Koronabirusa

Ezohiko egoeran, baina normaltasun osoz

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko apirilaren 25a

Bigarren larunbatez jarraian, ezohiko azoka izan da Tolosan; aurreko astean baino modu antolatuagoan egin da. Ez da jende pilaketa handirik sortu, eta arazorik gabe jardun dute ekoizle nahiz erosleek.

Aurrez ere ohartarazi zuten, pasa den astekoa baino antolatuagoa izango zela. Eta halaxe izan da. Oraingo honetan, Zerkausian izan ohi diren ekoizleak leku berean izan dira, eta Berdura Plazan eta Euskal Herria Plazan izaten direnak, berriz, Beotibar frontoian. Horrela, herritarrek lehendik zekiten nora jo behar zuten erosketak egitera; herriko bi gune horietara barazkiak, frutak, gozoak, ogiak, esnekiak nahiz eztiak erostera joateko aukera dute oraindik.

Hala ere, ikusmina piztu du Zerkausiko sarreran jarri duten informazio panelak. Bertan, ekoizle bakoitzak zer saltzen zuen adierazteaz gain, horiek Zerkausiko zein gunetan zeuden ere adierazten zen; horrela, erosleentzat errazagoa izan da. Ez da jende pilaketa handirik izan, eta era ordenatuan lan egin ahal izan dute, bai ekoizleek, baita Herri Babesako langileek eta udaltzainek ere.

Oro har, "gustura" azaldu dira erosleak. Postu bakoitzean zer aurkituko zuten jakitun, "erosoa" izan zaie azokan erosketak egitea; "xarma galdu du, nahiz eta ekoizlearekin dugun traturako eta solasaldirako tartea jende pilaketak daudenean baino egokiagoa izan", zioen batek. Normalitatera itzultzeko esperantzarekin jarraitzen dute herritar askok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!