Tolosa CF Eskubaloiak zortzigarren bukatu du liga

Imanol Garcia Landa 2020ko api. 30a, 19:59

Liga amaitutzat eman du Espainiako Federazioak, eta jokatutako azken jardunaldiko sailkapena hartu da kontuan denboraldirako.

Denboraldia bukatu zaie Tolosa CF Eskubaloia lehen maila nazionaleko taldekoei. Espainiako Federazioak Asobal Liga (lehen maila), Zilarrezko Maila (bigarren maila) eta lehen maila nazionaleko liga (hirugarren maila) amaitutzat eman ditu. Hori horrela, sailkapenak jokatutako azken jardunaldian geratu ziren bezala utzi dira, eta, beraz, Tolosa CF-k zortzigarren amaitu du liga. Jon Iraola entrenatzaileak azaldu duenez, denboraldia «oso positiboa» izan da.

Beste erabaki nagusia igoerak izango direla eta mailaz ez dela talderik jaitsiko izan da. «Horrek esan nahi du igotzen direnak gustura geratu direla, eta jaitsiera postuetan zeudenak ere bai», zehaztu du Iraolak. Beraien multzotik lehenengoa igoko da Zilarrezko Mailara, baina oraindik ez dakite zehazki zenbat talde igoko diren beraien multzora bigarren maila nazionaletik. «Uste dut erabakia ondo hartu dela klub gehienetan, egoera zein den ikusita. Igotzeko eta jaisteko postuetan saltsa izan da, eta esango nuke guztiak kontentu daudela. Guk zortzigarren amaituta ezin dugu gauza askorik eskatu».

Lehenengo denboraldia izan da Iraolarentzat talde nagusiko entrenatzaile moduan. Talde oso berrituarekin aritu da lanean, jokalari batzuk utzi zutelako eta hainbat gazte igo zirelako lehen taldera. «Nire ustez balantzea oso positiboa da. Gorabehera handiko denboraldia izan dugu, baina logikoa da ere bai, ikusita zenbat baja izan ditugun, eta zenbat jende berri eta zenbat gazte sartu diren taldean, eta gainera entrenatzaile berriarekin», esan du Iraolak. «Liga oso lehiakorra da. Hasierako tartean ez ginen batere fin aritu, baina gero pixkana-pixkana hobetzen joan gara eta azkenaldirako oso partida onak egiten eta oso garaipen garrantzitsuak lortzen ari ginen».

Bide horretatik, etenaldia izateak pena ematen diola azaldu du, «taldearen une onenean iritsi zelako. Bagenekien edonor irabazteko gai ginela egiten ari ginen joko mailarekin, eta liga bertan behera ez bazen geratu agian seigarren posturaino iristea posible izango zen». Lortutako sentsazio horiek «denboraldi-aurre on batekin» berreskuratu daitezkeela esan du Iraolak. «Etenaldi hau guztientzako da eta inori ez dio etekinik emango, eta normaltasuna bueltatzen denean denok zerotik hasiko bagina bezala izango da».

Oraindik ez dute garbi noiz hasi ahalko diren Usabal kiroldegian taldean entrenatzen. «Guk kontrolatzen ez ditugun hainbat faktore daude. Ez dakigu noiz hasiko den liga, eta ezta ere kiroldegiak noiz zabalduko diren. Beraz, onena da zain egotea, eta martxan jartzen denerako dena prest izatea», esan du entrenatzaileak. Denboraldi honetan abuztuaren bigarren astearen inguruan hasi ziren denboraldi-aurrea, eta hurrengoa ere garai berean hastea ondo legokeela gaineratu du.

JOKALARI BAT, PRESTATZAILE

Bitartean ariketa fisikoak egiten ari dira jokalariak. «Azkenean eskubaloian baloiarekin jokatzen da, eta horixe da faltan botatzen duguna, baloiarekin kontaktua izatea, eta baita korrika lasai egiteko metroak izatea», esan du Iraolak. Entrenamenduak prestatzen taldeko jokalari bat ari da, Julen Garcia ibartarra. «Zortea dugu Julenek Jarduera Fisiko eta Kirolen Zientzietan gradua bukatu berri duelako, eta garbi dago berak nik eta Esteban bigarren entrenatzaileak baino gehiago dakiela, eta bere esku utzi dugu guztia», esan du Iraolak. Garciak asteko ariketak prestatzen ditu eta beste jokalariei bidaltzen dizkie egiteko. «Nik konfiantza dut jokalariengan, eta seguru ari direla esandako ariketak ondo-ondo egiten», gaineratu du entrenatzaileak.

Alde psikologikotik jokalariak ondo ikusten dituela esan du Iraolak. Zentzu horretan gogora ekarri ditu jubenil mailako taldeko jokalariak, txapelketa garrantzitsu bat jokatzeko aukerarik gabe geratu direlako: «Espainiako Txapelketa jokatzeko ilusioz zeuden. Oso ondo ari ziren eta Euskadiko Txapelketako finala jokatzeko txartela lortuta zeukaten bi jardunaldiren faltan. Espainiako Txapelketarako sailkatzeko aukera handiak zituzten». Hain justu, Iraola bera aurreko denboraldian jubenilen entrenatzailea izan zen eta Espainiako Txapelketaren lehen fasea jokatu zuten. «Batzuk bigarren aldiz jokatzeko aukera izango zuten, beste batzuk lehen aldiz, eta pena da horrelako esperientzia izateko aukera galtzea».

Datorren denboraldirako ez du planifikaziorik martxan jarri oraindik Iraolak. «Egun ditugun jokalariekin ondo gaude. Agian igo daiteke jokalariren bat edo beste, baina hori aurrerago erabakiko da», esan du Iraolak. Bigarren urtea izango litzateke berarentzat entrenatzaile moduan: «Bigarren urtea zentzu batean errazagoa izan daiteke niretzat. Maila hau berria zen niretzat entrenatzaile moduan; jubenilak entrenatzetik nentorren, eta aurretik neskak kadeteetatik entrenatzetik. Orain entrenatzaile moduan ikusi dut nondik nora doan liga hau, eta ea bigarrena lehenengo urtea baino hobea izaten den».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!