Lekuko diren 'ez-lekuez', kantuan

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko api. 23a, 05:59

'Lekuak leku' single berria kaleratu du Postal Kolekzionistak taldeak; «lehenak baino talde izaera handiagoa» izango duen diskoa aterako dute udazkenean, eta haren erakusgarri da.

Bi mila eta hemezortzian sortu zen Postal Kolekzionistak taldea, eta iaz kaleratu zuten Azken gaua hirian izeneko diskoa. Lan horrek harrera «ona» izan duela dio Iñigo Asensio taldeko kideak. «Arrakasta ezin dut parametroetan neurtu, baina jendeari asko gustatu zaio, eta gu ere oso gustura gaude. Hasieran ez nuen garbi ikusten kontzertuen ideia, bai abestiak sortzearena, baina behin taldearen dinamika ikusita, diskoa grabatzea zen helburu nagusia. Lehen zuzeneko emanaldiarekin oso gustura geratu ginela jakinda, saio gehiago lotzen hasi ginen».

Hain justu, duela urtebete hasi ziren kontzertuen egitarauarekin, eta besteak beste, Leidorren, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eta Donostiako Tabakaleran eskaini zituzten. «Saio aproposak izan ziren, espazioaren baldintzengatik eta publikoaren jarreragatik». Maiatzean Orion ziren jotzekoak, eta orain dena aldatu den arren, lasai daude. «Ez dugu pila bat jotzeko gogo eta beharrik, errealistak izanda, helburua ez da 40 kontzertu egitea».

Bi urte hauetan, taldea dezente aldatu dela aitortzen du Asensiok. «Batez ere, Irene Lopez teklatu-jotzailearen presentzia handiagoa da orain. Gehiago ezagutzen dugu elkar, eta azken hilabeteetan ere gehiago entseatu izan dugu; proiektuak talde izaera handiagoa du orain, multzoa indartuago dagoelako. Gainera, lagun askok esan didate, soinua indartsuagoa dela orain».

KONTZEPTU ANTROPOLOGIKOA

Lekuak leku izeneko singlea kaleratu berri du taldeak. Kantuaren izenari buruz galdetuta, “ez-lekuei buruz ari da, antropologo frantses batek izendatutako kontzeptu bati egiten dio erreferentzia», dio Asensiok. «Gaztelaniazko 'no lugares' kontzeptutik dator, eta itzulpenak poesiarekin eta hitzekin jolasteko aukera ematen duelako hautatu nuen».

«Lekuak leku ez diren lekuak» esaldi oso polita iruditu zitzaion Asensiori, kontzeptua bera azaltzeko. «Inor ez da bertakoa, inork ez du sustrairik botatzen, baina hutsuneak daude, ez dagoelako ez etxe, ez lur, ez aberri kontzepturik, eta autobus geltokiak, aireportuak edota treneko bagoiak daude, eta horietan gainera, jendearen joan-etorriak».

Egun bizi dugun ezohiko egoeran, edozein kale ez-leku bat izan daitekeen arren, lehendik ia osorik idatzita zuen abestia, joan-etorri horien lekukotzarekin. «Letrak, ordea, testuinguruz aldatzeko lizentzia hartu du orain, eta zeharka bada ere, egungo egoerarekin jolasten da. Esaterako, une batean, geltoki batean agurtzen den pertsona batez ari da kantua, agurraren min horretan edo datorrenaren esperantzan. 'Leihoaren kontra jarriko duzu burua eta lurrunak bustiko dizu laster aurpegia' dio letrak. Egun, baina, burua etxeko leihoaren kontra duen pertsona bat irudikatuko dute askok».

Singlearekin batera, bideoklip bat ere kaleratu dute. Irudietako batzuk, bere disko gogorreko bideoetatik aukeratu ditu Asensiok. «Asko nituen, baina ez ziren nahikoak. Beraz, hainbat bideogileren irudi ederrekin osatu dut». Eurekin harremanetan jarri, eta eskubideak erosi zizkien. «Kantuaren narrazio bat egitea zen asmoa, mundu osoko biztanleen irudiekin».

Abestia konfinamenduan grabatu badute ere, kontzertuetan ere jo izan dute, baina letra desberdinarekin, bukatu gabe zegoelako. «Saioa amaierara heltzerako abestu izan dugu, eta beraz, inprobisatzeko aukera handiagoa genuen. Leidorren lagun eta ezagunei egin genien erreferentzia. Gasteizen, berriz, saharar herriaren elkartasunari, beraien aldeko festa zelako; Lau teilatu kantuaren letra sartu genion».

BANDA IZAERA HANDIAGOA

Bizitzan emozionalki une ugari ditugula dio Asensiok. «Konfinamendua gure bizitzetako bizipen dramatiko eta indartsuena izango da, seguruenik. Salbuespeneko egoera da, beraz, arriskutsua izan daiteke honi buruz kantuak idaztea. Ez dut uste garai egokia denik, niri behintzat gorputzak ez dit eskatzen, eta beldur handia ematen dit. Horretarako bizi ere egin behar da, eta orain, egoera mugatuan bizi gara. Nire kasuan, gainera, nahiko bat-batekoa izaten da abestiak sortzeko prozesua. Akaso, garai ona izan daiteke instrumentu berriak probatzeko».

Alarma egoeran egonda ere, taldearen ekoizpen prozesuak ez du etenik, eta bigarren diskoa da hurrengo erronka nagusia. Bagoi hutsak izena izango du, eta ondo bidean, udazkenean kaleratuko dute. «Kantu gehienak idatzita daude eta gainerakoen letrak eta melodiak buruan ditut; batzuk indartsuagoak dira, aurreko diskoan bezalako planteamendu intimistagoak ere izango dira, baita instrumentu berriak ere, besteak beste, akordeoia eta mandolina. Oro har, aurrekoak baino banda izaera handiagoa izango du, prozesua ere naturalagoa izaten ari delako».

Egoerak erabakiko duen arren, udan grabatzen hastea espero dute. Aurreko diskoan egin bezala, honetan ere kolaboratzaile bereziak izatea gustatuko litzaioke Asensiori. «Diskoa lagunekin elikatzea eta elkarbanatzea oso egokia dela» iruditzen zaio. «Haizezko instrumentuak izango dira, eta buruan dudan abesti baterako ere soka konponketak egiteko Xabier Zeberiorekin hitz egitea pentsatzen nuen. Horrez gain, abeslariren bat ere sartuko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!