«Burujabetza energetikorako urrats bat da»

Jon Miranda Labaien 2020ko api. 24a, 18:52

Iñaki Olaetxea eskuinean Goienerrekin hitzermena sinatzeko orduan. ATARIA

Ikastolaren Usabal eraikineko teilatuan eguzki instalazio fotovoltaikoak jarriko dituzte laster eta horri esker, energia berriztagarrien sorkuntza eta baliabideen zentzuzko erabilera bultzatuko dituzte, elektrizitate gastua murriztuz. Iñaki Olaetxeak, Laskorain ikastolako kudeatzaileak erabakiaren nondik norakoez mintzatu da.

Ikasturte hau bukatzerako jarriko dituzte plaka fotovoltaikoak Laskorain ikastolan eta proiektuarekin «ilusionatuta» daudela dio Iñaki Olaetxea Amonarriz (Tolosa, 1978) kudeatzaileak. Orain ikastolan abiatzen dena, beste eragileek jarrai dezaketen bidea dela uste du.

Aspalditik al da Laskorain ikastola Goiener kooperatibako bazkide? 

Duela bost urte inguru Ikastolen Elkartetik Goiener ekimena aurkeztu ziguten eta ikastoloi bertako bazkide egitera animatu gintuzten. Goiener kontsumo kooperatiba bat da, energia berriztagarria merkaturatzen duena eta Hego Euskal Herrian aritzen da. Euskaraz funtzionatzen du eta haiekin harremana egin genuenean erabat profesionalak iruditu zitzaizkigun. Gure filosofiarekin bat egiten zuela ikusita erabaki genuen bazkide egitea.

Zer da Goienerrek Laskorain ikastolari orain arte eskaini diona?

Kooperatibako bazkide izanda energia berriztagarria saltzen zigun orain arte Goienerrek. Aurten, ordea, Espainiako legedian aldaketa bat egon da eta energia sorkuntzaren inguruan autokontsumoa bultzatzeko aukerak zabaldu dituzte. Goienerrekoak harremanetan jarri ziren gurekin proiektu bat bazutela eta bost ikastolekin lantzea gustatuko litzaiekeela esanez.

Energia era banatuan sortzeko ekimena da mahai gainean jarri zizuetena?

Bai. Proiektua azken batean da, ikastoletako teilatuetan energia berriztagarrien sorkuntza sustatzea. Tutera, Etxarri Aranatz, Bermeo eta Gasteizko beste lau ikastolekin batera sartu da proiektuan Laskorain. Azken batean energia sortu eta autokontsumoaren bitartez, ikastolok energia fakturan aurrezpena izango dugu modu horretara. Gainera, energia soberakina Goienerreko gainerako bazkideen artean banatu ahal izango da.

Kalkulatu al duzue zenbat energia sortuko duzuen ikastolan jarriko diren plaka fotovoltaikoekin? 

Aurreikuspen bat besterik ez da, baina urteko produkzioa bataz beste, 65.026 kWh-koa izango dela uste dugu. Kalkulatzen da urtean 140 etxeetako batez besteko energia kontsumoa estaltzeko adina dela. Kontua da, uztaila eta abuztuan ikastola ia ez dela funtzionamenduan egoten eta eguzkitik energia gehien sasoi horretan jasotzen dela. Orduan soberan dugun energia hori inguruko Goienerreko bazkideen artean banatuko da. Horrela zirkulu guztia osatu eta sortutako energia guztiari erabilpena emango zaio. Probetxua aterako diogu, ez da ezer alperrik galduko.

Nola finantzatuko da proiektu hau?

Oso interesgarria egin zaigu Goienerreko jarduteko era, zentzu horretan. Ez die mailegurik eskatzen entitate finantzarioe, bazkideek egiten dute ekarpena. Bost ikastola hauetarako inbertsioa egiteko 400.000 euro behar ziren eta bazkideen artean bildu da diru hori. Astebetean biltzea lortu zen gainera. Bazkideok kooperatibaren proiektuetan inbertitzeko modua dugu, urteroko mozkina jasotzeko aukerarekin, gaur egun %2ko interesarekin.

Zenbat plaka fotovoltaiko jarriko dituzue eta non zehazki?

Sakramentinoetako eta Usabalgo eraikinak aztertu ziren eta azkenean ikusi zen Usabalgoa zela egokiena. Batxilergoko eskolak ematen diren horretan dagoen teilatua aproposa denez, bertan 181 modulu jarriko dira. Usabalen behar dugun energia sortuko da plaka fotovoltaiko horien bitartez.

Energia zuek sortu, zuek kontsumitu eta soberakina partitu. Energia berriztagarria da gainera, garbia. 

Bai, horrela da. Eguzkiaren energia erabiliko dugu eta CO2 murrizpen handia ekarriko du horrek, 621 zuhaitzek urtean xurgatzen dutena adina. Esan dugun bezala energia soberakina inguruko bazkideen artean banatuko da eta energia bera garraiatzeak dakarren kutsadura murriztu eta bidean egoten diren galerak aurrezteko aukera egongo da. Baina, horrekin batera, modu lokalean eta herritarren parte hartzearekin gauzatuko da proiektua eta hori ere azpimarratzekoa da. Instalazioa egingo dutenak inguruko gremioetako langileak izango dira.

Pedagogikoki baliatuko al duzue proiektu hau ikastolan?

Bai. Hezkuntza erakunde bat garen neurrian, ikasleekin tailerrak egingo ditugu. Energiaren sorkuntza iturriez maila teorikoan azalpenak emango zaizkie ikasleei baina gero beraiek izango dira informazio bilketa hori egingo dutenak: instalazio horietatik zenbat energia lortzen dugun eta ikastolan zenbat kontsumitzen dugun neurtu beharko dute. Helburua bikoitza baita, energia gehiago lortzea bai, baina baita kontsumoa murriztea ere. Hurrengo ikasturteari begira, gustatuko litzaiguke jardunaldi ireki batzuk antolatzea ikasleek beraiek azaldu diezaieten eskualdeko beste erakunde eta eragileei zein emaitza izan dugun ikastolan. Ikasleak ahalduntzea da proiektu honen beste parte bat, eta helburua da irakasle eta gurasook azalpenak haien ahotik jasotzea.

Aldagai sozial hori ere badago proiektuaren atzean, akaso, beste hainbat esparrutara ere esportatu daitekeena.

Bai, ados nago. Uste dut modu lokalean burujabetza energetikorako urrats garrantzitsu bat dela. Askotan Agenda 21 eta beste proiektu asko marko teorikoan geratzen dira eta iruditzen zaigu hau ariketa praktiko bat dela Tolosan bertan tolosarrok egin dezakeguna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!