde berri bat sortzeagatik (birzuzenketak kenduta)
  • 0,005 puntu gehitutako byte bakoitzagatik.
  • 0,02 puntu gehitutako hitz bakoitzagatik.
  • 100 bonus puntu 1.000 hitz gehitzen bazaizkio orrialde bati.
  • 2 puntu erreferentzia berri bat gehitzeagatik.
  • 0,5 puntu jada existitzen den erreferentzia bat berrerabiltzeagatik.
  • 5 puntu gehitutako irudi bakoitzagatik (15 norberak igotakoak badira).
  • Ez da emango 30 puntu baino gehiago orrialde bakoitzean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!