Koronabirusa

«Ederra da musikaren bidez ezohiko isiltasun bortitz hau nabarmentzea»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko api. 23a, 19:38

Dagoeneko ohitura bihurtu da. Egunero, 21:00etan, musika eta irudia uztartzen dituen saio magikoa eskaintzen du tolosarrak, Aroztegieta kaleko bere balkoitik.

Osasun-langileei ematen zaien txalo zaparradaz gain, tronpetak, gitarra elektrikoak, biolinak edota etxeko edozein tresna baliagarri bihurtu dira tolosarrentzat, konfinamendua arintzeko. Herriko balkoiak musikaz betetzen dira arratsaldeetan; gehienetan, gainera, inauterietako doinuak entzuten dira. Besteak beste, Iurre, Alliri, Izaskun edota Larramendi auzoetan aritzen dira musikariak. Aroztegieta kalean ere azaldu zaie artista propioa: Ion Arruebarrena Altuna saxofoi jotzailea.

Zergatik hasi zinen balkoian saxofoia jotzen?

Koronabirusaren pandemia hona heldu aurretik, beste herrialde batzuetako bideoak zabaltzen hasi ziren, eta horien artean, balkoietan jendea musika jotzen ere agertzen zen. Gizartean behar bat somatzen zela zirudien, eta agian gu ez ginen kontziente oraindik. Ekintza interesgarriak iruditu zitzaizkidan, nahiz eta nire burua horrelakoak egiten ez irudikatu. Egoera kaotiko guzti honek beldur handia sortzen zuen, eta beldur hori gizartea kontrolatzeko tresna bezala erabili izan da askotan. Horregatik, elkartasuna eta enpatia beharrezkoak dira beldur horri aurre egiteko.

Modu honetan, musika eta adierazpen artistikoak komunikazio erreminta oso garrantzitsuak dira, jendearen barreneraino heltzeko erraztasun handia dutelako, eta zentzu horretan, laguntza bat izan zitekeela iruditzen zitzaidan. Errespetu apur bat ematen zidan isiltasun bortitz hartan balkoira saxofoia jotzera ateratzeak, alde bakarreko ekimen bat zelako eta ez ohiko kontzertu bat, baina lagun on batek animatu ninduen, eta azken bultzada bizilagunei asper-asper eginda zeudela entzutea izan zen.

Hasi eta berehala, gainera, ohartxo bat jaso zenuen.

Bizilagun batek pintzekin lotutako ohartxo bat bota zidan balkoira. Sorpresa ikaragarria izan zen, eta sekulako ilusioa egin zidan. Egun horretan, egunero ni entzutera ateratzen zen Joxe izeneko beste bizilagun batek 68 urte betetzen zituela eta, saxofoia joz zoriontzeko eskatu zidan. Ez nuen zalantzarik egin, eta Joxe izenarekin erlazioa zuten hiru abesti elkarlotu nituen. Ohartxo hartan asko disfrutatzen zutela ere esaten zidaten, eta egunak alaiagoak egiten nizkiela, eta horrek jotzen jarraitzera animatu ninduen.

Jende gehiago zoriontzea ere egokitu zaizu.

Hortik aurrera, ezagun gehiagoren mezuak jaso ditut, beraien gertuko senitarteko eta lagunak zoriontzeko eskatuz. Ditxosozko isolamendu egoera honetan zoritxarrez ez dira posible hain beharrezkoak diren familia edota lagunen arteko bilkurak, eta ekimen hauek itxialdi hau goxatzeko modu bat ere badira. Zoriontze modu ezberdinak egin ditut, lagun bat zuzeneko bideodei baten bidez zoriondu nuen behin, beste batzuetan Zorionak zuri abestiaren zatitxoak txertatu ditut beste kantuetan…

Duela gutxi ama eta aitaren urtebetetze egunak izan ziren elkarren jarraian, eta arreba Ametsek pianoaz eta gitarraz grabatutako bideoak proiektatu nituen kultur etxeko fatxadan saxofoia hauen gainetik joz, bilobaren bideotxo bat ere sartu genuen Zorionak zuri xilofoiarekin joz. Zenbaitek ere esan didate zoriontze bideo hauek «birziklatu» dituztela gertukoak zoriontzeko eta pozgarria da hori.

Egunero jotzen duzu, ezta?

Bai. Hasieran, txalo zaparradaren ondoren hasi nintzen, lehen lerroan lanean ari direnei eskerrak emateko asmoz. Geroz eta gehiago gara orain jotzera animatu garenak, gizakiok izaki sozialak gara eta beharrezkoa dugu interakzioa. Oso gauza polita da, festa giro sanoa sortzen baita. Saxofoi eta tronpeta doinu alaiak ere entzuten ditut inguruko beste balkoi batzuetatik. Hala ere, beste kontzeptu bat bilatzen nuen nik, intimoagoa edo. Oro har, mezu positiboak transmititzen saiatzen naiz, gehienetan bertsio lasaien bitartez, baina ez beti.

Beste musikariek amaitzea itxaroten nuen, elkar ez oztopatzeko, eta gaueko isiltasun eder eta magiko horretara enfokatu nituen saioak, nahiz eta edertasun hori pixka bat arraroa den orain, apokaliptiko xamarra. Dikotomikoa ere bada, lasaitasuna eta tentsioa, tristura eta esperantza nabari direlako aldi berean. Horregatik, bortitza eta zirraragarria izaten da kaleko isiltasuna, ezohikoa egungo gizarte hiperestimulatuan, eta horren balioa azpimarratzen saiatzen naiz, oro har, melodiak bertan biluziz. Honek potentzial handia du jendearengana zuzenean iristeko, edo hori adierazten didate behintzat.

Testuinguru oso iradokitzailea da eta gogoetarako tartea eskaintzen du. Esperientzia berriak bizi ahal izateko muga dugu orain eta blokeo emozionalak oso handiak dira. Emozio horiek kanalizatzeko modu bat izan zitekeela pentsatu nuen, bai herritarrentzat, eta baita niretzat ere. Ordutegi aldaketarekin, 20:00ak aldera oraindik argi gehiegi zegoela eta, saioa iluntzera atzeratzea erabaki nuen.

Zein abestirekin animatzen zara?

Oro har, mezu positiboa, esperantza eta elkartasuna transmititzen dituzten abestiak jotzen ditut, kanpokoak zein bertakoak, besteak beste, Hallellujah, Imagine, Don’t worry be happy, Zaindu maite duzun hori, Aitormena, Negua joan da ta... Egunean zehar izaten den monotonia hori puskatzen eta sentsazio desberdinak eskaintzen saiatzen naiz, batzuetan saxoa soilki joz, eta besteetan instrumentu ezberdinen konbinaketaz atmosferak sortuz. Abesti ezagunak jotzen ditut konfinamenduan birtuala ez den interakzio soziala zaila suertatzen delako, eta modu honetan iraganeko esperientziekin konektatzea eta barneko emozioak piztea lortzen delako.

Tarteka omenaldi txikiak ere egiten dituzu.

Egunaren eta testuinguruaren arabera aukeratzen ditut abesti batzuk, eta atmosfera desberdinak ere sortu izan ditut tarteka, itsasora joan ezin dugunez, itsasoa eta ekaitzaren hotsa ekartzen saiatu nintzen, soinu efektuak Boga-boga eta Txuriko abestiekin lagunduz. Zenbaitetan irudiz ere jantzi izan dut musika, proiekzio desberdinak jarriz kultur etxeko fatxadan. Ilargi betea ikusi ezin izan genuenez,  bere irudia jarri nuen Ilargia abestia jo bitartean; Aberri egunean Mikel Laboa omendu nahi izan nuen, Errepublikaren egunean Maravillas Lamberto, eta Luis Eduardo Aute ere bai, zendu zenean.

Kasu hauetan, imajinario kolektibo horretara iristen laguntzeko osagarriak izan dira proiekzioak, eta zenbaitetan elkarlanean aritu naiz ZuZeu dendako Lidia Hernandezekin. Emandako laguntza eskertu nahi diot berari, kontzeptu musikalak gustu handiz eraman dituelako irudien mundura. Doinu hauetako batzuk kontzientziazio eta askatasun aldarrikapen txikiak ere izan dira. Orain nabarmena da itxialdia, baina lehen ere hain agerikoa ez zen itxialdi batean geunden: denbora falta, estresa, abiadura, kontrola… Gai guzti horiek badute nolabaiteko balio kultural bat, eta talde pertenentziaren ideia indartzen dute. Omenaldi hauek egitea neurri batean gu geu omentzea ere bada.

Nolako harrera izan du bizilagunengandik?

Oso ona, uste nuena baino askoz  hobea. Lehen unetik txaloak eta esker mezuak jaso ditut. Orain lasaiago ateratzen naiz jotzera. Sinbiosi moduko bat sortzen da, bueltan feedback bat jasotzen dudalako. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet bizilagun denei, eta batez ere, Marisaren Txokoa dendako Marisa Diazi, egunero bideo bat grabatu eta Facebookeko Tolosarras taldean argitaratzen duelako. Herritar askok ikusten dituzte bideoak, eta ezezagun askoren esker mezuak ere jaso ditut.

Esperientzia ederra izaten ari da. Errementari kalean dago nire etxeko ezkaratza, eta ez nituen kale honetako bizilagunak ezagutzen; ia ez nintzelako balkoi honetara ateratzen. Beraz, elkar ezagutzeko aukera ere eman digu. Bestelako ekintzak ere egiten ditugu: igandeetan bermuta hartzen dugu, bingoan jolasten dugu elkarrekin… Eskerrak eman nahi nizkieke Turbin, Zigor, Patxi, Idoia, Mattin eta Lukasi ere, beraien eskuzabaltasunagatik.

Konfinamenduan guztiok jarri behar dugu gure alea, eta nire kasuan, bereziki musikan aurkitu nuen aukera hori, emozioak ere landu behar baitira itxialdiak atrofiatu ez gaitzan. Hau guztia pasatakoan agintariek egoera honen aurrean hartutako erabakiez oroituko gara, baina baita herritarrok egindakoaz ere. Helduko da galdutako askatasun eta eskubideak kalean aldarrikatu eta berreskuratzeko unea, eta adi egon beharko dugu, bizitza debekatu digutelako, eta orain inoiz baino gehiago irudimena delako gure askatasuna.

Eta ezohiko egoera hau amaitzean, zer?

Auskalo, egoeraren normalizazio prozesua pixkanakakoa izango delako. Bitartean, behintzat, jotzen jarraituko dut. Izaskun auzoan, adibidez, plazaren bueltan, talde txiki bat sortu dute eta sekulako giroa izaten da. Horiek, agian, gerora ere jotzen jarraituko dute. Hemen, ordea, elkarrengandik urruti xamar gaude musikariak, eta oso zaila da elkarrekin jotzea. Zerbait kolektiboa egiten saiatu naiz behin edo behin, haietako batean Paristik natorren kantuarekin. Instrumentuak tartekatuz joan ginen, eta bizilagunek ere parte hartu zuten zartaginak joz. Ederra da horrelakoak egitea, kohesio soziala bultzatzen delako. Agian, arrastoren bat utz dezake, baina batek daki.

Buruan badut ideia bat, eta erakargarria izan daiteke, pandemia amaitzen denerako: plazaren batean festa herrikoi bat ospatzea, eta musikariek bertako balkoietatik elkarrekin jotzea. Egungo egoera irudikatuko genuke, baina testuinguru berri, alai eta atsegin batean.

Nolakoa izaten ari da zuretzat konfinamendua?

Denontzat da zaila maite ditugunekin egon ezin izatea. Alde emozionaletik, balkoiko esperientzia hau euskarri garrantzitsu bat izaten ari da niretzat. Alde profesionaletik, arkitekturan egoera ez da erraza, baina sorkuntzatik edo zuzenekoetatik bizi diren musikari zein beste diziplinetako artistentzat egoera are eta gordinagoa da. Formula berriak asmatzen ari dira, zoritxarrez zuzenekoak eta jende pilaketak denbora luzez debekatuta egongo direlako.

Lehen ere egoera ez zen xamurra eta egoera salatzeko greba digitalerako deialdia luzatu zen astearte eta asteazkenerako. Nik ere bat egin nuen, saxofoi saioak alde batera utziz. Une hauetan ohartzen gara kulturaren benetako balioaz, zaindu beharreko altxorra dela, eta alor guztietan kontsumo kontziente bat beharrezkoa dela mundu globalizatu honetan bizirauteko. Ezinbestekoa da erabaki estrategikoei buruzko hausnarketa, eta krisi latz hau momentu ezin hobea da horretarako, eraldaketarako, elkartasuna eta izpiritu kritikoa sustatzeko. Beraz, animo eta gora bihotzak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!