Koronabirusa

«Ibilaldi neurtua dirudi»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mai. 3a, 10:49

Igande goiz arrunt bat izan zitekeen, baina ez. Gaurko egunez gertatu da. Tolosar kirolari eta mendizale askorentzat goiz pasarako helmuga izan da Uzturre mendia, askatasunaren gailurra.

Bakarka edo taldean, musika entzunez edo etxekoen konpainiarekin solasean, kirol saioa egitera edo goiz pasa ederraz gozatzera, lasterka edo oinez, txakurrarekin… Era guztietako aukerak izaten dituzte inguruko mendizaleek Uzturre mendira igotzeko. Gaurkoan, ordea, mugatuak izan dira batzuk.

Koronabirusaren pandemiak eragindako osasun larrialdia dela eta, alarma egoeraren 0 fasean aurkitzen gara orain, eta hori dela eta, neurriak hartu behar dira kirola egiterako orduan.

Aurreikusten zen moduan, jende ugari igo da mendira, eta horiek pilatzen joan dira goizeko orduek aurrera egin ahala. 8:00ak aldera gutxi batzuk ziren gurutze inguruan zeudenak. Ordubete beranduago, ordea, jendetza pilatu da bertan.

Goizeko 6:00etatik 10:00ak bitarte dago ezarrita osteratxo bat egitera edota kirola egitera ateratzeko ordutegia, eta beraz, gehienak, 9:00ak aldera heldu dira gora. Batzuek, gainera, azken minuturaino aprobetxatu nahi izan dute etxetik kanpo egoteko aukera apurretako bat.

“Martxa erregulatua dirudi”, zioen Santa Luzia aldetik igo den herritar batek gurutzeko jende andana ikusi duenean. “Atzo baino jende gehiago dago gaur”, gaineratu du beste mendizale batek. “Asteburua zela kontuan izanda, espero zen horrelako zerbait ikustea. Ea bihartik aurrera zenbatek errepikatzen duten. Moda kontua izan daiteke orain, baina auskalo” aipatzen zuen beste batek.

Gehienek zentzuz jokatu dute, eta segurtasun eta babes neurriak errespetatuz osatu du norberak bere saioa. Bitxikeria moduan, aipatu, hain ezaguna den ohitura galtzeko asmorik ez zuten mendizaleek, ukalondoarekin ukitu dutela gurutzea.

Erlazionatuak

Jendetza Uzturren

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 mai 03 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!