Koronabirusa

«Eindhovenen jendeak badu berekoitasun puntu bat»

Erabiltzailearen aurpegia Lander Muñagorri Garmendia 2020ko api. 25a, 19:59

Lana egiteko beka batekin joan da Eindhovenera Conde. Zortea izan duela dio, kalera irten daitekeelako; baina astebetez bakarrik ezagutu du koronabirusaren aurreko hiriaren ohiko bizitza.

Martxoan joan zen Ekain Conde (Tolosa, Gipuzkoa, 2000) Eindhovenera (Herbehereak), laneko praktikak egitera, eta astebetez besterik ez du ezagutu koronabirusaren aurreko hiriaren ohiko bizitza. Baina itxialdi neurri zorrotzik ere ez dago Herbehereetan, eta kalera irten daitezke oraindik.

Zergatik joan zara Eindhovenera?

Diseinu industrialari buruzko goi mailako ikasketak egin ditut Goierrin, eta lan praktikak atzerrian egiteko aukera ematen ziguten. Hasiera batean beldurra banion kanpora joan eta bakarrik bidaiatzeari, baina, aukera paregabea zela ikusita, azkenean hala erabaki nuen. Tokiaren arabera, aukera ezberdinak zeuden, baina kultura ezagutuz erabaki nuen hona etortzea.

Zerk erakarri zintuen gehiago?

Banekien gure hirien antza zuela, nahiko lasaia, ez dagoela arriskurik... Ez neukan oso argi Herbehereetara etorri behar nuen, baina aukeren artean hau nuen gustukoena.

Nolakoa da bertako jendea?

Lanetik kanpo egin ditugu lagun batzuk, eta badaukate berekoitasun puntu bat. Enpresan bagaude lau euskaldun, eta asko bereizten dituzte kanpotarrak eta bertakoak; lan garrantzitsuak bertakoek hartzen dituzte. Enpresetan, soldata onak dituzte, baina diru hori ikustean itsutu, eta, aukera dutenean, besteak zapaldu eta gora egiteko ez dute aukera galtzen. Baina, bestela, oso jatorrak dira.

Zerk eman dizu atentzioa?

Lan munduan dituzten ohituren artean, ostiralero azken 45 minutuetan zerbezak edaten hasten dira hemen, eta hori enpresa guztietan gertatzen da. Astea amaitzeko oso ohitura ona da; lana egiteaz gain, zure lankideekin harremanak egiten dituzulako.

«Herbehereak» esan, eta askori bizikleta etortzen zaie burura. Zein garraio erabiltzen duzu bertan?

Egia esan, oso erabilgarria iruditzen zait bizikletaren inguruan duten kultura hori. Azken batean, autoan mugitzeak kutsadura sortzen baitu. Ikusten dira autoak, baina jende asko bizikletan dabil. Egia da ere hiria horretarako prestatua dagoela: errepideak beste bidegorri daude, eta bizikleta lortzeko erraztasun ugari daude. Autoa hartzea, gainera, nahiko txarra da, trafiko handia baitago. Bidegurutze eta semaforo asko daude, eta horrek dena geldotzen du. Baina inguru hau guztia laua denez, ez dago inongo zailtasunik bizikletarekin edonora joateko. Gu lanera, esaterako, bizikletan joan ohi gara.

Bide batez, esnatzeko modu on bat izango da...

Bai, onena. Esnatu, kirol pixka bat egin, izerditan iritsi lanera... Kamiseta aldatuta, lanean hasterako esna zaude.

Koronabirusaren eragina nola sumatzen da Herbehereetan?

Hemen nahiko berandu hasi da, Euskal Herriko kontuak entzuten hasi ginenean, hemen egoera bare zegoen. Orain hasi dira kutsatuen eta hildakoen kopuruak handitzen, baina ez dute konfinamendu neurririk hartu: tabernak eta jatetxeak itxita daude, baina kalera atera gaitezke. Hiru pertsona batera atera daitezke, eta, hiru baino gehiago ateraz gero, elkarren artean metro eta erdiko distantzia mantendu behar da.

Lanera joaten ari zarete orduan.

Bai, hemen enpresak ez dira itxi. Neurri bereziak hartu dira, eta maiz-maiz gogorarazten digute eskuak garbitzeko. Baina irekita daude, eta ez dute abisurik eman itxiko direnik ere.

Koronabirusaren krisia igarotzeko leku onean harrapatu zaituzte orduan.

Bai, alde horretatik, zortea izaten ari gara, inguruko leku askotan Erasmus programak bukatu egin baitira, eta guk hemen jarraitzen dugu.

Dena den, martxoan joan zinen hara, eta egoera normala ez zenuen denbora askoan ezagutu ere...

Bai, horregatik esan ohi dugu zorte ona eta txarra izan dugula aldi berean. Kalera atera gaitezke, baina egoera honetan izatea ere Erasmus programan etorrita...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!