Koronabirusa

Maizter batzuek ez dute errenta ordaindu beharko

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko api. 29a, 09:54

Krisiaren eraginagatik, egoera larrian dauden etxebizitza babestuko errentariei aplikatuko zaie neurria; telematikoki aurkeztu beharko dituzte eskabideak.

Duela bi aste modu telematikoan ospatu zen Tolosako Udaleko ezohiko osoko bilkura. Bertan, aho batez adostu eta onartu zen Eusko Jaurlaritzak etxebizitza arloan hartutako neurriekin bat egitea; ondorioz, Tolosako etxebizitza-parke publikoetako alokairu publikoko etxebizitzetan bizi diren eta ekonomia kalteberatasun egoeran dauden maizterrek ez dituzte, aldi batean, alokairua eta komunitate gastuak ordaindu beharko.

Antolakuntza alorreko zinegotzi arduraduna den Xabier Balerdik adierazi zuenez, Covid-19aren hedapen azkarrak aurrekaririk gabeko osasun alerta baten menpe jarri ditu tolosarrak. «Herritar ugari ari dira egoeraren kalteak jasaten, osasun krisi honek eragin zuzena duelako ekonomian, gizartean, ekoizpen-kateetan eta baita herritarren egunerokoan ere».

Behar-beharrezkotzat jo zuten familia eta kolektibo ahulenak babestea. «Jarduera ekonomikoaren geldiarazteak maizterrak gastuei aurre egiteko gaitasunik gabe utzi dituen kasuetan, eten egingo dira apirileko, maiatzeko eta ekaineko errentak. Horrenbestez, neurri honen onuradun izango dira, osasun-larrialdi egoeragatik langabezian gelditu direnak, aldi baterako enplegu-erregulazio espediente batean daudenak edota autonomoak direnak eta bere diru-sarrerak %40 edo gehiago gutxitu zaizkienak».

Eskabideak maiatzaren 31ra arte egin ahal izango dira, baina data luzatu ahal izango da, alarma-egoera luzatzen bada. Eskaerak era telematikoan aurkeztu beharko dira, www.tolosa.eus webgunearen bitartez, eskaera inprimakia beteta. Eskaera telematikoa egiteko aukerarik ez dutenek edo zalantzaren bat dutenek, aurrez aurreko arreta zerbitzua etenda dagoela kontuan izanda, etxebizitzak@tolosa.eus helbidera mezua bidaltzea eskatu die udalak.

Eskaera orriarekin batera, maizterraren erantzukizuneko adierazpena eta langabezia egoeraren ziurtagiria (langabezian egoteagatik jasotzen den prestazioa azaltzen duena) atxiki beharko dira. Autonomoen kasuan, Foru Ogasunaren ziurtagiria ere gehitu beharko da.

ERAGINKORRAGOAK ETA GARDENAGOAK

Ezohiko egoera ezarri aurretik ospatu zen azken osoko bilkura otsailean izan zen, inauterien aurretik. Orduan, udaleko kideen informazio publikoko eskubidea arautzen duen araudia onartu zen. Gardentasun eta gobernu onaren printzipioei jarraituta, udalbatza osatzen duten zinegotzi guztien informazio eskubideak bermatu eta arautzeko helburuarekin sortu zen. Udala eraldaketa prozesu erabakigarri batean murgilduta dago, egitura berria txertatu da eta ia erabat ezarria dago administrazio elektronikoa: erregistro elektronikoa guztiz operatibo dago, udal espediente ia gehienak elektroniko kudeatzen dira jada, jakinarazpen elektronikoak errealitate bat dira eta sinadura elektronikoa ere ezarrita dago.

Eguneroko jardunean eraginkorragoak eta gardenagoak izateko helburuarekin sortu zen. Izan ere, arau berri honen bitartez, gobernuko kide ez diren korporazioko zinegotziek informazio guztia eskura dute eta espedienteak kontsultatzeko aukera dute, fisikoki zein telematikoki. Arautegiak halaber, informazio eskaeren prozedurak eta txostenak egiteko eskariak zein eratan egin behar diren eta eskariei zein epetan erantzun behar zaien zehazten du. «Talde politiko batek, oposizioan edo gobernuan egon, ez du inoiz informazio eskuragarriagorik izan», aitortu zuen Xabier Saizar EAJ-ko zinegotziak. Araudia onartuz gero, espedienteetara sartzeko modua izango dutela ohartarazi zuen.

Bestetik, alkateak adierazi zuenez, «gardentasunaren aldeko urrats eta ariketa garrantzitsua da. Oposizioak informazio eta datu mordoa du eskura, udal gobernuaren lanari jarraipen eta kontrola egiteko». Oposizioko kideek begi onez ikusi zuten erabaki hau. Hala ere, «aldi berean, egindako proposamen guztiak kontuan hartu ez zituztela, eta eman zitzaien erantzuna harrigarria izan zela» esan zuen Kristina Pelaez EH Bilduko zinegotziak. «Errespetu falta bat iruditzen zaigu erantzunik ez emateko aukera irekita mantentzea, gure proposamena horrelakorik ez egotea zenean». Hori dela eta, aurkako botoa eman zuen oposizioak.

DIRU-LAGUNTZAK, ZERRENDATUTA

Udalaren diru-laguntzen 2020-2022 Plan Estrategikoa ere onartu zen orain bi hilabete udaletxean egindako bileran. Plan hau kudeaketarako tresna bat da, eta urteko aurrekontuetan aurreikusi eta jaso beharreko eta herritarrei eskainitako diru laguntza guztiak zerrendatzen ditu. Sail ezberdinekin elkarlanean garatu da eta diru-laguntzen jarraipen eta ebaluazioa egiteko ere balio du. «Deialdi bateratua egitea lantzen ari gara, beste hainbat herritan egiten den moduan, eta herritarrei horien tramitaziorako laguntza zerbitzuak indartzea ere aurreikusten da», adierazi zuen alorreko zinegotzi arduraduna den Begoña Tolosak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!