Koronabirusa

Maskara erraldoia

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Iturbe 2020ko api. 24a, 15:37

"Izatekotan, bizkarrez" erantzun nien eta bizkarrik eman gabe onartu zidaten baldintza. Ibairi bururatu zitzaion antiojoak ezertarako behar ez diren tokian jartzearena. Grazia egin zidan. Begien aurrean daukazue emaitza.

Eta gero mundua aldatu zen. Edo munduari begiratzeko modua. Edo munduan ibiltzekoa.

Orain zortzi Izarnek balkoiz balkoiko pentsamendu katea eraiki zuen bezala, nik ere kateatu nahiko nuke argazki berria gaur egungo egoerarekin, eta esan, kutsakortasunari aurre egiteko ez dagoela bizkarra ematea baino modu aproposagorik. Baina argazkia atera genuen egunean birusak eta etxealdiak urrutiko melodia ziren, maskarak ekialdeko jendearen beldur neurrigabearen erretratu. Bagenekien bazebilela. Bagenekin bazela. Han. Gu argazkiak ateratzeko geratu ginen goiz batez.

Kateatu nahiko nuke argazki berria gaur egungo egoerarekin, eta esan, kutsakortasunari aurre egiteko ez dagoela bizkarra ematea baino modu aproposagorik

Eta gero mundua aldatu zen. Azkar. Geure mundua. Axola zaigun mundua bakarra da. Eta ez ditu kilometro asko. 

Ez nion inori bizkarra eman nahi, noski. Argazki hau ez da emakume kapritxoso, setati, sinoti eta egoskor baten argazkia. Edo beharbada bai. Baina argazkietan ez agertu nahia ez da behintzat ezaugarri horien ondorio. Hitzen eraginkortasuna lehenetsi nahi duen pertsona baten argazkia da. Hitzek irribarrea edo salaketa, hausnarketa edo iraina euren gain hartu eta noranahi kutsatzeko ahalmena dutela sinistu nahi duen pertsona batena. Hitzek gerturatzen gaituztela uste duen batena. Eta hitzak idazten dituenaren aurpegia erakusteak, hitzak distortsionatu egiten dituela defendatzen duen batena. Hitzek zer eta nola, nork baino garrantzitsuago beharko luketela esaten duen batena.

Eta gero mundua aldatu zen. Eta orain, ez dakit zer egin: ez dakit goibeldu egin behar ote dudan denboraldi batean inoren aurpegia aurrez aurre eta gertutik ikustea ia ezinezko izango dela pentsatuta, edo poztu, egoera berrian ere tematuta jarraitzen dudalako hitzak aurpegiak baino garrantzitsuagoak direla esaten. (Iruditzen zait ia edonork sina dezakeela azken baieztapen hau egunotako esperientzien ondoren: dozena erdi bideo-dei nahikoa dira horretarako. Grazia egiten dute. Aspaldi ikusi gabekoak parean! Ze emozio! Ze ilusio! Bakoitzaren txoko ezezaguneko zati harrigarriren bat deskubritzen duzu. Baina benetan lortu al du inork noizbait pulamentuzko zerbait esatea begien aurrean pantaila aurpegiz beteta duela? -konexioaren gorabeherei buruzko kontu argigarriez aparte, esan nahi dut-).

Hurrengoan, hala ere, argazkiak hemen jarraituko du. Maskara erraldoi modura. Hitzak kutsatu gabe irakur ditzazun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!