Koronabirusa

"Ez dakigu denboraldi honetan berriro jokatu ahalko dugun"

Imanol Garcia Landa 2020ko api. 21a, 19:44

Mexikon torneo bat jokatzen ari zela hasi ziren tenis lehiaketak bertan behera uzten, eta Lara Arruabarrenak azkar mugitu behar izan zuen, konfinamendua ezarri aurretik Tolosara iritsi ahal izateko.

Gurasoen etxean ari da igarotzen konfinamendua Lara Arruabarrena (Tolosa, 1992) tenislaria. Berea mundu mailako kirola izanik, oso airean dago noiz hasiko diren berriro lehiatzen.

Orain Tolosan zaude. Non harrapatu zintuen konfinamenduak?

Mexikon nengoen Irapuatoko torneoa jokatzen. Final-laurdenak jokatu behar nituen, eta goizean abisatu ziguten bertan behera geratzen zela. Beraz, entrenatzaileak eta biok ahal izan genuen lehen hegaldia hartu genuen, lehenbailehen Bartzelonara iristeko. Eta han ikusitakoarekin, autoa hartu nuen eta Tolosara etorri nintzen, berrogeialdia behintzat familiarekin pasatzeko.

Tolosara konfinamendua ezarrita zegoela iritsi zinen?

Ez, justu hasi aurretik. Ostiral arratsaldean iritsi ginen Bartzelonara, eta larunbat goizean autoa hartu eta Tolosara iritsi nintzen. Hurrengo egunean ezarri zuten konfinamendua. Beraz, justu-justu.

Eta Tolosan zer moduz daramazu konfinamendua?

Ez da egunerokoan eraman ohi dudan erritmoa, baina, beno, goizean ariketa fisikoa egiten dut, eta horrek bazkalordura arte irauten dit. Gero, bazkaldu ondoren, familiarekin tarte bat egoten naiz, kartetan edo beste jolasen batean, eta ondoren, film bat edo telesailen bat ikusi. Zortez balkoi bat badugu, eta ona egiten duenean eguzkia hartzen egon gaitezke.

Entrenatzeko zer egiten duzu?

Teniseko ezer ez. Erraketak ekarri nituen badaezpada, baina ez ditut ukitu. Bartzelonan nuena ekarri nuen, goma batzuk eta trx aparatua... Normalean gehiago egiten dut, baina konformatu egin beharko naiz daukadanarekin.

Eta zer moduz daramazu pilotarik ez jotzea?

Ezberdina da. Etxean egun guztian egotea ezohikoa den bezala. Oraingoz ezin da atera kirola egitera kanpora, beraz, ikusiko dugu.

Ez duzu ping-pongean ibiltzeko ere aukerarik?

Ez. Ahizpari esan diot egunen batean egongelan padeleko erraketekin jolasteko, baina zerbait hausten badugu, uste dut amak akabatu egingo nauela (kar, kar). Beraz, oraingoz, ezer ez.

Torneo garrantzitsuei dagokionez, Roland Garrosekin polemika dago, irailera arte atzeratu dutelako.

Tenisean hainbat antolakuntza daude, eta beraien artean komunikatzen dira. Roland Garrosek azaldu zuen irailera atzeratuko zuela torneoa, besteekin hitz egin gabe. Beraz, data aldaketarengatik baino, polemika sortu da ez duelako beste inorekin adostu.

Eta, bestela, nola duzue egutegia?

Torneo guztiak bertan behera geratu dira uztailaren 13ra arte. Horrek belar gaineko denboraldi guztia kendu digu. US Opena abuztuan da, eta ez dakit nola egongo diren gauzak ordurako, eta jokatzeko aukera izango den. Ez dakigu denboraldi honetan berriro jokatzeko aukerarik izango dugun. Tenisa mundu mailako kirol bat da: torneoak mundu osoan zehar ditugu, eta mundu osoko kirolariek parte hartzen dugu. Beraz, mundu osoan egon beharko luke egoera kontrolatuta, berriro jokatzen hasteko.

Nola irudikatzen duzu, beraz, denboraldia?

Ez dakit nola planifikatu denboraldia. Egunez egun ikusi behar da. Ez dakigu noiz hasi ahalko dugun normal entrenatzen berriro, beraz, ea nola doan garatzen hau dena eta horren arabera joango gara ikusten.

Konfinamendua iritsi aurretik, nolakoa izaten ari zen denboraldia?

Asko izorratu ninduen gelditu behar izanak, joko eta emaitza aldetik ondoen nenbilelako. Ondoen sentitzen nintzenean eta konfiantza handiarekin nengoenean iritsi da geldialdia. Baina egoera hau kontrolatu ezin duzun zerbait da, mundu guztiari gertatu zaiona, eta onartzea besterik ez da geratzen.

Garaipen batzuk izan dituzu, gainera, aurreko hilabeteetan.

Aurreko urtean lesioa izan nuen, eta ondo osatu naiz eta ez dit arazorik eman. Baina, lesioaren ondoren, kezka nuen ea nola moldatuko nintzen, eta azkenean gustura aritu naiz eta binakako hiru txapelketa irabaztea lortu dut: Alemanian, Seulen eta Valentzian.

Orain berriro entrenatzaileekin zaude , tarte batean bakarrik aritu ondoren.

Azaroan, denboraldi-aurrea hasteko, bi entrenatzailerekin hasi nintzen lanean, Lourdes Dominguez eta Ana Alcazar, eta ordudanik beraiekin nago, eta oso gustura, gainera.

Espainiako selekzioarekin Federazio Koparen finalera iritsi zinen, baina ez duzue jokatu ahal izan.

Aspaldidanik lortu nahi genuen finalera iristea, eta lortu ondoren, egoera honek eragin du finala ez jokatzea. Ez dakigu zer gertatuko den, beste data bat jarriko duten, edo beste erabakiren bat hartuko duten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!