ZIENTZIAREN TALAIA

Garagardoari buruz

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2020ko mai. 9a, 08:59

Bai, gaur garagardoari buruz hitz egingo dizuet. Gozagarria eta atsegingarria den likido preziatu hori. Nola egiten da garagardoa? Garagardo guztiak berdinak al dira? Zein da haien arteko desberdintasuna?

Ardoa eta garagardoa bereizten hasiko gara: ardoa frutarekin egiten da -nagusiki, mahatsa- eta garagardoa, aldiz, aleekin egiten da nagusiki, garagarra-. Lehenik eta behin, jakin behar da edari alkoholdun bat egiteko hartzidura prozesua ezinbestekoa dela. Hartzidura izaki bizidunek egiten dute, legamiek hain zuzen ere. Legamiek fruten edo aleen zukuan -muztioan- dauden azukreak jaten dituzte alkohola eta karbono dioxidoa ekoizteko. Jakina, horretarako beharrezkoa da muztioan azukreak egotea. Mahatsen kasuan, frutak azukreak gordetzen ditu eta, hortaz, legamiak ez dauka arazorik azukre horien hartzidura egiteko. Aleen kasuan, aldiz, almidoia dago eta ez azukrea. Almidoia azukre bihurtzeko, almidoi molekulak zatitu egin behar dira.

Almidoia zatitu eta azukreak lortzeko hainbat modu daude, baina, gaur egun gehien erabiltzen dena maltatze prozesua da. Malta lortzeko, garagar-aleak uretan jartzen dira eta ernamuintzen uzten da. Ernetzea hasi eta gutxira -zurtoinaren tamaina haziaren tamainaren berdina denean-, prozesua eten egiten da aire beroa erabiliz. Aleak lehortzen direnean lortzen den produktua garagarraren malta da. Maltatzea gertatu den bitartean, alearen barruan dauden entzimek almidoia zatitzen dute eta, horrela, amaieran azukre askeak daude, legamientzako prest.

Jarraian, malta ehotu egiten da, baina, ez gehiegi: ez da irina lortu behar. Ehotutako malta urarekin nahasten da eta muztioa, garagardoaren aurrekaria, beratzen uzten da. Muztioa beratu ostean, irakiteko prest dago. Irakitearen helburua likidoa esterilizatzea da, bertan egon daitezkeen mikroorganismoak hiltzeko. Bigarren helburua, muztioaren zapore gozoa orekatzea da eta, horretarako, lupulua gehitzen da etapa honetan. Lupulua marihuanaren familiako landare igokari baten kono erretxinatsuak dira eta zapore mikatza ematen diote garagardoari.

Muztioa egosi ondoren, hoztu egiten da, jarraian legamia gehitu behar delako -tenperatura altuan legamia hil egin daiteke-. Hortaz, behin muztioa hoztuta legamia gehitzen da eta hartzidura prozesua hasten da. Oro har, bi legamia mota erabiltzen dira garagardoa egiteko eta legamiaren, lupulu mota eta kantitatearen, malta-motaren eta erabilitako uraren arabera, hainbat garagardo mota desberdin lortzen dira. Oro har, garagardoak bi talde handitan banatzen dira: Ale eta Lager motakoak. Desberdintasun bakarra ez den arren, erabilitako legamian dago gakoa. Ale garagardoak -mikatzagoak, sendoagoak- Saccharomyces cerevisiae legamiarekin egiten dira eta lagerrak, aldiz, S. carlsbergensis edo S. uvarum legamiekin egiten dira. Azken horiek, arinagoak eta orekatuagoak dira. Tabernan hartuko genukeen kaña arrunta lagerra da, hain zuzen ere.

Hartziduraren ostean, garagardoa ia prest dago. Tarte batez garagardoa heltzen utzi daiteke -ardoaren antzera- eta jarraian, botilaratu egiten da. Pasteurizazioaren ondoren, kontsumitzeko prest dago. Hala ere, asko dago esateko oraindik. Hurrengoan jarraituko dugu...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!