Koronabirusa

Etxetik ere, kultura sustatzeko deia

Tolosaldeko Ataria 2020ko api. 23a, 15:21

Mubi zine plataformara doako sarbidea izango dute Leidorreko bazkideek hiru hilabetez, herriko kulturari lotutako kanal bat egin dute YouTuben, eta larunbaterako, balkoiak musika doinuz betetzeko eskatu dute.

Osasun larrialdi egoeraren ondorioz, Leidor zinemak asteak daramatza zerbitzurik eskaini ezinik. Tolosako Udaleko Kultura departamentuak zine eskaintza berrezartzeko ahalegina egin du, eta akordioa lortu du zinema independentea eta kalitatezkoa sustatzen duen Mubi zine plataformarekin. Hala, herriko zine zaleek Mubi plataformara doan sartzeko aukera izango dute hiru hilabetez.

Aretoetan ohikotasunez ikusi ezin diren hainbat generotako 30 film ikusi ahalko dituzte. Filmen zerrenda egunero berritzen da, zerrendako film bat kendu eta berri bat eskainiz. Genero bakoitzeko ikus-entzunezko onenetarikoak ikusteko aukera eskaintzen du plataformak, eta edozein gailutan ikusi daitezke filmak, hala nola, telebistan, ordenagailuan, tabletean edota sakelakoan.

Tolosako Udalaren bitartez harpidetuz gero, lehen hiru hilabeteak doan izango dira, baina harpidetza egiterakoan ezinbestekoa izango da kreditu txartelaren datuak ematea. Harpidetza edozein unetan eten ahalko da, baita doakoa izango den epean ere. Interesa duenak helbide honetan egin dezake harpidetza. 

Tolosako kultura Youtuben

Bestetik, Tolosako Udaleko Kultura, Festak eta Gazteria sailak kanala ireki du Youtuben, sailaren baliabide guztiak herritarren eskura jartzeaz gain, Tolosako kulturaren inguruan sortu diren bideo guztiak leku bakar batean bilduta eskaintzeko.

Tolosari buruz hainbat egilek sortu dituzten ekoizpenak biltzen dira kanalean, eta gai ezberdinekin lotutako 20 erreprodukzio zerrenda osatu dira oraingoz: Inauteriak, San Joan jaiak, musika, literatura, artea, Ahoz Aho jaialdia, Tolosandblues, irudi historikoak, Tolosako Abesbatza Lehiaketa… Denborarekin, erreprodukzio zerrendak osatzen eta zabaltzen joango dira.

Herriaren inguruan sortzen diren ikus-entzunezko kulturalen bilduma bat egitea da helburua, bilduma hori antolatu eta herritarrei modu ordenatu batean eskaintzeko. Guztira 400 bideotik gora bildu eta sailkatu dira Tolosa Kultura kanalean.

Bestalde, gogorarazi dute eFilm ikus-entzunezkoen streaming mailegurako plataforma ere eskura dutela liburutegi publikoetako erabiltzaileek, milaka film, film labur, telesail eta abar ikusteko. "Nabarmentzekoa da eFilm katalogoaren barruan zine espainiarrak, europarrak, independenteak eta klasikoak duen garrantzia", nabarmendu dute sailetik. Guztira, 20.000 film baino gehiago ikusi daitezke plataforma honen bidez.

Musika Eskola, etxeko leihotik

Azkenik, Eduardo Mocoroa Musika Eskolak deituta, azken larunbatetan, musika emanaldi bereziak egiten ari dira balkoietan bertako ikasleak, Etxeko Leihotik izeneko egitasmoaren barruan. Besteak beste, Ixil-ixilik eta Galtzaundi abestiak eskaini dituzte, baita Txantxibiri, Saltzen saltzen eta Begiak parrez parrez abestiekin egindako nahasketa ere.

Aste honetarako El reloj abestia aukeratu dute, garaietara egokituz, eta bereziki aitona-amonei eskaintzeko, haientzat abesti ezaguna delako. Beraz, larunbat honetan ere, 17:00etan egingo dute saioa, Tolosako etxeetako balkoi eta leihoetan. Horretarako, hainbat instrumentutarako egokitu dituzte partiturak eta ondorengo estekan eskuratu daitezke: Etxeko Leihotik.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!