Gaztetxeen defentsa aldarrikatzeko ospakizuna

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mai. 5a, 09:56

Tolosaldeko Gazte Fronteak Ezpalaren urtemuga iragarri zuen apirilaren 22an. «Garrantzi berezia du, lantzen ari garen bi lan lerroak uztartzen dituelako».

Kurtso honetan zehar, TGF-ren indarrak Zizurkilgo Kaxilda eta Tolosako Ezpala gaztetxeen defentsan jarriko zituztela esan zuten: «Gaur-gaurkoz, ordea, langileon kontrolpeko gune bat (Kaxilda) lapurtu digute, baina besteak bizirik jarraitzen duela ospatzeko eguna da» adierazi zuten. Urteurren bereziaren harira, bideo bat argitaratu zuten. Urtean zehar gaztetxean burutu dituzten ekintza kulturalak, formakuntzak eta bestelako ekimenak biltzen dira bertan.

TGF-tik azaldu dutenez, Ezpalaren urteurrena testuinguru murriztailean iritsi da, martxoaren 6an Kaxilda gaztetxea desalojatu ondoren: «Salbuespen egoera honek askatasun politikoak ukatu dizkigula azpimarratu nahi dugu; egoera asko aldatu zaigu eta horrek borroka aurrera eramateko zailtasunak ekarri dizkigu. Kontrara, lurraldearen eta ekoizpenaren antolamendu burgesa aurrera ematen dutenek ez dute inongo arazorik bildu eta nahieran jarduteko. Egoera honetan egonda ere, momentuko gaitasunaren arabera borrokarekin aurrera jarraitzen ari gara; ez dugu indar faltarik».

Arestian aipatutako bideoa, ordea, ez da aurrera eramango duten proiektu bakarra izango. Argazki bilketa bat ere egiten ari dira. Orri zuri batean «Ezpala defendatu» mezua idatzi, eta hori erakutsiz argazkia ateratzea eskatzen dute. Ondoren, irudiak WhatsApp bidez (667 363 956), Instagram bidez (@ezpalagaztetxea) edota helbide elektronikoz (tezpalagaztetxxea@gmail.com) bidaltzea eskatzen dute. Sare sozialetan zabalduko dituzte bildutako argazki guztiak. «Egoera zail honetan, Ezpala gaztetxea ere bizirik mantentzen delako eta babesa zein elkartasuna ezinbestekoak direlako. Animatu eta adierazi babesa».

KOLPATUENEN DEFENTSARAKO BALIABIDEAK, MARTXAN

Bestalde, Gazte Koordinadora Sozialistak azaldu duenez, «krisi honen ondorioak pairatuko dituena langile klasea izango da. Izan ere, epe laburrean azkartu ditu krisialdi kapitalistaren erritmoak». Egoera horrek ekar ditzakeen ondorioen aurrean, beharrezkotzat ikusi dute «langileriaren babeserako dinamikak eta antolakuntza baliabideak handitzea». Horretarako, GKS-tik esan dutenez, «nazio mailan kolektibo kolpatuenen defentsarako baliabideak jarri dira martxan».

Tolosaldeko hainbat eragilek bat egin dute dinamika horrekin, eta hainbat mekanismo sortu dituzte «erasoen testigantzak bildu eta defentsarako baliabideak eskaini ahal izateko». Tolosaldeko Gazte Frontea, Antolakuntza Komunala, Gerizpe Tolosaldeko Emakume Langileon Defentsa Taldea eta Tolosaldeko Autodefentsa Laboraleko Sarea dira eragile horiek. «GKS-ren tresnak erabiliz, etxebizitzan, polizia jazarpenagatik edota lan esparruan emandako erasoen testigantzak bildu eta asistentzia juridikoa eskaintzeko bitartekoak martxan jartzea da helburua». Gerizpek, genero problematikari ere erantzungo dio, «aspektu honetan gertatzen diren erasoen testigantzak jasoz». Testigantzak bidaltzeko edota eragileekin harremanetan jartzeko hainbat bide daudela adierazi dute, helbide elektroniko bidez, telefonoz edota sare sozialak erabiliz.

IKASTETXEETAN BORROKA IREKITZEKO PREST

Tolosaldeko Autodefentsa Sareak azaldu duenez «ikasturte zaila izaten ari da honakoa ikasle langileontzat». Egoerari aurre egiteko, lehenik, Ikasle Abertzaleen dinamikarekin bat egiten dutela iragarri dute, ondorengoa aldarrikatuz: «Orain arteko online ikasketa plana bertan behera utzi eta ikasketa prozesua beharrezko materialaren lanketara mugatzea, konfinamendua hasi zenetik eginiko lanen balio akademikoa nahiz ohiko selektibitate eredua bertan behera geratzea, ikastetxeak itxita egon diren epean ordaindutakoa itzuli eta hemendik aurrera ez ordaintzea, Lanbide Heziketa dualeko ikasleen praktika egutegia errespetatzea, eta agintari politiko eta hezkuntza ordezkariek ikasle langileon antolakundeekin elkarrizketa mahaiak sortzea».

TAS-ren esanetan, aldarri horiek guztiz zilegizkoak dira: «Ikasleoi ikasturte akademikoarekin normaltasunez jarraitzea exijitzen zaigu, baina horretarako ziurgabetasuna, desegonkortasuna eta baldintza falta nabarmentzen dira». Inoiz baino etxeko lan gehiago jasotzen ditugu, edukiaren kalitatea inoiz baino okerragoa denean». Ikasleekin ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen ari direla ere salatu dute, «ikasleon baliabide materialak, etxeko egoera edo egoera emozionala kontuan hartu gabe. Argi dago ezin dela ikasleria behar bezala ebaluatu».

Horregatik, borroka irekiko dutela iragarri dute, eskualdeko batxilergoko ikastetxeetan. Batetik, online klaseen nahitaezkotasuna kentzea aldarrikatzen dute. Bestetik, berriz, beharrezko edukia soilik ematea. Azkenik, egoera honi aurre egiteko ikasleen antolakuntzaren garrantzia azpimarratu dute, eta ikasleri osoari luzatu die prozesu honetan parte hartzeko gonbita. «Zalantzarik izanez gero, jarri gurekin harremanetan».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!