Hezkuntza zentroetako irakasleen eta ikasleen arteko harremana digitala izatera pasatu da osasun larrialdiaren ondorioz, arrakala digital akademikoak eta sozialak sortzen dituen ezberdintasunak agerian utziz. Izan ere, Tolosako ikastetxeetako ikasle guztiek ez dute ikasketen jarraipena etxetik eta modu digitalean egiteko aukera. Hala, hezkuntza zentroekin elkarlanean eta hitzarmena bat medio, muturreko egoeran egon litezkeen familiei behin behineko irtenbidea emateko ardura hartu zuten Tolosako Udalak eta Zaintza Sarea Tolosa Mahaiak.
Lehenik, ikastetxeetako egoeraren diagnostiko bat egin zuen Auzolanean Tolosa talde eragileak. Laskorain Ikastolako, Herrikide Ikastetxeko eta Samaniego-Orixe Ikastetxeko zuzendariek, arrakala digitala pairatzen duten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBH-ko eta Batxilergoko ikasleen zerrendak, eta horiek teknologia digitalaren inguruan zituzten behar zehatzak helarazi zizkieten. Identifikatutako kasuak udaleko Gazteria Zerbitzuari helarazi ostean, Parte-hartze Sailarekin elkarlanean landu zuten irtenbidea.
Horrela, duela bi aste, Gurutze Gorriko boluntarioek egin zuten 25 ekipo informatiboren banaketa, zailtasun handiak dituzten 23 familietan. «Ezohiko errealitate honetan, eskola klaseak ez dira presentzialak, eta Tolosako familia batzuentzako bideraezina zen baliabide informatiboak eskuratzeak izan zitzakeen gastuei aurre egitea. Lehen eta Bigarren Hezkuntza derrigorrezkoak dira, eta ikasleek baliabide horiek lortzeko eskubide osoa dute, ikasturtea amaitu ahal izateko. Lan honi esker, eskubide hori bermatzea ere lortu da», diote Auzolanean Tolosa taldetik.
Banaketaz gain, interneterako gutxieneko konexioa ere ahalbidetu zen aipatutako familia horien artean, ikasle guztiek ikasketen jarraipen digitala etxetik egiteko aukera izan zezaten, eta familiei ere baliabideak nola erabili jakinarazi zitzaien. Udalaren iritziz, bi helburu ditu: «Arrakala digital akademikoa gainditzea eta haur, nerabe eta gazteen isolamendu egoera ez areagotzea».
«Gurutze Gorrian altan eman ondoren, 11 boluntario aritu gara laguntzen. Pozik gaude eta ikasturte amaierara arte jarraituko dugu», diote Auzolanean Tolosatik. Zaintza lanaren bitartez babestuko dituzte ikasleak. «Taldeko boluntario bakoitzari ikasle bat esleitzea erabaki genuen, jarraipena egin, eta ikasleek ere erreferentzia bat izan dezaten».
Jarduera berreskuratzen
Alarma egoerak ere izan du eragina udalaren funtzionamenduan. Langile gehienak etxetik ari dira lanean oraindik, eta Prebentzio Mahaia bertan behera geratu da momentuz, ohiko jarduera berreskuratzen ari delako. «Herritarren beharrei erantzutera bideratu ditugu gure baliabide eta indarrak, Gizarte Zerbitzuak, Udaltzaingoa eta Herritarren Arreta Zerbitzua oinarrizko zerbitzu modura jarriz, herritarrak modurik egokienean artatuak egon daitezen», diote.
Poliki bada ere, normaltasunera itzultzeko urratsak egiten ari dira. Hiru arloetako eta zuzendaritzako lan bilerak abiarazi dira eta Osoko Bilkurak ere berreskuratu dituzte. Halaber, kontratatazio prozedimenduak berriz ere martxan jartzeko lanean ari da udala, aurreikusitako lan eta proiektuak gauzatu, eta dagokienean, esleipenak abiarazteko.
Eguneroko jarduna berreskuratzeko, udal eraikinetan hartu beharreko prebentzio neurrien txostena ere landu da. Gauzak horrela, posible den kasuetan langileen itzulera sustatuko da, ohiko jarduera berreskuratzeko. Babes, higiene eta segurtasun neurriak hartuko dira, baita langileen artekoak ere. Maskarilen erabilera ere sustatuko da eta zenbait arreta gunetan neurri bereziak ere hartuko dira, manparak edota pantailak ezarriz nahiz edukiera kontrolatuz.