Koronabirusa

"Inoiz baino lan gehiago egiten ari gara egunotan"

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mai. 6a, 19:00

Sukaldearekin eta bertako produktuarekin harreman estuan bizi dira Gorka Rico eta Javi Rivero, AMA tabernako jabeak. Amaren egunaren aitzakian hasi ziren etxera eramateko otorduak prestatzen. Sekulako eskaria izan zuten. Datozen asteetarako ere ugari dituzte. «Ez genuen espero, ezta pentsatu ere», dio Riverok.

Zein da Tolosako ostalarien egoera une honetan?

Denbora zen ostalariak biltzen ez ginela, eta nobedadea izaten ari da gure artean bilerak (birtualak) egitea, bai urteetan herrian aritu direnentzat, baita berriak garenontzat ere. Talde handi bat bezala funtzionatzen hasi gara, eta orain, gainera, modu zuzenagoan komunikatzen gara udalarekin. Egoerara egokitu beharrean gaude, baina uste dut etekin on bat atera dezakegula. Modu batera edo bestera, baina antolatu egin gara, eta hori ezinbestekoa zen.

Zenbatek duzue otorduak etxeetara eramateko asmoa?

Une honetan, herriko hiru establezimenduk dugu zerbitzu hori martxan. Beste bi ere jarri dira gurekin kontaktuan, informazioa eskatzeko. Esan beharra dago, erabiltzaileek zerbait berezia nahi izaten dutela; hori da zerbitzu honen esentzia. Donostian, esaterako, sukaldaritza modernoak edo abangoardistak du sona. Hemen, ordea, ez dago horrelako aukera handirik, eta beraz, gu behintzat hori bilatzen saiatzen gara.

Amaren egunaren aitzakiarekin lan handia egin behar izan genuen, aurreikusitakoak baino eskari gehiago jaso genituelako. Baina, taberna guztiak berdin hasiz gero, hiruzpalau merkatu horretatik kanpo geratuko lirateke. Jendeak hilabete izan du etxeko sukaldean trebatzeko, eta beraz, egin ezin duen hori edo lan handia ematen dion hori bilatzen du orain. Gure eskaintza horretara bideratzen saiatu gara, eta agian hori izan daiteke taberna askok zerbitzu hau martxan jartzeko izan dezaketen zalantza handiena. Merezi ote die, ala ez?

Zuek janaria etxeraino eramateko zerbitzua jarri zenuten martxan. Zergatik?

Kontziente ginen gure bezeroak mantendu nahi izanez gero, zerbait egin behar genuela. «Gauzak aldatuko dira, baina gu ez gara joango, hemen egongo gara». Mezu hori transmititu nahi genien. Lehen hilabetean, baina, desinformazio ugari zegoen. Ez zen hasteko une egokiena. Jendea lasaitu zenean eta errutina batzuk normaltzat jotzen hasi ginenean, orduan bai. Ondorioz, Gorka sukaldean eta ni banaketa egiten hasi ginen, gure proiektua berriro ere martxan jarri eta bizirik mantentzeko nahiarekin. Guk lehengaia ematen diegu bezeroei, gero beraiek zerbitzatu dezaten, guzti honen parte sentitu daitezen.

Nola ari zarete lanean krisia aurrera eramateko?

Lehen aipatu bezala, banaketa zerbitzua bion artean egitea aurreikusten genuen hasieran. Hala ere, eskari erdiak baino gehiago Tolosatik kanpo jaso direla eta horrek dakartzan ondorioak kontuan hartuta, ezinezkoa zela ikusi genuen. ABEE-tik langile bat atera eta horrek ekar zezakeen arazoari aurre egitea pentsatu genuen. Baina, langile hori ezin bazen ABEE-ra itzuli, eta guk ezin bagenuen mantendu, guztia zulora zihoan. Hortaz, horrelako maniobra egitea apustu txiki baterako arrisku handiegia hartzea zen. Aktibitatera itzultzeak hori dakar. Ondorioz, Irene Caminos lehengusinari galdetu nion, ea prest egongo zen zerbitzuan lan egiteko. Erlaziozko kontratu bat dugu, berak guri publizitatea egiten digulako. Orain lehiatzen ari ez denez, otorduak banatzen ari da.

Orain, baina, sukaldari bat aterako dugu ABEE-tik, eskariari aurre egiteko. Gainerako langileek egoera berean jarraituko dute. Taberna irekita genuenean baino lan gehiago egiten ari gara egun hauetan, gastu gutxiago ditugulako. Aurkikuntza bat izan da, eta mantentzea gustatuko litzaiguke, baina ahal bada,bolumen handiagoarekin eta langile guztiekin.

Egoera, egia esan, ez da ez erraza, ezta polita ere. Nire ustez, ostalaritzaren sektorea bizirik mantentzea nahi badu, bi aukera ditu Espainiako Gobernuak. Batzuk, egoera ezagututa, ziur ez direla aktibitatera itzuliko. Beste batzuk, berriz, bi aukera aurreikusten dituzte. Batetik, gizarte segurantza kobratzen jarraitzea. Izan ere, ABEE-a aktibatzen duzunetik, langilea mantendu behar duzu, sei hilabetez. Dagoeneko bi hilabete igaro dira, eta beste bi pasako dira fase guztiak burutzen direnean. Hortaz, geratzen diren bi hilabete horietan, zuk hartu beharra duzu zure langile guztien gizarte segurantzaren kargua. Horrek zer esan nahi du? Seguruenik, zuk lanik egin gabe, nahiz eta langile horiek ABEE-an mantendu, ordaindu egin beharko diezu, baina enpresan ez da dirurik sartzen. Hortaz, enpresa asko ito egingo dira, zulora joango dira, eta enpresarekin batera, bertako langile guztiak.

Beste aukera, berriz, kaleratzeak baimentzearena da, noski, kaleratzeak baldintza batzuetan. Nire ustez, berriro ere erritmoa hartu ahala, eta soldata duin bat emateko aukera duenean, langile berdinak kontratatzera konprometitu behar du enpresak. Horrez gain, zurekin ez dauden bitartean, langabezia kobratzea bermatzen diezu.

Ez dakit zein den formula egokiena, baina ez da erraza. Famili askoren soldatak, eta soldata horiek bermatzen dituzten enpresen bizitzak daude jokoan. Ni bezala, asko, horrelakorik gertatu ezean, arazo handietan sartuko garela iruditzen zait. Zorretan geratuko gara, baina aldi berean, ez zaigu dirurik sartzen. Horregatik ere hasi ginen Gorka eta biok zerbitzua martxan jartzen. Argi genuen, martxan jarraitu ahal izateko zerbait egin behar genuela, bestela ez genekielako zerekin topatuko ginen. Hasieran soluzio ederra zirudien ABEE-ak, baina orain kondena bat dirudi. Horregatik diot, guri horrela jarraitzeak merezi digula.

Beste kontu bat da terrazak jartzearena. Zer nolako erantzuna emango zaio herrian?

Oraingoz inork ez du baieztatu taberna irekiko duenik. Aldiz, askok aitortu dute ez diela merezi, hartu beharreko neurri guztiengatik. Eta hala da, ez delako bezeroen joan-etorri handirik espero; kalean egoteko eta sozializatzeko beldur handia dago oraindik. Txertoa lortzen den unean, jatetxe batek taberna batek baino azkarrago hartuko du erritmo konstante bat. Tabernetan beldur hori geratuko delako. Hortaz, tamainak asko baldintzatzen du ostalari bakoitzaren egoera. Metro gehiago badituzu, zenbakiei buelta emateko aukera handiagoa izango da, betiere, gastu pertsonaletan aurreztuz gero. Jende gehiagorengana iristeko aukera egongo da, baina argi ibili beharra dago gastu finkoekin.

Fasez faseko eboluzioa nolakoa izango den aurreikusteak ez du zentzu handirik, ez behintzat gure sektorean. Inon ez dut ostalaririk ikusi bere negozioa irekiko duela eta oso ondo joango zaiola esanez. Guztiz aurkakoa. Gehienek otorduak etxeetara eramaten jarraitzeko asmoa dute, eta beldur hori pasatzen denean ikusiko da zer gertatzen den. Txantxetan ere aipatu izan dugu ez dugula baztertzen taberna itxi eta bertan lantegi bat jartzea, bertatik AMA tabernako otorduak ateratzeko. Baina, une honetan, ezinezkoa da erabaki finko bat hartzea, ez dagoelako zertan oinarritu, ezta zeri heldu ere.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!