Koronabirusaren pandemiak eraginda, eta behin alarma egoera ezarrita, herriko behar sozialei nahiz asistentzialei erantzun bat emateko sortu zen hasieran Auzolanean Tolosa talde eragilea. WhatsApp bidez zabaldutako mezu batek elkartasun sorta ederra jaso du bueltan. 200 boluntario baino gehiagoko multzoa osatzea lortu da. Horietatik dozena erdi bat antolatzaile modura aritzen dira, talde motorrean. Horietako bat da Nerea Elosegi tolosarra. «Bilerak egiten, mezuak, eskaerak eta proposamenak jasotzen eta erabakiak hartzen ari gara etengabe. Ez da eguneroko lana soilik», dio.
Beharrak identifikatzen dituzte talde motorrean, eragileei egindako telefono deien bitartez. Boluntario taldean partekatzen dira behar horiek, eta gero, azpi-taldeak sortzen dituzte, talde motorrarekin paraleloki funtzionatzen dutenak. «Oraingoz, 4-5 talde ditugu, gai desberdinak lantzeko. Beren profil profesionalagatik edo interesengatik sartzen dira boluntarioak talde batera edo bestera. Talde horietako bakoitzean talde motorreko kide bat dago, bertan hitz egindakoa jaso eta ikuspegi orokor bat izateko». Hasieran, egunero elkartzen ziren talde motorrekoak; orain astean lau aldiz. «Gure zaintza lehenestea erabaki genuen, kontua luzerako doalako».
Akta batean biltzen dute batzar bakoitzean hitz egindakoa, eta publikoki zabaltzen dituzte dokumentu horiek, boluntarioek gainbegiratu ditzaten. «Argi utzi nahi dugu gurea boluntarioen eskutik sortutako herri mugimendua dela. Izan ere, herritar asko dira udaletxeko ekimen batekin nahasten dutenak», dio.
Taldean sartzeko izena ematen duen boluntario bakoitzak taula bat osatzen du bere datu pertsonalekin, eta auzoka edo guneka sailkatzen dira, identifikatuta izateko. Gainera, orain arte bildutako informazio orokorra eskura jartzen zaio. «Zortzi gunetan banatu dugu herria. Oro har, gaztea da taldea, eta Larramendi auzokoak eta Alde Zaharrekoak dira gehienak».
EKARPENEI, ERANTZUNAK
Boluntarioen ekarpenekin zerrenda osatzea izan zen talde motorraren lehen egitekoetako bat, eta orain arte, ekimen ugari egin dituzte, eragileekin elkarlanean. «Batetik, erosketak etxeetara eraman dira Gurutze Gorriaren laguntzaz. Gainera, kartelak itsatsi dira kaleetan, elikagaiez betetako kamioiak husten lagundu dugu, eta herritarrei maskarak banatu zaizkie». Ikastetxeetako egoeraren diagnostiko bat ere egin dute, eta identifikatutako kasuak Udaleko Parte-hartze Sailari helarazi ostean, elkarlanean landu dute irtenbidea. «Ikasleei interneterako gutxieneko konexioa ezarri zaie etxean, eta aste honetatik aurrera, eskura izango dituzte behar dituzten baliabide guztiak. Horrez gain, boluntario bakoitzari ikasle bat esleitzea erabaki genuen, jarraipena egin, eta ikasleek ere erreferentzia bat izan dezaten».
Dagoeneko Gipuzkoako zaintza sarearen parte ere bada Auzolanean Tolosa taldea. «Probintziako herri handienak sartzen dira bertan, datu-base bat egin da guztien kontaktuekin, gai komunak landu, eta irisgarritasun handiagoa lortzeko asmoz. Haur eta nerabeen eskubideak mahai gainean jarri genituen, eta horretarako lan talde bat sortu da, hezkuntzako profesionalekin».
Osasun krisiari ez ezik, krisi ekonomikoari begira ere jarri dira. «Parte-hartze sailarekin batera, gainerako eragileekin elkarlanean lantzeko gaia izatea nahi dugu, herriko autonomoek, saltoki txikietako langileek eta ostalaritzan dabiltzanek izango dituzten ondorioei aurre egiteko. Zerrenda bat egin nahi da, oraingoz lokala itxita dutenekin hitz egin eta alternatibak bilatu».
TALDE PARALELOAK MARTXAN
Azpi-taldeei dagokionez, hiru talde paralelo nagusi dituzte martxan, eta 20 bat lagun horien antolakuntzan. Batetik, Etxean bai, geldirik ez izeneko programa dago. 28 Kanalak argitaratzen ditu hirugarren adinekoen mugikortasuna sustatzeko edukiak. «Harrera ona izaten ari da, eta zoriondu egin gaituzte egindako lanagatik. Orain arte lau asterako edukia bildu da; beraz, atseden txiki bat hartuko dugu».
Bestetik, Ez elikatu biruxa izenekoa dago. Elikadura burujabetzari buruzko lan bat egin nahi da, film labur bat. Gure zaintza sarea ez da epe motzerako antolatutako lan-talde bat, epe ertain edo luzera begirakoa baizik. Proiektu hau bertakoa kontsumitzeko asmoz sortu da».
Hain justu, bertakoa kontsumitzeko asmoz berrartu zuten, larunbatean, Tolosako Azoka. Auzolanean Tolosakoek ere azoka erdigunean jartzeko asmoa azaldu dute hasieratik, eta horretara bideratzen da hirugarren talde paraleloa. «Baserritarrei soluzio bat eman nahi genien, berriz ere euren produktuak saltzeari ez uzteko. Larunbatean bertan ibili ginen, eta oro har, balantze positiboa egin genuen. Hala ere, ekoizle guztiek ezin izan zuten bertan egon, adinez nagusienak direnak arrisku-taldeko kideak direlako. Beraz, horientzako ere ekarpenak egin nahi ditugu, eta lanean ari gara, baserritar guztiek aukera berdinak izan ditzaten».
Guztien artean komunitate bat osatzen ari direla dio Elosegik. «Asko dira elkartasuna erakutsi duten herritarrak, oso ondo ari dira erantzuten, eta gizartearen alde solidarioena ikustaraztea lortu dugu». Une honetan, arduradun baino boluntario gehiago dituzte. «Ezinbestekoa da sare indartsu bat sortzea, eta beraz, badugu gehiagorentzako tokia, aurrerantzean behar gehiago egongo direlako. Parte hartzera animatzen ditugu herritarrak, eta taldean ez daudenek, behar bat ikusiz gero, partekatu dezatela gurekin. Guztiok beharrezkoak izango gara, eta laguntza oro ongi etorria izango da».
MAHAIA APUR BAT HANKA MOTZ
Udaletxearekin sortutako Zaintza Sarea Tolosa mahaian dago hasieratik Auzolanean Tolosa taldea. Koordinazioz lan egitea ezinbestekoa zela ikusita, 8-9 eragilek osatzen dute mahaia, besteak beste, udal ordezkariek, Gurutze Gorrikoek eta DYA-koek, Babes Zibilak, Adinkide programak eta Peñaskal kooperatibak. Udaleko ordezkari politikoak eta teknikariak (gizarte zerbitzuak, berdintasuna eta gobernantza) mahaian izan dira hasieratik, baina arrazoi desberdinengatik, politikariek mahaia uztea erabaki zuten. Horregatik, “mahaia apur bat hanka motz geratu dela” dio. “Ordezkari politikoekin genuen komunikazioa eta harremana etenda geratu da, lehen zuen indarra eta efizientzia galdu du, eta batik bat informatiboa da orain dugun ahalmena”.
Udaletik azaltzen dutenez, “eztabaida politikoa kanpo utzi, eta egitasmoak bere bidea egin zezan, ekimenari mesede egingo ziola ulertuta”, ordezkari politikoak taldetik ateratzea adostu zen. Teknikarien bitartez, udaleko babes eta koordinazioa du taldeak, haiek direlako, egunero, Prebentzio Mahaian Zaintza Sarearen jarraipenaren berri ematen dutenak”. Elosegiren ustez, “herriaren eta herritarren ikuspegi orokorragoa dute politikariek, baita guk baino informazio gehiago ere. Hori dela eta, mahaiak lehen zuen egitura izatea eskatzen dugu, beraiek berriro itzultzea. Teknikarien bitartez egiten da ordezkari politikoekin lotura, baina ez dut uste nahikoa denik”.
Bolondresek ez dute geldirik geratzeko asmorik. “Mahaia utzi ahala, bakarka deitu genien, eta idatzi bat bidali genien, mesedez hasierako egiturara itzultzeko eskatuz. Zinegotzi bakoitza zein gaiez arduratzen den jakinda, komunikazio kanal bat irekitzeko asmoa dugu, beraiek informazioa eta erabakiak hartzeko eskumena dutelako”. EH Bilduko Andu Martinez de Rituertok elkarlanean jarraitzeko asmoa azaltzen du. “Komunikazio kanal hori bizirik mantendu nahi dugu, funtzionamendua ahalik eta onena izan dadin. Ahal dan neurrian, proposamenak gainerako ordezkariei helarazten jarraitzeko asmoa dugu”.