Donostiako Lan Arloko Epaitegiak atzera bota du ELA sindikatuak Tolosako Iurreamendi egoitzako Kabia eta Zu eta Biok-i jarritako salaketa. Epailearen iritziz Kabiak eta Zu eta Biok-ek hartutako neurri eta erabakiak aldakorrak izan dira eta sortu diren baldintzetara egokituz joan dira. ELAk neurririk ez hartu izanagatik jarri zuen salaketa, tramitera onartu bezain pronto, behin behineko neurriak martxan jartzea eskatu zuen epaitegiak. Epaiketa egin ondoren, sententzia etorri da, eta bertan, epaileak uste du "jarduera etengabea eta arduratsua" izan dutela Kabiak eta Zu eta Biok-ek. "Egindako probatik ondorioztatu daiteke salatutakoak aktibitate etengabea eta arduratsua izan dutela" dio sentenziak eta hori hartutako neurrien "eraginkortasuna" eta "egungo emaitzak" ikusiz ondorioztatu daitekeela, ELAk proposatutako lekukoak ere hori deklaratu zuela dio. ELAk helegiterako aukera dauka.
ELA sindikatuak apirilaren 14an jarri zuen Iurreamendi kudeatzen duen Kabiaren eta Zu eta Biok kooperatibaren kontrako salaketa. Tolosako Iurreamendi egoitza Gipuzkoako Foru Alduniaren Kabia sarearen barruan dago eta Zu eta Biok kooperatibak ere egiten du lan bertan. 39 langile dira Kabiakoak eta 97 Zu eta Biok-ekoak.
ELAk zioen ez Kabiak eta ezta Zu eta Biok-ek ere, ez zituela langileen osasunerako eta segurtasunerako eskubidea bermatu, eta 48 ordutako epean hainbat neurri hartzeko eskatzen zuen salaketan; egoiliar eta langile guztiei test-ak egitea, langile guztiei norberak babesteko ekipamenduak (NBE) ematea eta horiek homologatuak egotea, garbiketa zerbitzua indartzea, hartu beharreko neurrien eta areto bakoitzera sartzeko eraman beharreko NBE-en berri emateko kartelak jartzea, langileen ordekariei egoitzako egoeraren berri ematea eta abar. Hori egin ezean, atzerapen egun bakoitzeko isun bat ezartzeko ere eskatzen zuen.
Epaitegiak apirilaren 15ean bertan tramiterako onartu zuen salaketa eta apirilaren 20an egin zuen auzi saioa. Sententziaren arabera, Iurreamendiko egoitzan otsailaren 28tik daude NBE-ei, eskuak garbitzeari, edota zonaldeen banaketei dagozkien kartelak. Martxoaren 6an mugatu zituzten egoiliarren bisitak eta hauen ordutegiak, eta martxoaren 13an hasi ziren egoitzako zonaldeak banatzen, langileetako baten senarrak COVID-19an positibo eman eta gero.
Martxoaren 20rako Iurreamendin lan egiten duten erizainek eskularru bikoitzak edo luzeak, mantal iragazgaitzak, FFP3 maskarak eta betaurrekoak zituztela ere badio, eta gainontzeko langileek eskualarruak, mantal erdi-iragazgaitzak, eta maskara kirurgikoak edo FFP3ak zituztela. Era berean dio langileei martxoaren 19tik egiten zaizkiela probak eta auzi saioa egin zenerako, hau da, apirilaren 20rako, langile guztiei egin zizkietela. 55 egoiliar ziren data horretan, testak eginak ez zituztenak, baina apirilaren 20an eta 21n bertan egingo zizkietela dio. NBE-ei eta bestelako materialari dagokienez, azken hornitzeak apirilaren 10 eta 16n egin zituzten.
Zu eta Biok, pozik
Zu eta Biok kooperatibako zuzendaritza pozik azaldu da erabakiarekin eta eskerrak eman nahi izan ditu. "Landa lanean -zaintzaileak, koordinatzailea, garbitzaileak, sukaldariak, ikuztegiko langileak- eta osasun-krisi egoera hau kudeatzen ari diren langile guztiei -administrariak, 24 orduko guardia zerbitzua eskaintzen duten langileak- eskerrak eman nahi dizkiegu, pertsona asko eta asko ari gara krisi honetan gelditu gabe eta esfortzu handiz lanean. Egiten ari diren esfortzu kolektiboa goraipatzekoa da. Eskerrik asko denagatik", esan du.