Taiwan eta bere kultura etxetik ikusteko aukera

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mai. 7a, 16:00

Topic-ek Taiwango txotxongiloen erakusketa berria ezagutzeko aukera eskaintzen du, birtualki. Uhartetik kanpo dagoen handiena da, era guztietako 180 txotxongiloz osatua.

Inaugurazioa martxoaren 14an zen egitekoa, baina Covid-19aren pandemiak nahitaez zapuztu zituen Topic-eko planak. Orain, berrogei urte bete ondoren, profesional talde batek erakusketa birtual bat garatu du. Taipeiko Espainiako Ekonomia eta Kultura Bulegoak eta Tolosako Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroak elkarrekin landutako proiektua da, eta www.teatrodemarionetasdeformosa.com webgunean ikus daiteke. Taiwanetik kanpo inoiz erakutsi den txotxongilo erakusketarik handiena izateaz gain, osatuena ere bada.

Osasun krisiaren ondorioz, Tolosako zentroan inauguratzekoa zen erakusketa fisikoak itxita egon beharko du, oraingoz. Etorkizunean irekitzekotan, aurtengo azaroaren 1a arte egongo da erakusketa Tolosan.

Horregatik, Taipeiko Espainiako Ekonomia eta Kultura Bulegoa buru-belarri aritu da itxialdian, ikusleek Asiako estatuaren historian zehar ibilaldi bat egiteko aukera izan dezaten. «Ezin gara etxetik irten ikustera joateko, baina erakusketa gure etxean sar daiteke, Taiwandik ekarritako pieza paregabe horiek ikusteko», azaldu dute Topic zentroko arduradunek.

MUNDU OSOAN ERREFERENTE

Era guztietako 180 txotxongiloren (hari-txotxongiloak, itzal-txotxongiloak eta gidaridunak) aukeraketaren bitartez, uharteko kultura gerturatu eta hainbat agertoki eta musika tresna tradizional ezagutzeko aukera dago. Txotxongilo bilduma zabal horretan, gainera, Taiyuango (Taipei) Txotxongiloen Antzokiko Asiako Museoko jatorrizko piezak ikusi ahal dira.

Hain justu, txotxongiloen antzerki-museo paregabea da, eta mundu osoan erreferente. Asiako txotxongiloen kultura tradizionala zaintzea eta sustatzea du helburu.

Kontinente guztietako txotxongiloen antzerkiko 10.000 artelan baino gehiago biltzen ditu; itzal eta hari-txotxongiloak daude, eta baita eskularruko eta uretakoak ere.

Aipatzekoa da Robin Erik Ruizendaal doktorea dela erakusketaren komisarioa. Taiwango Taiyuan Txotxongiloen Antzerki Konpainiako zuzendari artistikoa da bera. Sinologian doktorea ere bada Leideneko (Herbehereak) Unibertsitatean, mundu osoko txotxongiloen antzerkiarekin lotutako erakusketa askoren komisarioa izan da.

Asiako estatuko txotxongilo moderno eta tradizionalen 20 antzerki eta musika ekoizpen baino gehiago idatzi eta zuzendu ditu, 30 herrialdetan baino gehiagotan aurkeztu direnak, eta iaz Franco-Taiwanesa Kultur Fundazioaren saria jaso zuen, txotxongiloen artea ikertzen, zaintzen eta zabaltzen egindako lanagatik.

10 URTE BETE DITU

Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroa 2009. urteko azaroan inauguratu zen, eta hasieratik irudimenaren, berrikuntzaren eta originaltasunaren aldeko apustua egin duen proiektua izan da. Bere osotasunean txotxongiloen arteari zuzendutako Europako zentro bakarra da. Hala, txotxongiloak oinarri dituen erakusketa iraunkor bat jasotzen du museoak, tartekatzen diren aldi baterako erakusketekin.

10 urte bete dira beraz, Topic martxan jarri zela. Urteurrenaren harira, urte hasieran, Tolosako Udalak eta Topic Zentroak museoa ezagutzeko bina sarrera banatu zituzten Tolosako etxebizitza guztietara. «Urteurrena herritar guztiekin ospatu nahi da, munduko hainbat herrialdetako kultura Tolosatik bertatik ezagutzen hasteko aukera eskainiz», adierazten dute udaletik.

Esan bezala, gonbidapen horien banaketa egungo alarma egoera ezarri aurretik jarri zen martxan, Topic museoa ixteko agindua jaso aurretik, alegia. Hala, Tolosako etxe guztietara banatu diren gonbidapenetan trukea apirilaren 30era arte egin ahalko dela zehazten bada ere, eta osasun larrialdiak eragin duen itxialdia tarteko, epe hori zabaltzea erabaki dute Tolosako Udalak eta Topic zentroak.

Ondorioz, etxean egotera behartzen gaituen ezohiko egoera hau amaitu eta normaltasunera itzultzean, Topic museoak gordetzen dituen altxorrak ezagutzera joateko gonbita egiten die udalak tolosar guztiei, «herrian ditugun altxorrak ezagutu eta tolosar guztion zati den kulturaz gozatzeko».

Bitartean, etxetik, www.topictolosa.com webguneko bisita birtualaren bidez, museoaren eskaintza ezagutzeko aukera dute herritarrek. 

Fantasia ate joka, bertan bezala sentiarazteko

Txotxongiloen museoan ere eragina izan du gizartea eraldatzen ari den osasun krisi larriak. Noiz, eta bere hamargarren urteurrena ospatzen ari zenean. «Egun arraroak dira, hori egiaztatu dugu, baina dena ematen ari gara hurbil sentiarazteko eta txotxongiloak konfinamenduan bidelagun izateko», diote.

Hala ere, arazoari irtenbidea bilatzen aritu dira. «Fantasiazko mundu honetan ez dago aspertzeko astirik. Denerako aukera dugu: ikasteko, jolasteko, txotxongiloak egiteko eta museoa modu berezian bisitatzeko». Mariona «maitearen» falta sumatuko dutelakoan, ez kezkatzeko esan diete herritarrei. «Ondo dago, eta bera ere etxean geratzen da».

Hain justu, jarraitzaile guztiengana heltzeko asmoz, programa berezi batekin dihardute. Egunero, 18:00etan, Marionak, museoko txotxongilo bat aukeratu, eta hari buruzko sekretu bat kontatzen du. Astelehenero eta ostegunero, 17:00etan, Marionarekin hitz egiteko aukera izaten da. Asteartero eta ostiralero, 17:00etan, Platopic-eko tailerrak izaten dira Karmele eta Junerekin, «etxean aurki daitezkeen elementuekin txotxongiloak eginez dibertitzeko». Azkenik, asteazkenero, 12:00etan, Karmelek bideo bidezko saioak eskaintzen dizkiete helduei, irakasleei eta begiraleei. Bideo horiek jarraipena izango dute aurrerago, TOPIC+ proiektuan.

Etxean ere «ondo pasa daitekeela» gogorarazten dute museotik. Gainera, egindako txotxongiloen marrazkiak edo argazki eta bideoak sare sozialetan partekatzeko edo mariona@cittolosa.com helbidera bidaltzeko eskatzen dute. «Kalera ateratzen garenean, lagunei, senideei eta Marionari erakutsiko dizkiegu».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!