Koronabirusa

Maila berean jarraituko dute

Imanol Garcia Landa 2020ko mai. 6a, 19:59

Naroa Jauregi tolosarra, Tolosa CF-ko 1. Maila Nazionaleko jokalaria, etxean entrenatzen.

Ziur aski futbolean ez da jaitsierarik izango, eta, beraz, Tolosa CF-ko emamumezkoen lehen taldeak 1. Maila Nazionalean jarraituko du eta gizonezkoenak Hirugarren Mailan.

Eskualdeko bi futbol talde nagusiek datorren denboraldian maila berean jarraituko dute. Espainiako Futbol Federazioak maila ez profesionaletan jaitsierarik ez egoteko proposamena egin du gaur, eta datozen bi egunetan erabakia irmoa izatea espero da. Neurri horrek batez ere 1. Maila Nazionalean dagoen Tolosa CF-ko emakumezkoen taldeari eragingo lioke, liga bertan behera geratu zenean, jaitsiera postuetan baitzegoen. Gizonezkoen Tolosa CF-ko taldea, Hirugarren Mailan dagoena, jaitsieratik salbu zegoen lehiaketak eten zirenean.

Aurreko asteburuan bukatuko zuen liga 1. Maila Nazionaleko taldeak, bizi dugun egoera berezi hau egon ez balitz. Liga eten zenean 14. postuan zegoen taldea, azken hirugarren. «Sailkapena bere horretan hartuz gero, jaitsi egingo ginateke, baina badirudi ez dela jaitsierarik egongo, eta horrekin salbatuko genuke», esan du Imanol Cabero entrenatzaileak. Ia denboraldi guztian egon dira beheko postuetan, eta jaitsierarik ez izatea positiboa izango dela dio Caberok. «Beste aukera bat emango digu maila honetan lehiatzeko, eta dagoeneko urtebeteko esperientzia izango genuke».

Hirugarren Mailako taldea 17. postuan zegoen etenaldia izaterakoan, eta beraz, postu batengatik jaitsieratik salbatuta. «Talderik ez dela jaisten ofizial egiten bada, eta igoerak zehazteko azken sailkapena kontuan hartuko dela, erabakiak gehiago eragiten dio goiko postuetan daudenei, igoera borrokatzeko aukerak zituztenei», esan du Ander Avellaneda entrenatzaileak. «Egia da azken postuen inguruan genbiltzanoi ere ondo etorriko zaigula erabakia. Gainera, ez zen batere justua izango sailkapen hori kontuan hartzea jaitsierak erabakitzeko».

URTE BEREZIA BI TALDEENTZAT

2019-2020 denboraldia historikoa izango da orokorrean kirol mailan, baina horrez gain urte berezia izan da bi futbol taldeentzat. Emakumezkoen taldeak Euskal Ligatik 1. Maila Nazionalera igoera lortu zuten, orain arteko maila altuenean lehiatuz. «Lesionatuta denbora asko egon direnak denboraldi honetan eta partida asko jokatu ez dituztenak oso pozik daude, maila honetan beste urte batez egoteko aukerarekin», dio Caberok.

Hirugarren Mailakoak, igoera lortzeaz gain, Errege Kopa jokatzeko aukera izan zuen, eta Lehen Mailako Valladolid taldearen aurka jokatu zuen azken kanporaketa. «Hirugarren Mailara igotzea lortu genuela eta Kopako parte hartzea gogoratuko dugu, batik bat», esan du Avellanedak. «Koparena zerbait historikoa izan da, asko gozatu genuen, eta baita sufritu ere Valladoliden aurkako kanporaketara iristeko. Oso harro nago mutilek egindako lanarekin».

Denboraldiaren balantzea egiterakoan, gehien ikasi duen urtea izan dela esan du Caberok. «Denak ilusio handiarekin hasi ginen, eta baita urteak luze joko zuela eta lan handirik egin gabe ere salbatu egingo ginela pentsatzen». Lehenengo partidak pasa ondoren, konturatu ziren maila horretan asko sufrituko zutela. «Beste urtetan lehen postuetan aritzen ginen, eta ia beti irabazten. Horrez gain, tendentzia negatibo batean sartzeak ere asko eragiten zuen, partida bat eta hurrengoa ere galtzeak, alegia». Etenaldia gertatu aurretik «txip aldaketa» bat izan zela esan du Caberok: «Konturatu ginen ondo entrenatuz gero, eta beste mentalitate batekin gauzak planteatuz gero, gai ginela gauza gehiago egiteko. Puntu batzuk lortu genituen, ez nahi bezainbeste, baina taldea hobeto ikusi nuen eta horrekin geratzen naiz».

Avellaneda, bere aldetik, gustura agertu da azken sailkapenean taldea jaitsiera postuetatik kanpo uzteagatik. «Nik uste dut taldeek orokorrean falta ziren liga jardunaldiak jokatzea nahi zutela, eta gure kasuan erakustea taldea Hirugarren Mailan mantenduko zela», esan du entrenatzaileak. «Taldea oso ondo ari zen lehiatzen, eta balantzea positiboa da».

Ander Zubillaga berastegiarra, Tolosa CF-ko Hirugarren Mailako jokalaria, etxean entrenatzen.

ERABAKIEN ESPEROAN

Konfinamendu egoeraren hasieran, asko deskonektatu zuen Caberok futboletik. «Gero hasi ginen pixka bat gehiago ikusten nola antolatu». Maddi Garikano prestatzaile lanetan aritu da bere lesiotik berreskuratu bitartean, eta Iraitz Garitano bigarren entrenatzailearekin batera, egin beharreko ariketak bidali dizkie jokalariei. «Orain kalera atera ahal dela, korrika egiteko gomendioak ari dira bidaltzen».

Etenaldia epe motzerako izango zela uste izan zuten Hirugarren Mailakoek. «Hasieran motibatuta geunden, jokalariak eta entrenatzaileak, liga itzuliko zela pentsatuz eta prestaketa lanak eginez», esan du Avellanedak. «Egunak pasatzen joan diren heinean, gero eta argiago ikusten genuen lehiaketara itzultzeko aukera gutxiago zeudela, eta luze egin zaigu». Bere aldetik, Avellanedak futbol gehiago ikusteko aprobetxatu du, taldearen partidak ikusi alor gehiago analizatzeko, eta Internet bitartez gehiago ikasteko.

Datorren denboraldiari begira ez da guztiz jarri 1. Maila Nazionaleko taldea. «Behin erakundeek ligaren egoerari buruz erabakia hartzen dutenean, hasiko gara ikusten zer pauso eman», esan du Caberok. «Garbi dago denboraldi-aurre normala ez dela izango. Ez dut uste abuztuan hasiko garenik entrenamenduekin eta irailean partidak jokatzen ariko garenik. Datorren denboraldia ere berezia izango da».

Oraindik denboraldiari bukaera ofiziala eman behar zaiola berretsi du Avellanedak. «Gero iritsiko da momentua erabakiak hartzeko hurrengoari begira. Azkenean, osasuna da garrantzitsuena, eta itzultzerakoan izango ditugun baldintzen inguruan erabakiak hartzen joango dira».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!