Datorren urtean izan beharko du

Imanol Garcia Landa 2020ko api. 23a, 19:04

Olinpiar Jokoak urtebete atzeratu dira, eta gauza bera gertatu da XIV Orduak mendi martxarekin. Hala ere, ikusgai dago datorren urtean zer-nolako baldintzak izango diren proba egin ahal izateko.

Maiatzaren 31n egitekoa zen XIV Orduak mendi martxa, baina aurten ez da egingo eta proba antolatzen duen Aralarko Adiskideak elkarteak datorren urtera arte atzeratu du. «Egoerak eraman gaitu atzeratzera», esan du elkarteko lehendakaria den Pedro Illunbek. Konfinamendua ezarri osteko ostegunean elkartu ziren zuzendaritzakoak: «Ez genekien noiz arte luzatuko zen egoera, eta hartu genuen lehen erabakia izen ematea ez zabaltzea izan zen. Apirilaren hasieran irekitzekoak ginen, eta pentsatu genuen ea zer gertatzen zen itxarotea, atzera edo aurrera egiteko. Baina gero badakigu zer gertatu den; egoera luzatzen joan da eta Mendi Federaziotik komunikatu bat atera zen mendi proba guztiak bertan behera geratzen zirela esanez».

Datorren urtera atzeratzeak ere bere esanahia du, Illunbek azaldu duenez: «Olinpiar Jokoak izaten diren urte berean egiten da proba, eta anekdota hutsa dela ematen du, baina bazkideentzako garrantzia du. Beraz, Olinpiar Jokoak urtebetez atzeratuko zirela jakin zenean, guk ere horrela egin genuen». Hori bai, ikustear dago zer gertatu daitekeen 2021ean: «Mendi martxa datorren urtean egiten saiatuko gara, baina ikusi beharko da zein den egoera, eta hainbeste jende elkartzen den ekitaldietan zein neurri hartu beharko diren egin ahal izateko».

Aurreko urteko maiatzean zuzendaritza ia guztia aldatu zuten Aralarko Adiskideak elkartean: sei kide berri sartu ziren eta idazkariak jarraitu zuen. Hasiberriak izan eta XIV Orduak atzeratzeak ez duela hainbeste suposatu dio Illunbek: «Honek guztiak hartu duen dimentsioarekin, ez pentsa beste munduko garrantzirik eman diogunik. Azken finean, jendeak beste kezka batzuk ditu. Gure ekitaldiari bakarrik eragin izan dion zerbait izango balitz, okerrago hartuko genuke». Hainbat gauza lotzen hasi aurretik iritsi da atzeratzearen erabakia, eta beraz, ez duela hainbesteko buruhausterik sortu azaldu du Illunbek.

FILOSOFIA BERA

Datorren urtean zein egunetan egingo den ez dute zehaztuta. Horretarako bertan behera geratu diren ekitaldi guztiak noiz egingo diren jakin behar dela esan du Illunbek: «Egutegia ikusi beharko da, eta zehazten joango gara. Euskal Herriko Mendi Martxen Zirkuitua kontuan izan beharko da, batetik. Maiatza bukaera aldera egin nahi izaten dugu, eguna ahalik eta luzeena izan dadin. Horrez gain, udalarekin eta Tolosa CF-rekin hitz egin behar izaten dugu, Berazubi estadioa libre izango dela ziurtatzeko. Bestalde, Tolosako agenda ere begiratzen dugu, ez egiteko bat beste ekitaldiekin».

Aurreko XIV Orduetan mendizaletasunaren jatorrira itzultzeko ikuspegia eman zitzaiola eta oraingoan ere bide horretatik jarraitu nahi zutela azaldu du elkarteko lehendakariak: «Aurreko XIV Orduetan anoa guneetan ura bakarrik banatu zen, eta mendizale bakoitzak motxilarekin egiten zuen proba eta janaria berarekin eramaten zuen. Gure asmoa horrela jarraitzea zen, eta datorren urtean ere berriro helduko diogu filosofia horri. Guregan integratuta dago».

Aurreko ekitaldian 2.800 parte hartzaile inguru izan ziren, eta aurtengorako zenbaki horiek espero zituzten. Irailetik dagoeneko mendizaleek interesa azaldu zieten elkartekoei. «Jendea galdezka genuen ea aurten egingo zen, eta noiz zabalduko ote zen izen ematea», esan du Illunbek. «Bertan behera geratu denean, jende askok idatzi digu babesa emanez, eta datorren urtean parte hartuko dutela esanez. Jende askorentzat erakargarria dela ekitaldia nabari da».

Aurtengo berrikuntzak Internetekin du zerikusia. Probaren webgunea sortu dute elkartekoek, https://14orduak.eus helbidearekin. «Webgunearen helburua da XIV Orduetako aurreko edizioetan sortutako edukiak biltzea. Aldizkari bat ateratzen da, orain digitalizatzen ari garena, eta bertan Aralarri buruzko artikuluak azaltzen dira. Aurtengoa Aralarko meatzaritzaren ingurukoa izan da», esan du Illunbek. Horrez gain, webgunean mendi martxaren hainbat informazio dago: ibilbidea, araudia, informazio praktikoa...

AINGERU EGUNA

XIV Orduak antolatzeaz gain, T3T mendi lasterketaren barruan parte hartzen dute Aralarko Adiskideak elkartekoek ikusleentzat hamaiketakoa prestatuz Uzturren. Aurten mendi lasterketa bertan behera geratu denez, ez dute zeregin hori izango.

Elkartearen beste ekitaldietako bat abuztuaren lehen asteburuan egiten dute: Aingeru Eguna. San Migel ermitatik Igaratzako ermitara eramaten da San Migelen irudia, eta bertan meza egiten da. Horrekin batera, aterpearen inguruan erromeria ere egiten da. «Oraingoz ez dakigu zer gertatuko den egun horrekin, ikusi egin beharko dugu», zehaztu du Illunbek. Bestalde, Igaratzan duten aterpea itxita dute elkartekoek. 128 bazkide dira eta aterpea asko erabiltzen dela esan du Illunbek: «Ia astebururo hartuta izan ohi da aterpea, baina orain ezin da erabili».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!