Koronabirusa

«Jendea lasai egon dadila, neurriak hartuta daude»

Jon Miranda Labaien 2020ko mai. 6a, 05:59

Ia bi hilabeteko etenaren ostean, maiatzaren 4ean, justu Rondilla kaleko egoitza ireki zutela bi urte betetzen ziren egunean zabaldu zituen berriro ateak San Migel kiropraktika zentroak. Unai Muñoz (Azpeitia, 1988) kiropraktikoa «pozik» agertu da, berriz ere lanera itzultzeko aukera izan dutelako.

Noiz erabaki zenuten kiropraktika zentroa ixtea?

Ez genekien zer pasatuko zen eta bat batean iritsi zen alarma egoera. Ateak itxi genituen martxoa erdialdera eta zain egon gara ordudanik. Joan den astera arte ez genekien noiz zabaldu ahal izango genituen ateak. Espainiako gobernuko presidenteak iragarri zuen lehengo astean aurretiazko hitzordua zuten zentroak ireki ahal izango zirela gaurtik (maiatzaren 4tik) aurrera eta buletin ofizialean igande gauean iragarpena atera arte zain egon behar izan genuen, jendea babestua eduki ahal izateko zein neurri hartu behar genituen jakiteko. Guk gutxi gora behera aurreikusten genituen neurri horietako batzuk eta aurrea hartu ahal izan diogu egoerari.

Bien bitartean, bi hilabete eman dituzue lanik egin gabe. Nola eragin dizue?

Ahal den neurrian, gure eskura jarri dituzten laguntzak eskatu ditugu, gure jarduna eten egin dugulako hilabete hauetan. ABEEn sartu ditugu langileak, bai Tolosan dugun zentroan, baita Azpeitikoan ere. Hemen Tolosako bulegoan bi kiropraktiko aritzen gara eta beste langile bat dugu harreran.

Zein segurtasun neurri hartuko dituzue hemendik aurrera?

Mundu guztiak entenditzen dituen neurriak dira. Bezero bakoitza artatu eta gero eskularruak aldatu egiten ditugu eta eskuak uneoro mantentzen ditugu garbi gel hidroalkoholikoekin. Maskarak erabiltzen ditugu eta harrerako langileak pantaila ere izango du. Bezeroei eskatzen diegu maskarekin etortzeko, baina horrelakorik ez balute, guk ematen diegu behin erabiltzeko horietako bat. Baina batez ere, lokala garbi mantentzen saiatuko gara, desinfektatuta. Egunean bitan garbiketa sakona egingo dugu, batik bat egunaren bukaeran. Gainera, ozono sorgailu bat erosi dugu, giroa desinfektatzen laguntzen duena.

Hitzordua eskatuta funtzionatzen zenuten lehen ere neurri handi batean.

Bai. Guk beti funtzionatu dugu aurretiazko hitzordua hartzen eta modu horretara jarraituko dugu. Modus operandi guztia aldatu zaigu ordea. Lehen 10 minutu edo 15 minututan hiru paziente pasa zitezkeen gure zentrotik, orain ordea, gela berean ezin dugunez bezero bat baino gehiago eduki, denboran distantzia gehiagorekin eman diegu hitzordua, batik bat, lokal barruan gurutzatu ez daitezen. Segurtasun neurri guztiak hartuko ditugu. Hiru ohe dauzkagu, horietako bi erabiliko ditugu, baina inoiz ez biak batera. Bat okupatzen denean, bestea ondo garbitzen dugu hurrengo bezeroa sartzen denerako.

Bi kiropraktikoek jarraituko duzu lanean?

Harrerako langileak eta nik jarraituko dugu lanean, nik hartuko ditut beste kiropraktikoaren lanak, momentuz behintzat. Gauzak hobeto doazen heinean, berriz ere gure taldera batuko da beste kidea.

Eskularruak eramatea eragozpena al da zuen lanerako?

Ohituta gaude eskularru gabe lan egiten. Ez da berdina, baina ez gaitu hainbeste mugatzen. Segurtasun neurriak onerako diren heinean hartu beharrekoak dira.

Jendea hasi al da deika?

Guk deitu diegu bezeroei, batez ere, bat batean zentroa itxi genuenean hitzordua eskatuta zutenei. Aurreko asteburuan, gutxi gora behera lan egin ahal izango genuela jakin genuenean, hasi ginen hitzorduak partitzen. Aste honetarako oraindik ere geratzen da hutsuneren bat, baina hasiak gara datorren asterako ordua ematen. Paziente gutxiago ikusi ditzakegunez aldi berean, errazago betetzen zaizkigu orduak.

Pozik zaudete berriro ere lanean hasi zaitezketelako?

Bai. Pozik gaude lanean hastearekin, guretzako notizi ona izan da. Beste sektore batzuetakoak zain egon beharko dute oraindik. Hortaz, pozik egoteko moduan gaude. Noiz arte? Nahiko nuke erantzuna jakingp banu. Gauzak ondo egiten baditugu, nik uste dut urte bukaerarako beste egoera batean egon gaitezkeela. Hilabete batzuk beharko ditugu buelta emateko. Buruz jokatu behar dugu, zentzudun eta birus honi ea aurre egiten diogun, lehengo normalitatean jardun ahal izateko. Uste dut jendeak presenteago edukiko dituela garbitasun kontuak.

Areagotu egiten al dira bizkarrezurreko minak konfinamenduan?

Uste dut bi eratako pertsonak daudela. Badaude batzuk luze joko zuela jakinda etxean ariketa batzuk egin dituztenak. Beste batzuk ez dute ezer egin eta horregatik minak hasi dira. Jende hori hasi da dagoeneko deika. Beti da inportantea mugimenduan mantentzea gorputza.

Nora jo dezakete herritarrek hitzordua eskatzeko?

Tolosarra baldin bada, Rondilla kaleko 48. zenbakian gaude, behean. Bestela 722 611 622 telefono zenbakira hots egin dezakete hitzordua eskatzeko. Jendeari lehen bait lehen deitzeko gomendatzen diogu.

Jendea beldurrez sentitzen al duzue?

Nerbio puntu hori ulertu egiten dut nik. Denak ez gaude kondizio berdinetan eta herri guztietan ez du birusak berdin erasan. Azpeitian, zentzuz jokatu arren, jendea lasaiago sumatzen dut Tolosan baino. Neurri guztiak hartuta daude, desinfektatuta egongo da uneoro tokia eta arrisku minimo bat ikusten badugu, ez genuke ekintza hori exekutatuko. Beldur puntua pasatzen joango dela pentsatzen dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!