Saskiratzeak oraingoz akabo

Imanol Garcia Landa 2020ko mai. 7a, 18:00

Saskibaloiaren arduradunek bukatutzat eman dituzte ligak; TAKE klubeko bi talde nagusiak denboraldia itxi eta datorrenari begira jartzeko moduan dira.

Saskibaloi taldeek asteartean jaso zuten ligak bukatu direneko erabakia. Ez da maila jaitsierarik izango, ezta igoerarik ere. Eskualdeko bi talde nagusiei, TAKE klubeko gizonezkoen eta emakumezkoen senior taldeei, ez die hainbeste eragin, sailkapenaren erdialdean baitzeuden etenaldia ezarri zenean. Hori bai, bertako kideek gustura jaso dute aspaldian esperoan zeuden erabakia. Orain, denboraldiari amaiera eman diezaiokete.

Gizonezkoen taldea, Redline Mekanika Take, 1. mailan nazionalean dago, eta zortzigarren amaitu dute liga. Espainiako Federazioak kudeatzen du goragoko liga eta beraiena EAEko Federazioak. «Espainiakoak talderik ez dela jaisten erabaki duenez, EAEko federazioak inor ez igotzea erabaki du», esan du Jon Azaldegi entrenatzaileak.

Lortutako zortzigarren postuari «pena pixka batekin» begiratzen dio. «Denboraldia oso joko maila onarekin hasi genuen, bi garaipen bikain lortuz. Gerora zerbait gehiago falta izan zaigu, parekatuta izan ditugun partidak irabazteko», zehaztu du Azaldegik. «Horregatik geratu naiz zapore gazi-gozo batekin. Hobeto egin genezake eta partida gehiago irabazi». Bestalde, ez duela hainbeste inporta gaineratu du, taldeak duen mailaren arabera egungo kategoria dagokiolako.

TAKE emakumezkoen lehen taldeak Gipuzkoako ligako 1. mailan jokatzen du, eta aurtengo denboraldi berezia seigarren postuan amaitu du. «Ikusten genuen oso zaila egingo zela denboraldia bukatzea», esan du Iñigo Irurtzun entrenatzaileak. «Gainera jakinik Gipuzkoako lehen mailan gaudela, eta ez dugula ez ezer irabazten eta ezer galtzen ere, nik uste dut erabaki onena hartu dela, eta behingoz itxitzat eman dezakegu denboraldia».

Lehenengo urtea izan da Irurtzunentzat taldeko lehen entrenatzaile moduan, eta balantzea «oso positiboa» izan dela dio. Denboraldiaren hasieran zituzten helburuak ez zeudela emaitzei begira eginda zehaztu du: «Ziklo berri bat hasi zen, eta helburu nagusia zen jokalariak ohitzea egoera berri honetara. Helburu nagusia taldea egitea eta mantentzea zen, batez ere animikoki eta gure arteko harremanei begira, eta uste dut lortu dugula hori, eta horrek ekarri du seigarren postuan sailkatzea, aurreko denboraldia baino bi postu gorago». Jokoaren aldetik gorabeherak izan dituztela ere gaineratu du, partida batzuk «oso ondo» jokatuz eta beste batzuk «oso gaizki».

GOGORRA ETA ARRAROA

Konfinamendu egoeran jokalariei etxean jarduera fisikoa egiteko ohitura mantentzea gogorra egingo zitzaiela pentsatzen du Azaldegik. «Astero bidaltzen genizkien halako entrenamendutxo batzuk, ez zezaten sasoirik galdu. Baina kantxako lanik gabe, eta kontuan hartuta kirol honetan taldekideen arteko koordinazioa oso garrantzitsua dela, bigarren maila batean garatzen da etxean egin daitekeen lan hori», zehaztu du. Hemendik aurrera egoera berezi bat ere biziko dute saskibaloi jokalariek, beste kiroletan gertatuko den moduan. «Normalean udan izaten da atsedena, eta guri gertatu zaigu etxean sartuta bi hilabete eta gero, beste bi edo hiru hilabete oso luze gertatu daitezkeela, batez ere lehiarik gabe», esan du Azaldegik.

Irurtzunek gaineratu duenez, «arraroa» egin zaie konfinamendu egoera: «Lehen ohituta geunden astero pila bat ordu elkarrekin egoten, entrenamenduetan eta asteburuko partidetan. Ikusi dugu jokalariek errutina bat hartu dutela eta barruko ariketa fisikoari garrantzia eman diotela, eta, beraz, entrenatzaileek ez dugu ikaragarrizko presioa jarri kirola egin zezaten. Beraz, pozik gaude jokalarien jarrerarekin». Talde giroa mantentzeko hainbat dinamika egin dituzte, «batez ere elkarrekin egon eta umore pixka bat sartzeko, eta balio izan du kontaktua mantentzeko».

AZALDEGIK EZ DU JARRAITUKO

Kluba datorren denboraldira begira jarri da. Maiatza horretarako garaia izan ohi da, taldeak egituratu eta entrenatzaileak lotzeko, eta horretan ari dira arduradunak. Hain justu, Azaldegik ez du jarraituko lehen taldearen entrenatzaile izaten: «Erabakia otsailetik hartuta nuen, eta klubeko arduradunek orain hiruzpalau aste galdetu zidatenean jarraituko ote nuen, ezezkoa esan nien. Arrazoi nagusia denbora eta eskakizun maila izan da. Proiektu batean sartzen naizenean ehuneko ehuna ematea eta gauzak ahal den ondoen egitea gustatzen zait, eta aurten frustrazio momentu asko izan ditut, iruditzen zitzaidalako taldeari ez nintzela ari eskaintzen behar zuen denbora guztia. Irailean lan berri batean hasi nintzen eta buru-belarri egon naiz horretara, eta aurrera begira egoera hori ez da aldatuko».

Azaldegik klubari «bere aletxoa» eskaintzen jarraituko duela gaineratu du, baina lehen taldearen ardura izan gabe. «Jokalari multzo handi batek jarraituko duela uste dut eta, beraz, beraiekin lan egitea posible den bitartean, taldeak jarraipena izango du», esan du.

Bere aldetik, Irurtzunek dioenez, taldearen denboraldia ixteko bilera bat egingo dute Internet bidez, taldeko kide bakoitzak azaltzeko aurtengo esperientzia nolakoa izan den. «Badakit kluba datorren denboraldirako gauzak lotzen ari dela, baina nesken lehen taldeko entrenatzaileok ez dugu gure artean hitz egin», zehaztu du Irurtzunek. «Lehenengo jakin nahi dugu jokalariek zer esaten duten. Gure balantzea, noski, positiboa izango da, eta informazioa jaso ondoren joango gara ikusten datorren urtera begira zer erabakitzen dugun».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!