Koronabirusa

600 bisera babesle, herriko merkatari, ostalari eta autonomoentzat

Ataria 2020ko mai. 7a, 17:07

600 unitate jarri ditu eskura udalak. Bihar goizean egingo da horien banaketa, Zerkausian, Babes Zibileko kideen laguntzarekin.

Alarma egoera ezarri zenetik, babeserako materiala banatzen aritu da udala Etxez Etxeko Arreta Zerbitzua eskaintzen duten langileen artean, zaharren egoitzetan, Asuncion Klinikan, ezohiko azokan eta baita zabalik egon diren saltokietan ere. Etapa berri honetan, poliki poliki tokiko komertzioa eta zerbitzuen sektorea ateak zabaltzen ari dira. Gaurkoz aurretiazko hitzorduarekin, bezeroak bakarka artatuz, eta hainbat prebentzio neurri hartuta, higiene eta distantziari dagokienez, batez ere.

Gauzak horrela, zabalik egon diren saltokiekin egin moduan, udalak, bisera babesleak edo pantaila homologatuak erosi ditu pixkana irekitzen joango diren saltoki eta establezimenduetan banatzeko. Guztira 600 unitate erosi ditu udalak. Horiek eskuratzeko interesa duten merkatari, ostalari eta autonomoek udalera jo behar dute izena emateko 943 65 44 66 telefono zenbakira deituta edota merkataritza@tolosa.eus helbidera idatzita. Materialaren banaketa, berriz, Zerkausian gauzatuko da, bihar, goizeko 9:00etatik 13:00etaera, Babes Zibileko kideen laguntzarekin.

Udaletik materiala arduraz erabiltzeko eta zaintzeko eskatu dute, eta soilik beharrezkoak direnak eskatzeko ere bai, guztientzat egon daitezen. Era berean, jakinarazi dute pantailak muntatu gabe banatuko direla baina oso erraza dela horiek muntatzea. Bisera eta lamina garbituta daude baina oso komenigarria eta gomendagarria da erabiltzaileak berriro garbitzea (30ml lixiba, ur litro bakoitzeko).

Garraio publikoan derrigorrez

Bestalde, astelehenaz geroztik, nahitaezkoa da garraio publikoan maskarilak erabiltzea eta horregatik, egunotan materiala banatzen ari da udala. Tren eta autobus geltokietan nahiz Hiribus zerbitzuan gauzatu da banaketa, erabiltzaileen zaintza eta babeserako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!