Koronabirusa

Gizarte zerbitzuen gida, herritarren beharrei erantzuteko

Ataria 2020ko maiatzaren 8a

Hainbat alorretan lan egiten duten erakundeen eta elkarteen telefonoak eta helbide elektronikoak bildu ditu gida batean Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak.

Gizarte alorreko hainbat gairen inguruan laguntza behar duten herritarrei zuzendutako gizarte zerbitzuen gida osatu du Tolosako Udalak. Gizarte laguntzen berri emateko eta herritarrek dituzten beharrei erantzuteko hainbat baliabide biltzen ditu gidak, hala nola, hainbat alorretan lan egiten duten elkarte eta erakundeetako telefono zenbakiak eta helbide elektronikoak.

Hala, egungo egoerak eraginda laguntza psikologikoa edo psikosoziala behar dutenei, hitz egiteko beharra dutenei, doluan laguntza behar dutenei, konfinamenduaren ondorioz bizikidetza arazoak dituztenei edo haien ardurapean mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko gida osatu da.

Laguntza eskaintzen duten erakunde orokorrekin harremanetan jartzeko baliabideak ere bildu dira bertan, besteak beste, Tolosako Udalarenak zein larrialdietakoak eta Osakidetzakoak. "Osasun larrialdi egoera hasi zenetik, pertsonen beharrei erantzutea izan da Tolosako Udalaren zeregin nagusia, eta gida hau ere helburu horri lotuta osatu da", diote udaletik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!