Koronabirusa

"Lehen eta bigarren fasean irekitzea, ezinezkoa; hortik aurrera, ikusi behar"

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2020ko maiatzaren 4a

Zenbat mahai, terraza, noiz ireki, langile bat, bi... Ostalaritzaren irekiera arautzen duen legedia publiko egin zenetik halako zalantzekin dabil Xabier Izagirre, Tolosako Xirimiri txokolategiko jabea.

«Lehen eta bigarren faseetan irekitzea ezinezkoa ikusten dut, eta hirugarrenean, ikusi behar». 62 urte ditu, azken 28ak Errementariko kaleko txokolategia gobernatzen, eta, dioenez, gutxitan eman dizkio hainbeste buelta buruari. «Ni bizi naiz eguneroko kafeekin-eta. Bezero finkoak ditut, baina jende kopurua murriztu edo terraza mahaietako bat kentzen badidate, ikusi beharko da horrekin aski dudan aurrera egiteko. Tira, eta ez naiz ni bakarrik,Tolosan taberna txiki asko dago, eta haiek ere nabarituko dute ». Izan ere, jendearen ohiturak ere aldatuko direla uste du. «Ez dakit beldurra den, edo ardura handiagoa. pare bat aldiz pentsatuko dute jende pixka bat pilatzen den tokietara sartu aurretik».

Autonomoentzako laguntzak eskatu zituen berak, eta momentuz ez ditu jaso. Lokalaren jabea delako uste du. «Baina gastu finkoak hor diraute: autonomoen ordainketa, asegurua, egunkaria, argindarra...». Sektorearentzako laguntzak eskatu ditu, eta neurriak ordainketen atzerapenetik haratago joan behar dutela uste du. «Orain, esaterako, BEZaren hiruhilekoa ordaindu behar zen, eta atzeratu egin dute. Berdin udal zerga batzuekin. Baina atzeratzeak bakarrik ez du laguntzen. Orain ordaintzeko gaizki, baina bi hilabete barru ez gara askoz hobeto egongo. Sinetsita nago estualdi honekin negozio askok itxi egin beharko dutela».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!