Indarrak batzea eta eragile ekonomiko guztiekin harreman estua izatea ezinbestekotzat jo ditu udal gobernuak koronabirusak sortutako, krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari aurre egiteko. Krisia hasi zenetik, Tolosa&Co elkartearekin erabateko elkarlanean aritu da Merkataritza, Azokak eta Turismoa Saila. Irekita egon diren saltokien zerrenda kontuan izanik, bete beharreko segurtasun neurrien aholkularitza eskaini da, elkartekide zein Tolosako merkatari guztien kontsultak artatu dira, eta zalantzak argitu eta aholkularitza eskaini da, aldi baterako enplegu-erregulazio espedienteak bideratzeko.
Une honetan, elkartearekin lankidetzan, proposamen eta neurri berriak lantzen ari da departamendua, hala nola, diru-laguntza lerroak, saltokiak irekitzen direnerako bete beharreko segurtasun eta prebentzio neurriak, eta etxez etxeko salmenta zerbitzua, www.gogoko.eus webgunearen bitartez. “Herritarren babesa bermatzen jarraitzearekin batera, une honetan, biziberritze sozio-ekonomikoa sustatzea da gure lehentasun nagusia”, nabarmendu du Olatz Peon alkateak.
Gauzak horrela, 2020ko aurrekontuak testuinguru eta behar berrietara egokitzen hasi da udala, lehentasunak aldatu egin direlako. Halaber, Hiri Ekonomiaren Mahaia martxan jarri da, egoeraren diagnosi bateratua egin eta krisiari aurre egiteko plana sektore guztietako eragile ekonomikoekin garatzeko. “Krisiari aurre egiteko plana garatzeko, lehenik eta behin egoeraren diagnosia egitea ezinbestekoa da, neurriak eta proposamenak beharren arabera lantzeko; eta lanketa hori, ezinbestean, herriko eragile ekonomikoekin egin behar dugu”, azaldu du Peonek.
Joan den ostiralean, hilak 17, bildu zen lehen aldiz Hiri Ekonomiaren Mahaia, eta aurrerantzean astero biltzeko asmoa du, diagnosi partekatua egin eta krisiari aurre egiteko plana elkarlanean garatzeko asmoz. Peonek adierazi duenez, “sektore bakoitzaren errealitatea, zailtasunak eta beharrak gertutik ezagutzea izan zen lehen saioko helburua, krisiari aurre egiteko plana lantzen hasteko. Bai orain, baita datozen hilabeteetan ere, beharrezkoa da guztiok batera eta indarrak batuta, modu planifikatuan eta norabide berean lan egitea”.
Ondorioz, tokiko merkataritza eta ostalaritza establezimenduen, zein zerbitzuen sektoreko autonomoen informazioa eguneratu nahi ditu udalak datu-base batean, harreman zuzenagoa, azkarragoa eta eginkorragoa izateko. Horregatik, udaletik, diagnosi horren baitan sortutako galdetegia osatzeko eskatu diete langileei. “Funtsezkoa da, herriko saltoki eta establezimendu guztien egoeraren berri izan dezagun, neurriak eta laguntza lerroak egungo errealitate eta beharretara egokitu ditzagun” gaineratu du Peonek.
Hortaz, webgunean jarri da galdetegia, merkatari, ostalari eta autonomo guztien eskura. Bestela, edozein zalantza izanez gero, merkataritza@tolosa.eus helbidera idatzi edota 943 697 521 telefono zenbakira deitu dezakete herritarrek, astegunetan, 8:00etatik 14:00etara.